Noiz sortua: 2016-11-29 00:30:00

Nafarroako Parlamentuak Altsasuko atxilotuen senideak hartuko ditu

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak egin dute eskaera. Ostiralean izango da saioa
Altsasuko gertaeren harira atxilotutakoen senideak, larunbatean egindako manifestazioan.
Altsasuko gertaeren harira atxilotutakoen senideak, larunbatean egindako manifestazioan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Hodei Iruretagoiena -

2016ko azaroak 29
Nafarroako Parlamentuan beren egoera azaltzeko aukera izango dute Altsasuko (Nafarroa) gazte auzipetuen senideek. Gobernua osatzen duten lau indar politikoen ekimenez, bozeramaileen mahaian onartu dute agerraldia, eta gainerako alderdiek ere ez dute aurkako botorik eman. Ostiralean izango da lan saioa, eta Altsasun urriaren 15eko goizaldean gertatutako liskarren harira Espainiako Auzitegi Nazionalak auzipetu eta espetxeratutakoen senideek hartuko dute parte.

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak sustatutako agerraldiaren aurkako jarrerarik ez zuten erakutsi atzo UPNk eta PSNk, baina Uxue Barkosen gobernuaren jarrerarekin kritiko agertu zen UPNko parlamentari Carlos Garcia Adanero. Atxilotuen senideak hartzeko «inongo eragozpenik» ez dutela esan zuen Garcia Adanerok, baina gobernuko ordezkariek larunbatean Altsasun egindako manifestazioan parte hartu izana salatu zuen, han atxilotuak aske uzteko eskatu zutela argudiatuta: «Eraso bat gertatu denean, ez dirudi oso logikoa Nafarroako Gobernua erasotzaileen alde egoteak, eta ez eraso egin dietenen alde. Uste dut ez dagoela gehiago esateko; gertaerak aztertu eta epaitu ditzala bakoitzak».

Antzerako kritikak egin zituen PSNko parlamentari Ainhoa Unzuk ere; gobernuak larunbateko mobilizazioan parte hartzea botere politiko eta judiziala «nahastea» dela adierazi zuen. Haiek baino gogorrago mintzatu zen PPko Ana Beltran, eta auzipetutakoen senideak parlamentura eramanda auzia «elikatzen» jarraitzea leporatu zion gobernuari.

Manifestazio isila izan zen larunbatekoa; Altsasu lelotzat hartuta, milaka lagunek bete zuten herria. Oposizioari erantzunez, gobernuaren presentzia defendatu zuen Geroa Baiko bozeramaile Koldo Martinezek. Gazteek ustez bi guardia zibili eta haien bikotekideei egindako erasoa gaitzesten dutela argitu zuen Geroa Baikoak, baina «terrorismo» gisa ez hartzeko eskatzen dutela esan zuen. Besteak beste, horixe aldarrikatu zuten larunbateko mobilizazioaren amaieran irakurritako agirian ere: auzia Iruñeko auzitegira itzultzeko. Martinez: «Ez ginen joan hara inoren askatasuna eskatzera, ustez auzipetutako pertsonek egindakoak terrorismo gisa ez hartzeko eskatzera baizik».

Bide beretik jo zuten Ahal Dugu-ko eta Ezkerrako ordezkariek. Laura Perezen hitzetan, auzipetuen senideek eskatzen dutena da epaiketa berme guztiekin egitea, errugabetasun presuntzioa errespetatzea eta «sen ona» gailentzea, gertaerak «terrorismo» gisa ez epaitzeko. Argudio hori nabarmendu zuen Jose Miguel Nuinek ere, eta «bakearen eta bizikidetzaren alde» egindako martxaren arrakasta goraipatu zuen.

EH Bilduko Adolfo Araizek ere garrantzia eman zion asteburuko mobilizazioari, eta hainbat hedabidek Altsasuri buruz emandako «irudi erabat desitxuratua» salatu zuen. Gainerako alderdietako ordezkariek ez bezala, Auzitegi Nazionalak behin-behinean espetxeratutako zazpi gazteak aske uzteko eskatu zuen Araizek.

Mobilizazioaren garrantzia

Nafarroako Parlamentutik kanpora ere jarraitu dute Altsasuko auziari buruzkoek. Atzo, hango alkate Javier Ollok nabarmendu zuen giro «ezberdina» nabaritu duela herrian larunbataz geroztik; Olloren esanetan, «herriarekiko atxikimendu sentimendua» indartu du mobilizazioak. Ukatu egin du, halaber, Guardia Zibilagatik «krispaziorik» dagoenik.

Atzo UPNk, PSNk eta PPk egin bezala, Nafarroako Gobernuak Altsasuko protestan parte hartu izana kritikatu zuen igandean Espainiako Barne ministroak ere. Juan Ignacio Zoidoren iritziz, izan ere, «zuzenbide estatuaren aurka» egin zuten martxa hartan: «[Espainiako] Estatuko segurtasun indarrak zerbitzari publikoak dira, eta larrua uzten dute Espainian askatasunean oinarritutako bizikidetza bat izan dezagun».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna