Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Baskoak eta baskoegiak

Publizitatea

Iritzia

Baskoak eta baskoegiak

 

2016-09-17 / Ibai Iztueta - Pentsalaria

Euskal kultura euskaraz baino ez da posible, ala espainolez eta frantsesez ere bai?» galderari zenbaitek baiezkoarekin erantzun izan dio; beste zenbaitek, berriz, ezezkoarekin. Galderak berak inozotik gutxi du-eta, ezin esan erantzunak ere inozoak direnik: guztiok dakigu «kultura» zentzu honetan hizpide hartzean, azken batean, «identitateaz» edota «herriaz» ari garela, eta, hartara, auzitan jarritakoa ez dela inolaz ere hizkuntzen eta «euskal kultura» delakoaren arteko harremanera mugatzen.

Neurez, esango nuke kontuari diskurtsoaren eta ideologiaren ikuspegitik heltzea argigarria izan litekeela: hizkuntza ordezkapen prozesurik ez balitz, euskal kulturaren eta hizkuntzen arteko harremanari buruzko galdera horrek interes handiegirik ez zukeen sortuko. «Frantsesez egindako kultura alemana posible da?» galderak ez du inor interpelatzen, praktikan hura zentzuz hornitzen duen ingururik ez dagoelako. Gure kasuan, ordea, besterik da. Hizkuntza ordezkapenak, euskal herritarren subordinazio politikoak, eta Euskal Herriaren lurralde zatiketak nahiz menperatze mota horiekiko erresistentziek galdera pertinente bihurtzen dute. Hala, Euskal Herriko lurraldean bizi diren hiritarrak, zein bere posiziotik, egoeraren aurrean interpelaturik eta erantzun beharrean aurkitzen dira, maila batean baino gehiagotan gainera: izan ibilbide pertsonal ugariei dagokienez, izan herritartasun sentimendu ezberdinei dagokienez, izan gizarteko partaide gisa. Eta, hain zuzen, galdera horri nola erantzuten zaion, gizarteko hizkuntza baten ala bestearen erabileran norabide batean ala bestean eragingo duen ingurua elikatuko da.

Egoera hautsi, aldakor, heterogeneo honetan, bere burua abertzaletzat daukatenen artean ere erantzun kontrajarriak biltzea ez da harritzekoa .

Batetik, euskal kultura besteengandik bereizten duen elementu egiazki bakarra euskara denez, euskal kultura euskaraz egiten den hori baino ezin litekeela izan arrazoitu izan da. Bestetik, baskismoaren ideiaren ildotik, euskal kultura espainolez edo frantsesez egiten den hori ere badela defendatu izan da, argudiatuz, azken finean, euskaldun sentitzea borondate kontua dela.

Helburua euskararen (eta, hortaz, erdaren) erabileraren normalizazioa baldin bada behintzat, ematen du diskurtso bakoitzak badituela bai bere alde onak bai bere muga edota, are, arriskuak.

Euskal kultura euskaraz egiten den hura dela dioen diskurtsoa erabilera sustatzeko ezinbesteko diskurtsotzat jo liteke, euskaraz egiten dutenak protagonista bihurtzen dituelako eta hizkuntza gutxitu batean aritzeko ezinbestekoa den zentzu sinbolikoa eta harrotasuna eskaintzen dielako elebidunei. Diskurtso honen puntu ahula da, ordea, euskaraz egiten dutenei protagonismoa emanik, euskaraz ez dakiten elebakarrak bigarren mailako senti litezkeela, eta ondorioz, zapuzturik, euskararen biziberritzeak eta hizkuntzen normalizazioak eskatzen duen ahalegin kolektibotik urrun.

Bestalde, identitatea borondatearekin soilik lotzen duen diskurtsoak duen abantaila da euskaraz ez dakitenei hizkuntzen normalizazioan lehen mailako protagonista izateko aukera zabaltzen diela eta euskararen ezagutzarako urratsa egiteko orduan zubi-lana egin dezakeela. Diskurtso honen arriskua da, berriz, euskarak baskotasun-euskaltasunarekiko daukan zentzua erlatibizatzearekin, ez duela ezagutzatik erabilerarako urratsik egiteko motibaziorik edo zentzurik eskaintzen. Are gehiago: diskurtso honek berak gizarteko hizkuntza gutxitua hautu pertsonal huts bihurtu eta hura ezagutzeko beharraren eta erabiltzeko hautuaren aurka jo lezake erdaren erabilera hegemonikoek definituriko identitate basko bat promozionatuz eta, jakina, euskaraz bizi denaren euskal nortasunari azpijana eginez.

Nahiz eta errazetik gutxi duen, nolabaiteko irtenbidea bi diskurtsoak zentzuz erabiltzen asmatzean dagoela dirudi. Izan ere, berez, ez baitago kontraesanik: ohar gaitezen «¿qué es la cultura vasca?» eta «zer da euskal kultura?» ez direla elkarren ordain, baizik eta bi galdera ezberdin, logikoki, erantzun propioa eskatzen dutenak.

Gaur-gaurkoz, ematen du hala elebakarren nola elebidunen artean baskismoaren marko diskurtsiboa dugula jaun eta jabe euskaltasuna euskararen erabilerarekin lotzen duena baztertu egin delako berariaz, besteak beste, euskara erabiltzen dutenen aurrean euskara erabiltzen ez dutenak «ez hain euskaldun» sentituko diren beldurragatik. Diskurtso bat puztuz eta bestea hustuz, beharbada galde liteke horrela erdaraz normaltasunez bizi diren baskoen eta euskaraz tematzen diren baskoegien artean bereizitako gizarte bat itxuratzen ari ez ote garen, eta operazio honek ezagutzatik erabilerarako urratsa emateko orduan agerian geratzen ari diren zailtasunekin zerikusirik izan ote lezakeen.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak