Albistea entzun

Erakunde bateratzaile bat

Eneko Bidegain - Huheziko irakaslea

2017ko urtarrilak 18

Urruntze urteak izan dira azken urte hauek: hiru errealitate administratiboen eta hiru erritmoen planteamenduak gaina hartu du, eta Euskal Herria sekula baino zatikatuago dago orain. Euskal Autonomia Erkidegoa bihurtu da «Euskadi», «Pais Vasco», «Pays Basque» edo «Basque Country». EAE bihurtu da erreferente, hangoak dira «euskal gizartekoak», hango berri eta datuak trumilka heltzen dira, eta kito. Euskal Herri ekialde guztia ahantzia da, kasu hoberenean «periferia» da.

Euskal Elkargoaren sorrerak ere, berez, ez du aldatuko egoera hori. Desorekak oraino ere handiak izanen dira «hiru errealitate administratiboen» artean. Eskumenak, aurrekontua, antolaketa eta funtzionamendua desberdinak izanen dira. Desoreka horiek eragin lezakete erritmoak ere desberdinak izatea geroan ere, eta Euskal Herriak zatitua izaten segitzea.

Desoreka horiek zuzentzeko asmoz, erakunde edo batzorde bat sortzea izan liteke aukera bat. Erakunde horretan bilduko lirateke Euskal Elkargoa, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko udalen bilguneen ordezkariak. Ez litzateke izanen urtean behin batzar sinboliko bat antolatzen duen erakunde bat. Erakunde horrek urte osoan funtzionatuko luke, edukiko lituzke zuzendaritza batzorde bat, arloz arloko batzordeak eta denbora osoz ariko litzatekeen lan-talde bat, erakundearen helburuak betearazten.

Erakunde horren helburua litzateke Euskal Herriaren zatiketa gainditzea eta «hiru errealitateek» zulatu duten arroila tapatzea. Ildo horretan, hasteko, herri bateratu eta bakarraren argazkia osatzea izan daiteke epe motzean bete beharreko helburua. Horretarako, batetik, euskal estatistika zentro nazional bat osatzea izan daiteke lehen urratsetako bat, behin betikoz buka dadin datu zatikatuen edo partzialen uholdea. Ohitu gara edozein datu EAEkoak bakarrik izaten edo EAEkoak eta Nafarroa Garaikoak bereizirik jasotzen. Herri honek ezin du horrela segitu, herri izaten jarraitu nahi badu.

Argazki hori osatzeari begira, komunikazio kanpainak ere martxan jar ditzakete euskal herritarrek uler dezaten euskaldunak ez direla bakarrik «Espainian». Hots, Bidasoaz iparraldera bizi diren herritarrei azaldu behar zaie norbait euskaraz entzuten dutenean, ez zaiela espainolez erantzun behar, badirela espainola ez dakiten eta frantsesez ere mintzatzen diren euskaldunak ere. Halaber, Bidasoaz hegoaldera bizi diren anitzi ere gogorarazi behar zaie Euskal Herria ez dela Irunen bukatzen.

Ikasturte hasieran, Euskararen Erakunde Publikoak aipatu zuen euskara irakasle falta larria dagoela, Lapurdin bereziki. Proposamenetako bat zen Hego Euskal Herriko irakasleei frantsesa irakastea eta Ipar Euskal Herrikoak Hegoaldera joatea euskara ikastaro trinkoak egitera. Egokia da, arroila hori murrizteko eta Euskal Herri osoko jendearen arteko harremanak sakontzeko neurri gisa; haatik, arrisku bat ere badu: berriz ere euskara bakarrik «Hegoaldearekin» lotzea... Ukaezina da, hala ere, Ipar Euskal Herrian, euskararen gainbeheraren ondorioz, irakasleen artean ez dagoela behar bezainbat euskaldun, ez eta ere beste edozein lanpostutan. Beraz, bai, erakunde horren zeregina izan liteke bidea erraztea irakasleak Euskal Herri osoan ibili ahal izateko lanean.

Zorigaitzez, administrazioak traba handiak ezartzen ditu «mugaz gaindiko» lan harreman horietarako. Delako «muga» horren alde batean bizi eta bestean lan egiten dutenen eguneroko bizitza konplikatzen du bi estaturen menpe izateak. Erakunde bateratu horrek lan bat egin lezake traba eta buru-hauste horiek desager daitezen. Kontua ez da aholkularitza zerbitzu bat eskaintzea, baizik eta edozein euskal herritarrek izatea aukera eta erraztasun berak Euskal Herri osoan.

Bilatu beharreko beste helburu bat da sustatzea erakunde nazionalak, komunikabide nazionalak, elkarteen arteko trukeak, kirol topaketak, kultura hitzorduak, harreman ekonomikoak... Euskal Herriaren kohesioa helburu duten ekimenak bultzatzea, saritzea eta diruz laguntzea izan behar litzateke erakunde bateratu berri horren asmoa.

Horra lan ardatz batzuk, azaletik aipatuak. Gehiago ere izan daitezke, baina horra abiapuntu bat. Euskal Elkargoa sortzeak berak ez du erran nahi helburu horiei begira jarriko denik. Dena ez dago, gainera, Euskal Elkargoaren esku — eta hain segur Euskal Elkargoan gehiengoa osatuko duten hautetsien ildo politikoa ez da aukera horren aldekoa. Euskal Herriko beste erakundeek, aldiz, aukera baliatu behar lukete anbizio handiko elkarlan hori bultzatzeko.

Hastapen bat izan liteke jardunaldi bat antolatzea Euskal Herriko erakunde guztien artean. 2017ko lehen hilabeteak behar izanen ditu Euskal Elkargoak, funtzionatzen hasteko. 2017ko udazkenean, aldiz, lanean has litezke denak elkarrekin, jardunaldi hori antolatzeko. Ea 2018ko udaberrian antola litekeen izari handiko ekitaldi bat, benetako abiapuntua emanen diona Euskal Herriko erakunde nazionala izanen litzatekeen antolakunde berri horri, hurrengo urteak hurbiltze urteak izan daitezen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.