Albistea entzun

Gazteen egoera hobetzeko, jar zaitezte haien azalean

Itsaso Andueza - EGK-ko koordinatzailea

2015eko abuztuak 25

Duela hamarkada gutxi, gazte izatea heldu bihurtu aurreko azken pausua zen, non heldu izateko helburua lortzeko laguntza behar genuen. Aspaldi ulertu genuen, ordea, gazteok ere helduak garela, eta nahiz eta bizitza proiekturako erabaki eta urrats gehienak garai horretan ematen ditugun, gizarteko zutabe nagusietako bat gara. Ahaldundu gaitezen, mesedez.

Nire (benetako) gaztaroa elkarte batean sartuta eman nuen. Amak esaten zuen ohea bertan edukitzea besterik ez zitzaidala falta. Ni bezalaxe, Euskal Herriko beste neska-mutil asko zeuden era guztietako elkarteetan. Egun ere, horrelakoak dira gazteak, parte hartzaileak, langileak, biziak, konpromisodunak... Lehengo gazteak beste modu batekoak zirela entzuteak amorrarazi egiten nau (ezberdinak gara, noski, mundua ere aldatu delako, beraiek dioten moduan ez gara aldatu).

Liluratuta nago Euskal Herriko gazteriarekin. Baten batek pentsatuko du niri dagokidala hori esatea, baina oraingoan ez naiz Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluaz edo bere elkarteez ari; oraingoan zinez ikuspegi zabalago batetik dihardut. Parte hartzea oso handia da, modu tradizionalean, berrietan, bietan batera... Gizarte mugimendu berrienak gazteek sustatzen dituzte, herritarren ikuspegia zabalduz, jarrera aurrerakoiak sustatuz, errealitate berriak ezagutzera emanez... Funtsean, nagusiagoek sekula egiten ez dituzten mila gauza. Hor dago, hain zuzen, gakoa, askotan ez direla belaunaldiak gurutzatzen, eta nagusiei iruditzen zaie gazteak pasiboak direla, ez direla mugitzen. Ez dut ukatuko egunkari eta albistegietako berri diren nini-ak existitzen direnik, baina ulertezina da urte luzez hori izatea gazteen inguruan eman den irudia. Gazteak ez dira etorkizuna, ez; gazteak oraina dira eta lidergo soziala eskuratzeko moduan daude. Mugimendu feministan murgilduta, nekazaritzan, LGTB kolektiboaren eskubideen defentsan, euskararen erabilera bizian, jai herrikoietan edo beste horrenbeste kontutan, aurrerapauso ausartak eta originalak ematen ikusi ditut; hortaz, ikusezintasuna amaitu eta gizartean dagokien espazioa hartu behar dute. Horretarako lekua lehenik beste norbaitek libre utzi behar du.

Gure belaunaldiari eta atzetik etorri direnei, ikasketa on batzuk edukita, gure etorkizuna guk amestutakoa izango zela zin egin ziguten. Lan eskaintza ugariren artean aukeratzeko modua izango genuela. Askorentzat, ordea, promesa hori ez da bete. Batzuk ikasketen ibilbide amaiezin batean murgildu dira, zenbat eta titulu gehiago eduki orduan eta gehiago eskatzen baitzaie euren helburu den lanpostua betetzeko, eta, bitartean, gurasoen kontura edo haien laguntzaz irauten dute. Beste batzuek, ikasteaz nekatuta, edozein lantxo, praktika edo beka hartuta irauten dute, aurrez esandako erabaki eta bizitzako aurrerapauso horiek gerorako utzita. Azkenek, egoerarekin erabat nazkatuta, ez dute ikasten jarraitzen eta ez dituzte lan prekario horiek onartzen. Nini-ak dira. Gutxi batzuk dira ikasitakoarekin edo beste edozerekin zerikusia duten lan duin eta egonkorrak topatu dituztenak. Ziur aski talde horretan gehiago egongo dira, baina barka iezadazue, nik ez ditut ezagutzen.

«Guztia politika da» esaten zidan ezagun batek. Orduan nik ez nuen ulertzen, aisialdi hezitzaile nintzen, eta langintza horretan buru-belarri murgilduta bainengoen; ez nekien zertaz ari zen.

Orain, aldiz, badakidala uste dut, Euskal Herriko gazte gehienen moduan: politikaz, politikari eta alderdi politikoez arduratzen garela pentsatzen baitut. Guztia politika da, bai; eta —oso garrantzitsua— guztiok egiten dugu politika. Hala ere, kargu publikoa duten politikarien lanari begira gaude. Ni ez naiz aditua, baina gauzak ondo egin daitezkeela ikusi dut. Bideraezinak zirela esaten zizkiguten gauza asko errealitate bihurtu baitira gure begien aurrean. Lehenik eta behin borondatea jarri behar da, hori bai, eta abiapuntutzat nork bere burua gazteen azalean jarri behar du.

Hori da, hain zuzen, enplegu politikak egiten dituztenei eskatzen dieguna. Ez dut inoren borondatea zalantzan jarri nahi, baina begi bistan dago ez direla asmatzen ari. Aipatutako bizitza proiektua, aurrerapausoak eta abar, zail samar egin ditzakegu lanik gabe. Emantzipatzeko, bide bat aukeratzeko edo seme-alabak izateko, gutxieneko baldintza batzuk beharrezko dira. Ez dugu beste munduko ezer eskatzen: lan aukera duinak nahi ditugu. Une honetan, buruhaustea gazteok daukagu; hemendik gutxira, ordea, gizarte osoak izan dezake. Arazo demografiko larria dago, eta, ez bada lehenbailehen irtenbidea jartzen, gazterik gabe geratuko gara.

Objektiboki, gaztaroa uzteko mugan nagoela esan dezaket (30 urte), baina nire barrenean, muga hori aspaldi zeharkatu nuela aitortzen dut. Zorionez, gazteez inguraturik lan egin dut azken hiru urteetan eta horrek ziurtatzen dit dagoeneko ez naizela gaztea. Ez dakit Gazteria Politiketan aritzeko gazte izan behar ote den, baina laguntzen du. Gazteak ulertzeko, gaztea izan behar da, edo haiengandik oso gertu egon, etengabe aldatzen, sortzen eta berritzen direlako haien interesak, beharrak eta kezkak. Une oro eraldatzen da gazteen errealitatea. Energia hutsa dira, ametsak eta gogoak dituzte, baina, hori ikusteko, hurbil egon behar da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...