Albistea entzun

Zientziaren aurkako gerra danborrak

AEBetako presidente berriak agintaldiko lehen asteetan harturiko neurrien artean oso nabarmenak dira zientzialarien lana oztopatzera edo kontrolatzera bideraturikoak. Baina ez da originala horretan: zientziaren aurkako jarrera asko zabaldu da azken hamarkadotan.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2017ko otsailak 7

Errealitate objektiboa hil egin da; gora «datu alternatiboak». Zientzialariak asaldatuta daude Ameriketako Estatu Batuetan, eta munduko beste hainbat bazterretan. Donald Trump AEBetako presidentetzara heldu eta hartu dituen lehen erabakien artean daude zientzialarien lana oztopatzeko eta kontrolatzeko neurri ugari. Gobernu berriarentzat, zientziaren datu objektiboak iritzi bat besterik ez dira orain, eta Trump da gauza guztien neurria. Baina AEBetako mugak eta gaurkotasuna gainditzen du egoerak: aspaldi dabiltza adituak zientziaren aurkako gerra bat dagoela salatzen.

The War on Science (Zientziaren aurkako gerra) liburua argitaratu zuen Shawn Otto zientzia dibulgatzaileak iaz. Egoera honela azaldu du: «Gaur, Mendebaldeko demokrazietan autoritarismoaren eta frogetan oinarrituriko politika publikoaren arteko borroka ikusten ari gara».

Zientziaren aurkako gerra hiru frontetan ari da borrokatzen, idazlearen arabera. Lehen frontea ideologikoa da: «Fundamentalistak ari dira hor: gizakiaren jatorriaz zientziak esaten duenaren aurka daudenak». Bigarren frontea, ordea, ezkerrean ikusten du Ottok: «Ezkerreko unibertsitate irakasleak dabiltza azken 30 edo 40 urteotan esaten ez dagoela objektibotasunik». Desoreka sortzen du horrek, dibulgatzailearen arabera, eta kazetariak dira, hein handi batean, horren errudunak: «Frogetan oinarrituta hitz egiten duen pertsona bat jartzen dute eztabaidaren edo telebistaren pantailaren alde batean, eta, parean, kontrako iritzia duen norbait», azaldu du. «Eta berdinak balira bezala tratatzen dituzte, nahiz eta berdinak ez diren».

Interneteko hedabideak eta sare sozialak ezinbestekoak izan dira zientziaren aurkako gerran, Ottoren arabera, horietan ez baitago modurik esateko plaza berrian hizlariak esaten duena egia den edo ez. «Gure egitura demokratikoak ez dira eraiki plaza publiko berri hori kontuan hartuta», adierazi du.

Hirugarren frontea industriaren interesetatik dator: zientziak haien negozio eredua arriskuan jartzen ari den lekuetan, zientziaren inguruko zalantza zabaltzen dute. Bereziki klima aldaketarekin gertatzen ari da hori, baina baita transgenikoen eta botikagintzaren alorrean ere.

Kliman ez da giro

AEBetako zientzialariek bazekiten kolpea etorriko zela. Abenduan jo eta ke aritu ziren klima aldaketaren inguruan azken hamarkadotan bildutako datuak kopiatzen, Trumpen agintepean ezabatuko dituzten beldur. Abenduaren 17an, «datuak artxibatzeko gerrilla ekitaldia» egin zuten Toronton (Kanada). Adituak bildu ziren, klima aldaketaren inguruko AEBetako datu publikoak Internet Archive biltegira kopiatzeko. Hainbat agentzia eta erakunde ofizial ere matxinatu egin dira Trumpen agintaldiaren lehen egunotan: EPAk (Ingurumena Babesteko Agentzia) eta NASAk, besteak beste, kontu matxinoak zabaldu dituzte Twitterren, Trumpek komunikatzeko jarri dizkien mugei aurka egiteko.

Cesar Tomek uste du Trumpen erabakiak marko ideologiko zabalago batean sartzen direla. Kimikaria da Tome, eta EHUko Zientzia Kulturaren Katedrarekin eta Donostia International Physics Centerrekin dabil elkarlanean. «Trumpen jarrera ez da AEBetako kontserbadore klasikoena», esan du Tomek. Azken horien jarrera kristautasun ebanjelikotik dator: Biblian datorrena sinesten dute, zientziaren datuek egia bestelakoa dela frogatu arren. «Gorroto dut konparazioa egitea», esan du Tomek, Godwin legea gogoan, «baina Trumpen jarrera, berriz, gertuago dago faxismotik, zentzu akademikoan». 1930eko hamarkadan modan ziren natura gainditzen duen borondatearen inguruko diskurtsoak: «Egia gauza erabat erlatiboa izatea egiten du horrek, eta hor duzu Trumpen aholkularia datu alternatiboez mintzo». Zientzia proba esperimental eta objektiboan oinarritzen da, ordea: «Gauzak diren bezala dira, eta egiaztatu daiteke».

Postmodernoak errudun

«Postmodernismoak ekarri du ezagutzaren erlatibizazioa eta zientziaren objektibotasuna zalantzan jartzea», salatu du Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko Kultura Zientifikoaren Katedraren arduradunak. «Uste genuen hori akademiaren barruan geratuko zela, baina orain ikusten ari gara ereindako hazia politikaren eremuan ere loratu dela. Oso kezkagarria da».

Otto, Tome eta Perez Iglesias ados daude, ordea: egia erlatibizatzeko joera ez da eskuinaren joera esklusiboa. «Ezkerreko jendeak ere zientziaren kontra egiten du, munduari betaurreko ideologikoekin begiratzeagatik hainbatetan», esan du Tomek. Botikagintzaren eta teknologiaren kontrako mesfidantza, transgenikoen aurkako jarrera, txertoen kontrakoa, homeopatiaren eta medikuntza alternatiboaren aldekoa, uhin elektromagnetikoen inguruko ika-mikak... «Ezkerrean tipikoa da», esan du Tomek. «Eskuin kristauaren baliokidea jendea otoitz egiten sendatzen dela pentsatzea da. Biak dira zientziaren aurkakoak, arrazoi ezberdinekin, baina ondorio berarekin».

Euskal Herrian ere ikusten ditu Perez Iglesiasek zientziaren aurkako jarrerak, «nahiz eta horien diskurtso publiko nabarmenik ez egon». Eboluzioaren teoriaren kontrako jarrerak badaude, erlijioan oinarrituta, Perez Iglesiasen arabera. «Gure artean jende asko dago txertoen aurka, gero eta gehiago, eta, txertoen inguruko zalantza izateko arrazoirik ez egon arren, jarrera poliki doa gizartean sartzen». Zientziak eta teknologiak emandako produktuak zientziaren inguruko zalantza zabaltzeko erabiltzen dira. Kontraesanak nabarmendu ditu Perez Iglesiasek: «Pertsona bera gauza da antibiotiko bat hartzeko, eta, gero, seme-alabak ez txertatzeko. Hori absurdoa da guztiz, eta gertatzen ari da».

Oso kezkatuta sumatzen ditu Tomek AEBetan dituen zientzialarikideak. «Trump hasten bada ukitzen Osasunaren Institutu Nazionalaren edo ARPAren aurrekontuak [Energia departamentuko ikerketa aurreratuen agentzia], eten ditzake hiesarekin, gaixotasun arraroekin, Parkinsonen gaitzarekin eta Alzheimerren gaitzarekin loturiko funtsezko ikerketak». Ottoren arabera ere, dirua da Trumpek zientziaren aurka erabil dezakeen tresna nagusia. Edonola ere, ez du uste horretan «gauzak Trumpek nahi duen bezain azkar mugituko direnik, baina bai espero dut Trumpek oso gogor jotzea gustuko ez dituen frogen aurka».

Baina zientzia eta, oro har, arrazionaltasunaren kontrako gerraren beste fronte bat Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzeko erreferendumean (brexit) ikusten du Perez Iglesiasek: «Brexit-aren aldeko argumentu asko gezurrezkoak ziren, eta jende guztiak bazekien gezurrezkoak zirela, eta brexit-aren aldekoei ere ez zitzaien axola». Europaren zientzia ahulduko du brexit-ak. Horrek eta Trumpek ahulduko dute zientzia orain arte indarrik handiena izan duen lekuetan: «Nola geratuko da zientzia: txinatarren kontu gisa?».

Tome ere ezkorra da: zientziaren aurkako gerra galtzen ari dela eta Mendebaldea «garai ilunetan sartzen» ari dela uste du: «Trumpen garaipenak eta brexit-ak iluntasunaren etorrera azkartuko dela iragarri baino ez dute egin. Hau izan daiteke Txinak behar zuen bultzada munduko lehen potentzia bihurtzeko».

Erresistentzia

Zientzialari askok ez dute asmorik laborategietan geratzeko, eta mobilizazioak prestatzen ari dira. Apirilaren 22an Lurraren Eguna ospatuko da, urtero legez, eta zientziaren aldeko manifestazioa antolatu dute egun horretarako, Washingtonen. Manifestazioak ari dira antolatzen, hamaika herrialdetako ehun hiritan.

«Zure zientzia politikoa bihurtu da, nahi eta nahi ez», esan die lankide estatubatuarrei John Dupuis Torontoko York Unibertsitateko (Kanada) zientzia liburuzainak. Haren ustez, zientzialariek ez dute iritzirik adierazten politikaren inguruan, eta horrek lagundu egiten die inpartzial ematen. «Baina, Trumpekin, hori leihotik behera joan da».

Dupuisek badu esperientziarik erresistentzian: Trumpen aurretik, Stephen Harper Kanadako lehen ministro kontserbadoreak zientziaren kontra harturiko neurriak dokumentatzen aritu zen, 2015. urtera arte. Orain, gauza bera egiten ari da Trumpen Gobernuarekin. «Bi kasuetan indar berberak ari dira lanean: arauak murriztu, disidentzia ito eta industriari baliabide naturalak ustiatzea erraztu nahi dien eskuineko gobernuak dira». Baina diferentzia bat ikusten du Harper eta Trumpen artean: lehenak zientziaren aurka harturiko neurriak «ondo hausnartuak eta apropos harturikoak ziren». Trump, berriz, ezin iragarrizkoa da, eta planik gabekoa, Dupuisen arabera. «Trumpen neurri zehatzen plana beste norbaitek egiten du».

Zer egin daiteke zientziaren aurkako gerra geratzeko? Ottok argi du: «Frogaturiko datuak politika publikoren oinarririk hoberena direla uste duen jendeak ahotsa altxatu behar du, eta parte hartu prozesu politikoan. Izan ere, gustuko izan edo ez, zientzia beti da politikoa», esan du. «Ez bagara zientziaren alde mintzatzen, autoritarioen esku utziko dugu gobernua». Zientzialarien erantzuna zabalduko delakoan da Otto. «Matxinada gero eta handiagoa da». Trump eta halako pertsona autoritarioen aurka jendea defendatzeko dago diseinatuta demokrazia, haren aburuz. «AEBetan, orain, lehen aldiz, uste bezain eraginkorra ote den probatuko da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuko dute 2022ko lehen saioa ETB1en: <em>Biba 2022!</em>. ©EITB

ETBren kanpaiak, Gasteiztik

Urtzi Urkizu

ETB1en Ainhoa Etxebarriak, Aitziber Garmendiak eta Yerai Diezek aurkeztuko dituzte kanpaiak

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Ekialdean berariaz zaindu dute xakea»

Gorka Erostarbe Leunda

Jolasa eta jokoa. Lehia eta estrategia, baina baita zientzia, artea, poesia eta bizitza ere. Guztiak islatzen ditu xakeak. Alderdi horiek bildu ditu Berasaluzek '64 begirada. Xake taularen zuri-beltzean' lanean.
Daliren maskara biral egin da. ©NETFLIX

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.