Enrique Etxeburua. Psikologia klinikoko katedraduna EHUn

«Buruko nahasmendu gehienek ez dute loturarik portaera biolentoekin»

'Zer erlazio dago indarkeriaren eta buruko nahasmenduen artean?' galdera artegagarria izaten da gehienetan, eztabaida arazotsu askoren motiboa ere bai sarri askotan; heldu den astean, erantzuten saiatuko dira EHUren udako ikastaro batean. Etxeburuak egin du koordinazioa.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2017ko uztailak 14
Ur handitan sartzea eskatzen du portaera biolentoen eta buruko nahasmenduen arteko harremana aztertzeak, eta bidea lohitu gabe egitea zaila da. «Hitzak oso ondo neurtu behar dira», aitortu du Enrique Etxeburuak (Donostia, 1951). Psikologia Klinikoko katedraduna da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, sona handiko aditua alorrean. Unibertsitatearen udako ikastaroen barruan heldu den astean egingo den Zer erlazio dago bortxaren eta buruko nahasmenduen artean? ikastaroaren arduraduna da.

Itaun bat hautatu duzu ikastaroari izena jartzeko. Izan ere, auzi zaila da, ezta? Baieztapenen gainetik itaunak sortzen ditu...

Bai, hasiera batean, ikastaroa proposatu nuenean, Bortxa eta buruko nahasmenduak izena jartzea pentsatu nuen; gero ulertu nuen bien arteko lotura egitea zekarrela horrek, eta ez zela zuzena. Zuzenagoa iruditu zitzaidan galdera baten bidez egitea.

Izan ere, buruko gaixoak irmo ari dira buruko eritasunak eta portaera biolentoak lotzen dituzten ikuskeren aurka. Gaixoen gaineko estigma handitzen duen zioetako bat dela diote...

Buruko nahasmendu klase asko daude; egiten diren kalkuluen arabera, populazioaren %20ak edo %25ak izango du uneren batean halakoren bat. Nahasmendu gehienek, ordea, ez dute loturarik portaera biolentoekin. Zenbait nahasmendutan ager daitezkeen arazo klaseak dira; zenbait baldintza zehatzetan, gainera, kasurik gehienetan. Aldiz, buruko nahasmendu askok dakarte eriek biolentzia jasateko arrisku handiagoa izatea: halakoen aurrean pertsona kalteberagoak izatea.

Portzentajeez mintza daiteke? Zenbat portaera biolento dira buruko eritasunen ondorio?

Oso zaila da jakiten. Ikerketa asko daude, baina lagin aski ezberdinekin eginda daude horietako asko. Ikerketa bat bada oso ezaguna, Jeffrey Swansonek egindakoa: horren arabera, buruko nahasmendurik gabeko pertsonen %2k dituzte portaera biolentoak; buruko gaitz larridunen artean berriz, —zehazki eskizofrenia paranoideaz ari zen— portaera biolentoren bat izan zezaketenak %8 zirela ondorioztatu zuen. Adierazi zuen portaera horiek ager zitezkeela, bereziki, pertsona horiek alkohola eta drogak kontsumitzen bazituzten, eta tratamendu egokirik ez bazuten jarraitzen.

Zein motibok areagotzen du buruko gaixo larri batek portaera biolentoak izateko arriskua?

Arazo larri bat da, esaterako, pertsonak gaitza ukatzea, eta tratamendurik ez hartzea. Aintzat hartu behar den beste faktore bat da pertsona horrek aurrez erasorik eragin duen; iraganak etorkizuna aurreikusten laguntzen du halakoetan. Eldarnioak dituzten pertsonei ere adi erreparatu behar zaie; bereziki, pertsegitzen dituztela sentitzen dutenean. «Hortik zelatan ari zaizkit». «Horrek hil egin nahi nau»... Badira halako eldarnioak izaten dituzten pertsonak, eta bortxa defentsiboa ingurukoei aurre egiteko erabil dezakete. Baina gauza horiek, oro har, tratamenduarekin kontrolatzen dira. Familian edo gizartean gaixoak bakartuta ez egotea ere garrantzitsua da: bakartuta dagoenak ingurukoen goxotasunaren falta izango du, eta tratamenduari atxikitzea ere zailagoa da horrela. Eta, azkenik, oso garrantzi handikoa da pertsona horiek alkohol eta drogarik ez kontsumitzea. Fase akutu batean, tratamendua utzita, eta, gainera, halakoak hartzen: benetako arriskua da hori.

Arreta soziosanitario on batekin saihestu daitezke gehienak...

Zalantzarik gabe. Biolentziarik gabeko egoerara ez gara inoiz ere iritsiko, beti egon daiteke kasuren bat. Baina tratamendua hobetuta, arta hobetzeko baliabideak jarrita, asko hobetu daiteke. Eta argi utzi behar da: pertsona horietako gehienak ez dira arriskutsuak.

Buruko gaitzak eta portaera biolentoak uztarri berean jartzen direnean sortzen den beste galdera arazotsua izaten da zenbateraino erabiltzen diren eritasun horiek hainbat portaera gaizto eta desegoki zuritzeko...

Pertsona guztiak gara, printzipioz, gure ekintza guztien erantzule. Salbuespen dira beren gaixotasunaren ondorioz portaera biolento bat izan duten pertsonak: ba, esaterako, eldarnio bati erantzun diotelako. Gerta daiteke, halakoen ondorioz, pertsona bat egiten dituenen erantzule ez izatea: pertsona horien tokia ez da kartzela, eta horientzako pentsatuta daude, hain justu, auzitegi psikiatrikoko unitateak. Pertsona horiek inputatu ezinak dira, ardura penalik ezin zaie egotzi, baina segurtasun neurri bat bai; batetik, gizartea eragin ditzaketen delituez babesteko, eta, bestetik, pertsonak errehabilitatzeko ahalegina egin behar delako beti. Demostratu egin beharko da beti, ordea, pertsona hori ez zela libre bere portaera hautatzeko.

Auzitegietan diharduten perituen artean aski ikuskera ezberdinak izaten dira usu halakoetan. Eta akusatuen defentsen estrategia sarri izaten da haien portaera buruko nahasmendu baten ondorio dela esatea...

Ez da erraza. Izan ere, epaileak ez du galdetzen akusatuak buruko gaixotasun bat duen; galdetzen du epaitzen duten jazoera gertatu zenean pertsona hori gaixotasun horren mende zegoen; eta hori argitzea oso zaila da. Ezin da esan, esaterako, pertsona bat eskizofrenikoa denik; hori pertsona estigmatizatzea da. Inor ez da eskizofreniko era berean eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan... Eta auzitegietako perituek beti a posteriori egiten dituzte ikerketak. Oso zaila da hori. Epaitegiarentzat diharduten perituek bakarrik ez dute, gainera, halakoetan esku hartzen: abokatuek bestelako peritu pribatuengana ere jo dezakete. Ordainpekoak izaten dira horiek: defentsaren interesak defendatuko dituzte. Moralgabeak direla esan nahi du? Lan negatibo bat egingo dutela? Ez. Baina eragina izaten du.

Krudelkeria handiko gertaerak ez dira, beraz, buruko nahasmenduekin lotu behar. Ados. Zeri buruz jardun behar da orduan? Gaizkia da hori?

Gaizkia bada, jakina. Philip Zimbardok berriki, 2006an, agerian utzi du Lucifer efektua liburuan. Argi utzi du buruko eritasunik gabeko pertsonek arrazoia guztiz gainditzen duten portaerak izan ditzaketela. Adibideak asko dira: eraso terroristak egiten dituzten pertsonak, herri eta hirietako festetan sexu erasoak egiten dituztenak, sarraskiak egiten dituztenak, Ruandako hilketen egileak... Gehienek ez dute buruko nahasmendurik. Zergatik jardun dute horrela? Fanatismoa egon daiteke atzean, edo ingurukoak mendean hartzeko nahia; baina ez dago diagnostiko klinikorik.

Sexu erasoak eta bikotekideen aurkako tratu txarrak eragiten dituzten pertsonak tratatzeko moduez ere mintzatuko zarete ikastaroan. Ezin daiteke gaizki ulertu? Pentsa daiteke, buruko gaitzei buruzko ikastaro batean sartuta, haien erantzukizuna apaltzera egin nahi dela, ezta?

Arrazoi duzu, gai arazotsua da. Hain justu, horrexegatik gai hori lantzen duten bi hitzaldiak arratsaldeetara eraman ditugu, buruko gaitzetatik bereizteko. Baina beti saiatu behar da pertsonen errehabilitazioa: egin duten delitua egin dutela ere. Gizartea, gainera, babestu egin behar da, kartzelatik ateratzen direnean delitu gehiago egin ez dezaten. Tratu txarrak ematen dituzten gizon gehienek ez dute buruko nahasmendurik; %10en bat egon daiteke nahastuta, eta horiek izango lirateke, demostratuko balitz, inputatu gabe gera daitezkeenak. Baina salbuespenak dira. Gainerakoen portaeraren atzean matxismoa dago, jeloskortasuna, emozioak adierazteko zailtasuna... Nolabait ere, gabezia psikologikoak dituzte horiek; baina, tira, gabezia psikologikoak pertsona askok ditugu.

Zeuk ondua da indarkeria matxista jasaten duten biktimen arrisku egoera ebaluatzeko Ertzaintzak darabilen tresna, hogei aldagaiz osatua. 2007koa da. Zer ibilera izan du ordutik?

Helburua zen salaketa bat jaso orduko horren gaineko arrisku maila ebaluatzea, eta horren araberako babes neurriak lehenbailehen hartzea: kasuaren gaineko prozedura judiziala abiatu aurretik. Bidean zer ikasi dugun? Hasieran arrisku handiko kasu asko agertzen zitzaizkigula, eta gero ez zetozela bat errealitatearekin. Eskala findu egin dugu, doitu.

Aldagai horietan bakar batek egiten die erreferentzia buruko gaitzei. Hala ere, gizon batek hiltzen du andrea, eta oraindik aipatzen da «erokeria»...

Zaila da horrelakoak errotik erauztea. Jendea harritu egiten da oraindik, adibidez, jakiten duenean mediku gazte bat, familia Opus Dei erakundetik gertukoa duena, kapaz izan dela Nagore Laffage hiltzeko, hil zuen krudelkeria guztiarekin, gainera... «Ez da normala», esaten dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna