Noiz sortua: 2017-01-20 00:30:00

Autodeterminazioa eztabaidagai Bruselan

Iñigo Jaca Arrizabalaga, Josu Albero Rodriguez - Gure Esku Dago (Hendaia), Gure Esku Dago (Azpeitia)

2017ko urtarrilak 20

ICEC (International Comission of European Citizens) erakundeak antolatuta, aurreko urtarrilaren 11n Bruselako Europako Parlamentuan autodeterminazio eskubideari buruzko jardunaldia burutu zen. ICECek eskubide horren alde jarduten duten Europako estaturik gabeko Herri ezberdinetako erakundeak biltzen ditu (besteak beste, Kataluniako ANC edo Flandriako VLAAMSE VOLKSBEWEGING). Eurodiputatu abertzale batzuen lanak (Josu Juaristi eta Izaskun Bilbao euskaldunenak, Mark Demesmaeker flandriarrarenak, Josep Maria Terricabras katalanarenak, Martina Anderson ipar irlandarrarenak...) ahalbidetu zuen topaketa Europako Parlamentuan egin ahal izatea; Flandriako ICEC eta VLAAMSE VOLKSBEWEGING erakundearen ahaleginak, halaber, azpimarratzeko modukoak dira, haiek gabe nekez antolatu baitzitekeen jardunaldi mamitsu hori.

Euskal Herrian oso ezaguna ez izan arren, ICEC erakundeak lau urteko ibilbide oparoa du. Hainbat topaketa eta ekitaldi esanguratsuak egin ditu, batez ere Flandrian eta Katalunian. Ez da autodeterminazio eskubidea Europako Parlamentura eramaten duen lehenengo aldia, baina bai orain arteko arrakastatsuena (inoiz baino eurodiputatu gehiagoren atxikimendua lortu duelako). Euskal Herriak ere ordezkapena du ICECen, eta une honetan zabaltze prozesuan dago gurean.

Urtarrilaren 11ko jardunaldiak gurea bezalako egoera batean dauden nazioen testigantza entzutea ahalbidetu zigun. Jardunaldian galestarren, eskoziarren, flandriarren, katalanen, venetoarren eta ipar irlandarren nahiak, helburuak eta estrategiak ezagutu genituen. Hizlarien artean, Euskal Herriko bi: Juanjo Alvarez EHUko Zuzenbide irakaslea, eta Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ren bozeramailea. Zer esanik ez dago, baina, katalanek eta beren autodeterminazio prozesuak protagonismo berezia hartu zutela jardunaldian. Anna Arquék, ICEC-Kataluniako ordezkariak, Parlamentuan bildutakoen arreta osoa bereganatu zuen prozesuaren berri eman zuenean. Jordi Domingok eta Montse Dubanek aurrekoaren azalpenak osatu zituzten.

Europako Parlamentuan gure ikurrina ikusteak, eta gure hizkuntza entzun ahal izateak (antolatzaileek euskal itzultzaileak prestatu baitzituzten) bereziki poztu gintuen, eta agerian utzi zuen urtarrilaren 11n Europako estaturik gabeko Nazioak (Euskal Herria, Katalunia, Flandria, Eskozia, Gales, Hego-Tirol...) protagonistak bihurtu zirela Legebiltzar horretan. Beste Europa batek, Herrien Europak, entzuna izateko eskubidea ere badauka.

Jardunaldia amaitzerakoan, Luca Polo venetoarrak Venetoko Parlamentuak onartutako ebazpenak, gaurkotasun handikoa, aurkeztu zuen; Katalunia eta antzeko egoeran dauden nazioentzat oso egokia dena, hots: estatu batek bere menpeko nazio bati autodeterminazio eskubidea ukatzen dionean, nazio horrek —bere erakunde edo Parlamentu demokratikoaren bidez— irteera bakarra du: autodeterminazio eskubidea praktikara eramatea aldebakarrez. Ezin argiago esan.

Bestalde, Izaskun Bilbao eurodiputatu euskaldunak bere mintzaldi laburra bukatzerakoan jakitera eman zuen eurodiputatu abertzale guztiek (katalanek, euskaldunek, galestarrek, eskoziarrek, flandriarrek, hego-tiroldarrek...) agerraldiaren adostasunezko deklarazio bat argitaratuko zutela. Une honetan eragileen ekarpenak jasotzen ari zirela argitu zuen Bilbaok. Dekalogo modura aurkeztuko da, eta bertan estaturik gabeko Herriek beren estatus politikoaz hartzen dituzten erabaki demokratikoak estatuek eta nazioarteko komunitateak errespetatu behar dituztela azpimarratuko da.

Baina Parlamentuaren jardunalditik haratago, Bruselako bidaiak aukera eman digu harremanak sendotzeko beste nazioen ordezkariekin, eta ICECeko jarduerari buruzko planifikazioa egiteko. Gauza asko ikusi eta ikasi ditugu. Garrantzitsuena, epe laburrean Europako mapan aldaketa esanguratsuak ikusiko ditugulako uste osoa. Kataluniakoa eta Eskoziakoa, laster. Flandriakoa, uste baino lehenago. Eta Euskal Herriak erne eta prest, etxeko lanak eginda, egon beharko du olatua harrapatzeko. Ezin gara despistatu, gure etorkizuna jokoan dago.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazako tabernetako terrazak, jendez beteta. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Hirugarren fasearen peskizan

Edurne Begiristain

Datozen egunetan ere datuak onak badira, astelehenean hirugarren fasera pasatuko da Hego Euskal Herria. Erkidegoek kudeatuko dute nolakoa izango den alarma egoeratik ateratzeko azken urratsa

Irakasle batzuk hizketan, Zarauzko Orokieta herri eskolan, atzo. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Ikasleak ez, irakasleak bai

Irati Urdalleta Lete

Sare publikoko irakasleak itzultzen hasi dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, USE prestatzera bueltatu dira ikasleak

Bisitariei tenperatura hartzeko gailuak jarri dituzte hala Bilboko Arte Ederren museoaren sarreran nola Bilboko Guggenheim museoan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Museoak. Ziurgabetasun ufada batekin

Iñigo Astiz

Euskal Herriko museo gehienek zabaldu dituzte ateak egunotan, atzo hasita. Ezohiko baldintzetan arituko dira, eta ikusteko dago nola eutsiko dioten bisitarien urritzeari

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna