Datuen zilbor hezeak

Ozeano Atlantikoa kablez betea dago. Telegraforako izan ziren lehenak, zuntz optikozkoak azkenak. 'Marea' kablea Euskal Herrira helduko da aurki, baina, autobideekin gertatzen den bezala, etxe ondotik pasatzeak ez du ziurtatzen komunikazio ona.

Edu Lartzanguren -

2016ko ekainak 3
Telebistan askotan ikusten da berriemailea txatxu aurpegiarekin zain, itsasoz bestaldean dagoen aurkezleak egin dion galdera iritsi arte». Horrela azaldu du latentzia kontzeptua Joseba Zubia EHUko Komunikazio Optikoetako katedradunak. Interneten bidez bideo jokotan jolasten direnek ere ondo ezagutzen dituzte atzerapen segundo amorragarri horiek. Europa eta Ameriketako Estatu Batuen arteko latentzia kable berri batekin konpondu nahi dituzte Microsoftek eta Facebookek. Marea kablea jarri nahi dute Sopelatik (Bizkaia) Virginiara (AEB). Kablea ez da bakarrik egongo, ordea. Jadanik zortzi bat dira Atlantikoa zeharkatzen duten zuntz optikozko hariak.

Kablea «berritzailea» izango dela adierazi dute Facebookek eta Microsoftek, elkarrekin plazaraturiko prentsa agirian. «Tira, Atlantikoa zeharkatuko duen kablerik ahaltsuena izango da, hori bai», esan du Zubia irakasleak. Segundoko 160 terabit eraman ahalko ditu kableak bi kontinenteen artean. «Ikaragarria da», adierazi du Zubiak. Izan ere, milaka milioi telefono elkarrizketa sartzen dira hor, eta milioika bideo batera.

Teknologiaren garaipena da, baina Atlantikoaren bi aldeetako kontinenteak batu dituzten zilbor hesteen historia porrotez beteta dago. Lehen kablea telegrafo bidezko komunikazioa ahalbidetzeko bota zuten, 1858. urtean. Agamemnon eta Niagara ontziek egin zituzten itsaspeko kableak zabaltzeko lehen probak, Bizkaiko golkoan. Lehen mezua urte hartako abuztuaren 16an bidali zuten: hamasei ordu behar izan zituzten Ingalaterrako Victoria erreginaren 98 hitz AEBetako presidente James Buchanani helarazteko. Baina orduko teknologia ez zen gauza izan eusteko. Kobrezko kableak isolatzeko erabilitako gaiak —guta zuhaitzaren latexa— huts egin zuen, eta hiru bat asteren buruan mutu geratu ziren hariak.

Halere, ez zuten etsi. 1896rako, 30 ontzi ari ziren mundu osoan itsaspeko kableak botatzen.

TAT-1 lehen telefono kablea 1955. urtean hasi ziren zabaltzen Atlantikoan zehar, Eskozia eta Ternua artean. Denera, 36 telefono kanal bidera zitzakeen.

Zuntzaren iraultza

Zuntz optikoa erabili zuen lehen lotura transozeanikoa TAT-8 izan zen, 1988an. Teknologia zahar samarra da, beraz, zuntzarena; ez al dute ezer hoberik asmatu azken hamarkadotan? Asko hobetu da zuntz optikoa, Zubiaren arabera. Banda zabalera asko handitu da, hau da, zuntz, hari edo ile bakoitzak eraman dezakeen informazio kopurua. Baita horien gardentasuna ere, argiak kilometro gehiago egin ditzan. Izan ere, itsaspeko kableotan argi seinalea berriz indartu behar dute tarteka. Horregatik, anplifikadoreak dituzte 100-500 kilometroan behin.

Kobrezko kable batek ez du zerikusirik zuntz optikoko kablearekin. Kobrezkoak baino mila aldiz informazio gehiago eraman dezake zuntz optikoko hari bakoitzak, milioi bat aldiz txikiagoa izan arren.

Itsas azpiko kableek hogei bat zentimetroko diametroa izaten dute, baina informazioa daramaten zuntzak giza ile baten lodiera dute (125 mikra), eta halako zortzi pare baino ez daude kable bakoitzean. Gainerako material guztia zuntza babesteko dago. Ez da harritzekoa, kableok planetako ingurunerik gogorrenetako batean baitaude: itsasoko uraren gatzak jan egiten du zuntz optikoen silizea, eta, sartzen denean, argi galera handitzen du, zuntzari gardentasuna kentzen baitio. Horrez gain, uraren presioa izugarria da. «Arazo handia dira arraste arrantzontziak, nahiz eta denok dakigun hemen ez dagoela halakorik», esan du, ironiaz, telekomunikazio irakasleak. Kontatu duenez, askotan atera behar izan dute Ingalaterrara doan TGN kablea konpontzera Sopelako kostatik gertu arrasteko ontzi batek puskatu duelako. Klasiko bat da: Gerra Hotzaren garaian, 1959. urtean, Sobietar Batasuneko Novorosisk arrasteko ontzia atxilotu zuen AEBetako Itsas Armadak, Atlantikoko kableak hamabi lekutan apurtzeagatik.

Lan izugarria da kableok botatzea. Horretarako propio diseinaturiko itsasontziak erabiltzen dituzte. Izan ere, kable metro bakoitzak hogei eta ehun kilo arteko pisua du, eta ontziak kilometro batzuk eraman behar ditu saio bakoitzean.

Gezurra badirudi ere, marrazoak ere arazo handia dira. Elektrizitate lasterra antzemateko gauza dira arrainok, eta kableari kosk egiten ohi diote, harrapari gozo bat ote den jakiteko.

Gaur, munduan, itsaspeko 280 bat kable daude, baina horietako 22 oraindik erabili gabe daude. Behin jarrita, kableon bizi itxaropena 25 urte da. Kable bakoitza botatzeak ehunka milioi euro balio du. Marea-ren kasuan, 13.400 milioi euroko aurrekontua egin dute.

Zergatik eraman kablea Euskal Herrira eta ez lurreratu Portugalen edo Galizian eta, horren bidez, kilometro dezente aurreztu? Bizkaiko golkoko kosta askoz babestuago dago, eta olatuak ez dira horren gogorrak. Horrek asko errazten du kablea botatzea eta zaintzea. «Gainera, hemen jadanik Ingalaterrara doan kablea dagoenez, ikusiko zuten hau leku ona dela», esan du Zubiak.

Zer mesede egin diezaioke herrialde bati halako kable bat lehorreratzen den lekuan egoteak? «Ekonomikoki, gutxi», esan du Zubiak. Enpresa txiki batek eramango du Marea, eta konponketa lanak ere egongo dira, baina ikusteko dago non ordainduko diren horien zergak. Dozena bat lanpostu baino ez direla izango uste du irakasleak. «Baina mesedegarria izan daiteke munduko informazio autobiderik azkarrenetako eta handienetako baten irteera izatea». Aukera izango dute hemengo enpresek, beraz, horrekin lotura izateko. Baina aukera besterik ez da izango, zeren gero bide horren alokairua ordaindu behar baita, lotura eduki nahi izanez gero. Zubiak grafikoki azaldu du paradoxa: «Izan dezakezu satelite bat buruaren gainean, baina, ez baduzu alokatzen, ez dizu argazkirik egingo».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna