Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Negoziazio kolektiboaren aterkirik ez dutenen %75 emakumeak dira

Publizitatea

Ekonomia

Negoziazio kolektiboaren aterkirik ez dutenen %75 emakumeak dira

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan hitzarmenak genero ikuspuntutik landu ditu LHK-k, lehen aldiz
Bizkaiko zahar etxeetako langileen protesta. %88 emakumeak dira jarduera horretan.
Bizkaiko zahar etxeetako langileen protesta. %88 emakumeak dira jarduera horretan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2017-05-19 / Ivan Santamaria

Genero ikuspuntu batetik begiratu dio, lehen aldiz, LHK Lan Harremanen Kontseiluak negoziazio kolektiboari, hiruhilero egoera sozioekonomikoaren inguruan argitaratzen duen txostenaren barruan. Oro har, zabalpen handia izan dute hitzarmen kolektiboek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina estaldura txikiagoa du aterki horrek emakumeentzat. Hain zuzen ere, lan itun baten erreferentziarik ez duten soldatapekoetatik hiru laurden dira emakumeak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 733.000 pertsonak egiten dute lan besteren kontura. Banaketa nahiko orekatua da: gizonak dira %50,6, eta emakumeak %49,4. LHKren azterketatik kanpo geratu dira funtzionarioak eta lan legepeko beharginak. Hor bada lehen aldea. Sektore horietan emakumeak nagusi dira: %63.

Indarrean, luzatuta edo lan erreformaren ondorioz erorita dauden itun kolektiboei erreparatu die LHK-k, Gizarte Segurantzak eta administrazio publikoek emandako datuak baliatuta. Estaldura oso handia da. Soldatapekoen %90,5ek badute edo izan dute hitzarmen baten erreferentzia. Hala ere, badira genero ezberdintasunak. Gizonen artean %95,5ek dute itun bat, eta ehuneko hori hamar puntu txikiagoa da emakumeentzat, %84,8.

Alde hori, batez ere, itunik gabeko jardueren ondorio da. LHKren arabera, 60.000 soldatapeko inguru ari dira baldintzak itun bidez arautuak ez dituzten lanbideetan, batez ere zerbitzuen sektorean. Horietatik hiru laurden, 45.000 inguru, emakumeak dira. Etxeko langileena da itunik gabeko kolektiborik handiena, eta hor ia denak dira emakumeak. Ez da arautu gabeko sektore bakarra. Mediku edo albaitari kontsultetan, emakumeak gehiengo handia dira. Enpresa txikiak izaten dira, eta ez dute hitzarmenik erabiltzen.

Zerbitzuetan, gutxiago

Lan sektoreak zerikusi zuzena du estaldurarekin. Industrian eta eraikuntzan itunik izan ez duten langileak %1 baino gutxiago dira. Emakumeen kasuan, sektore horietan ari direnen %98k badute hitzarmen kolektiboa. Enpresa handiagoak izan ohi dira, eta baldintzak arautuak dituzte.

Hirugarren sektorean ezberdina da egoera. Gizonen %93,4k negoziazio kolektiboaren babesa dute, baina emakumeen kasuan %83,1 dira. Etxeko langileetatik harago, osasun edo arreta zerbitzu ugarik ez dute oraindik hitzarmenik, eta enpresaz enpresa negoziatzea oso zaila da, mikroenpresak izaten direlako. Gabezia batzuk ere aipatu ditu kontseiluak. Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, Araban ez dago bulegoetako lan hitzarmenik, eta emakumeak gehiengo dira hor.

Estaldurarik txikiena du lehen sektoreak, baina soldatapeko enpleguan duen pisua ere txikia da. Emakumeek estaldura handiagoa duten sektore bakarra da —%51,eta gizonena %25—. Badu azalpena. Batetik, arautu gabeko jarduera batzuetan —alturako eta baxurako arrantza— gizonak dira ia guztiak. Bestetik, lehen sektorean ari diren emakumeak hamarretik bat baino gutxiago dira.

Negoziazio esparruan ere alde esanguratsuak daude. Sektoreko hitzarmen bat dutenen %46,9 dira emakumeak. Aldiz, enpresa mailako akordioetan %35,2 baino ez dira. «Azalpen bat da enpresa arloko negoziazio kolektiboa industriako enpresa handietan garatu izan dela, eta horietan gizonak dira gehiengoa», dio LHKren txostenak.

Azterketak ez du ordainei buruzko azalpenik ematen, eta zaila da alderatzea, itun batzuk orain dela urte asko sinatu zirelako. Enpleguko inkestetan bezala, datuek islatzen dute oraindik ere banaketa handia dagoela lanbideetan. Emakumeak %80tik gora dira ile apaindegien, etxeko laguntzaren, merkataritza mota ezberdinen edo zahar etxeen itunetan. Aldiz, oso presentzia eskasa dute beste sektore batzuetan. Metalgintzan, esaterako, ez dira %20ra iristen. Eraikuntzan, papergintzan, egurrean eta estiban, gizonak dira soldatapekoen %85 baino gehiago.

Publizitatea

Sortu kontua
Ivan Santamaria Ivan Santamaria

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak