Albistea entzun

Presoak «etxeratzeko» mobilizazioa eta elkarlana behar direla dio Sortuk

Eragile eta erakundeen artean bide orri bat adostea «lehentasunezkoa» dela nabarmendu dute
Kalera martxako partaideak, atzo eguerdian, Zarauzko malekoian.
Kalera martxako partaideak, atzo eguerdian, Zarauzko malekoian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Hodei Iruretagoiena -

2017ko uztailak 26

Espero baino beranduxeago ekin diote bideari, baina heldu dira atzoko tarteko helmugara ere Kalera martxako parte hartzaileak. Goizean, Getariatik Zarautzera (Gipuzkoa) joan dira 350 inguru, eta handik Hernanira gero, Usurbildik pasatuta —trenez egin dute Zarautz eta Usurbil artekoa—. Pausoka-pausoka, euskal preso, iheslari eta deportatuak «etxeratzea» nahi dute, Sortuko Kontseilu Nazionaleko kide Arkaitz Rodriguezek azaldu duenez: «Lehentasunezkoa da euskal preso politikoak etxeratzeko bide orri bat adostea euskal gizartean. Lehentasunezkoa da, armagabetzearekin egin zen bezalaxe, euskal eragileen, euskal instituzioen eta EPPKren beraren artean elkarlana gauzatzea».

Izan ere, Sorturen iritziz, Euskal Herrian ez da «normalizazio politikorik eta bizikidetzarik» izango Espainiako eta Frantziako estatuetan ehunka preso dauden bitartean. «Euskal gizarteak nahi eta merezi du konponbide oso bat, konponbide justu bat, konponbide iraunkor bat», esan du Rodriguezek, martxa Zarautzera iritsitakoan egindako agerraldian. Eta horrek «preso, iheslari eta deportatu politikoek etxerako bidea izatea» eskatzen du ezinbestean, Sortukoaren hitzetan.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak uztailaren 16an jakinarazi zituen barne eztabaidaren ondorioak. Besteak beste, «askatasuna eskuratzeko» bidea herritarrekin partekatuko dutela jakinarazi zuten; preso bakoitzak izango duela txosten juridiko bana, eta horren arabera eman beharreko legezko pausoak ere jakinaraziko dituztela, babesa lortzeko.

Ondorio horiek «berebiziko garrantzia» dutela azpimarratu du Rodriguezek Kalera martxan: «Hemendik aldarrikatu nahi dugu gatazkaren parte diren beste alde horiek ere nolabait ardura berberaz joka dezatela, eta haien posizioak egoki ditzatela». Euskal eragile eta instituzioekin bide orri bat adostea da helburua, eta, horretarako, herri mobilizazioa eta eragile eta erakundeen arteko elkarlana funtsezkotzat jo ditu Sortuko kideak.

«Ez dira garaiezinak»

Ez dute proposatu egin gabeko ezer. Hasiera batean Espainiako eta Frantziako gobernuek erantzun baikorrik eman ez arren, antzeko formula batek egin zuen posible ETAren armagabetzea apirilaren 8an: gizarte zibilaren, euskal erakundeen eta nazioarteko eragileen arteko elkarlanak. Rodriguezen hitzetan, «armagabetzearen aferak frogatu zuen estatuak boteretsuak direla, baina ez direla garaiezinak, inondik inora. Konbentzituta gaude herri mobilizazioarekin eta eragileen eta instituzioen arteko elkarlanaren bidez lortuko dugula euskal preso politikoak kalera ateratzea, lortuko dugula errefuxiaturik gabeko eta deportaturik gabeko etorkizun bat».

Rodriguezek adierazpenak egin bitartean, herritar eta turistei esku orriak banatzen ari ziren Kalera martxako partaideak. «Hau ez da Espainia, ezta Frantzia ere. Hau Euskal Herria da» azalduz hasten da euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez idatzitako testua. 1936ko altxamendu faxistatik gaur arteko irakurketa egin zuten hala, euskal presoen egoera azaltzeko. Martxako pankarta nagusiaren aurretik, Zarauzko euskal presoak —Ekhiñe Eizagirre eta Ekaitz Sirvent— askatzeko zioen bat eraman zuten.

Ibilaldia amaituta, ekitaldia egin zuten Musika plazan, «borrokan» jarraitzeko beharra nabarmenduz: «Gure herriak zapalduta jarraitzen du». Lehentasun gisa, aurreko «zikloa itxi» behar dela esan dute: «Beharrezkoa da blokeoa hautsiko duen herri prozesu bat martxan jartzea».

Bertan bazkaldu, eta Usurbilera joan ziren denak, trenez, ondoren Hernanirako bidea egiteko. Handik hasita, Anoeta eta Ibarra arteko bidea egingo dute gaur, eta, Gipuzkoa atzean utzi ostean, Lakuntzan (Nafarroa) amaituko dute martxa, Hatortxu Rock jaialdiarekin bat egiteko asmoz.

AVT ere, Estrasburgora

AVT elkarteak jakinarazi du euskal presoen zigorrak batzeko auzian pertsonatzeko eskatu duela Estrasburgoko auzitegian. Hiru presoren kasuetan egin du eskari hori. Haiei buruzko erabakiak gehiagori ere eragingo die.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Txabi Etxebarrieta, kontakizun partzial baten «kasu paradigmatikoena»

J. O. Urain

Txabi Etxebarrietak hil zuen ETAren lehen biktima, eta Etxebarrieta bera izan zen talde armatuaren lehen hildakoa. Esan izan da tiroketa batean hil zela, baina Bucesek 1968ko txostenetara jo du: bigarren tiroa bizkarretik eman zioten.
 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Frankismoarentzat, bi 'birus' batu ziren: abertzalea eta soziala»

Jon O. Urain

Jazarpen frankistak bereziki Gipuzkoan utzitako arrastoa aztertu du Bucesek doktorego tesian, eta hipotesi bat berretsi: askoz bortitzagoa izan zela errepresioa oposizioaren jarduera bera baino.
Idoia Mendia, atzo, Bilboko Campos batzarrean. Hunkituta zegoela antzeman zitzaion agurra iragarri zuenean, eta txaloka hartu zuten militanteek. ©MIGUEL TOÑA / EFE

Mendiak agur esan dio PSEri

Joxerra Senar

Bilbon egin den biltzarrean adierazi du ez dela aurkeztuko azaroko kongresura. Duela urtebete hartu zuen erabakia, eta Sanchezi esan zion, baina orain jakinarazi du
Idoia Mendia, Bilboko Campos antzokian egin den PSE-EEren BIltzar Ttipian ©Miguel Toña / Efe

Idoia Mendia ez da aurkeztuko PSE-EEren primarioetara

Joxerra Senar

PSE-EEren Biltzar Ttipian azaldu du duela urtebete hartu zuela «erabaki pertsonal eta politikoa» eta hala aurreratu ziola Pedro Sanchezi: «Ondoren zuek izan zarete lehenak jakiten», adierazi die militante sozialistei

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna