Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Ostrakak eta ostrukak

Publizitatea

Iritzia

Ostrakak eta ostrukak

 

2016-12-28 / Juan Martin Elexpuru - Idazlea

Kontatuko zeniguke zelan dauden gauzak?, eskatzen digute sarri. Zer esan, betikoak errepikatu gabe. Kontatzeko gogoa eta asperdura, euforia eta etsipena... laino klase guztiak pasatzen dira etengabe gure buru gainetik. Eta hain da zaila berba gutxirekin katramila hau esplikatzea...

Inozoak gu, urte bat edo biko gauza izango zela pentsatzen genuen gerra honetan sartu ginenean. Hamar urte igaro dira grafitoak aurkeztu zirenetik, zazpi urte eta erdi Eliseo Gil eta Lurmeneko beste kide batzuk auzipetu zituztenetik; oraindik epaileak ez du erabaki auzia artxibatu ala epaiketara eraman, beste urtebete luzatu du instrukzio fasea, Euskal Herrian irekita dagoen zaharrena. Ertzaintzak egina du bere polizia-txostena eta ez du ezer aurkitu Eliseoren aurka.

Eliseo Gil bota zuen tribunaleko kide izan zen Julio Nuñez. Gero aztarnategiko zuzendari izendatu zuten. Epaile eta onuradun aldi berean. Hondeamakina handi batez ia 10.000 m2 harrotu zituen. Haren aurkako kereilak artxibatu egin ditu epaitegiak. Zazpi urte darama aztarnategian eta oraindik ez du ia ezer publikatu. Bi milioi euro gastatu ditu; diru publikoa. Aurten EHUk kendu egin du Iruña-Veleiako zuzendaritzatik eta unibertsitateko irakaskuntzatik, publiko egin ez diren arrazoiengatik. Aurtengo udan aldundiak Qark enpresari adjudikatu dio indusketa, inolako lehiaketarik gabe. Ez dakigu nor izan den zuzendaria, eta ezta hamar urterako sinatutako Plan Zuzendariak indarrean jarraitzen duen, edota Nuñezek datorren urtean jarraituko duen. Ilunpea eta kaosa erabatekoa da.

«Bisita gidatu alternatiboak» egiten ditu SOS Iruña-Veleiak azken bi urte hauetan. 600 pertsona pasatu dira hogeita bost bisitetan; geu gara ia bisitari bakarrak Arabako lekurik bisitatuena izan zitekeen toki zoragarrian. Eta amaieran beti egiten zaigun galdera: baina zergatik gertatu da hau? Saiatzen gara geure usteak azaltzen, ezagutzen ez ditugun gauzak badirela onartuta: 1) Unibertsitateko hiru katedratikok bermatu zuten euskarazko ostraken ontasuna aurkezpen egunean, 2006an. 2) Handik lau egunera horietako batek, Gorrochategui jaunak, bere ustez faltsuak zirela deklaratu zuen idatzi baten bidez. 3) Lakarra eta Gorrochategui filologoak izan ziren faltsutasunaren lehen apostoluak eta sutsuenak. Arrazoia, ostraketan agertzen den zenbait elementu (-a «artikulua», adibidez) ez datorrela bat eurek irudikatzen duten antzinako euskararekin. 4) Unibertsitatearen gogoa aztarnategia bereganatzeko, eta Nuñezena zuzendari izateko. 5) Euskalduntze berantiarraren aldekoen presioa, batez ere Espainiako historiografia ultrarena (Martin Almagro eta Historiaren Errege Akademia), teoria hori betiko lurperatuta gera zitekeelako. 6) Vatikanoaren eta Opus Dei-ren ustezko esku-hartzea.

Denborak esango du isilpeko konspiraziorik egon den ala ez, edo «interesen konfluentzia» soilik. Nolanahi ere, koktel lehergarria prest zegoen, metxari su emango zion eskua falta bakarrik. Eta zein hobea horretarako gobernu abertzale bat baino. Lopez de Lacalle kultura diputatuak bere gain hartu zuen eginkizun hori, koalizioko alderdi guztien babesarekin. Batzordea sortu zuen ad hoc, kalera bota zuen Lurmen eta auzitara eraman, grafologoak kontratatu zituen Eliseo Gil inkriminatzeko.

Eta falta ezin den galdera: ulertzen dugu betikoak kontra agertzea, baina abertzaleak?, euskaltzaleak? Gure herria munduan metro karratuko protestante gehien duen lurraldea izaki, zergatik dago nagusiki bertsio ofizialaren alde edo mutu auzi honetan? Geuk ere galdera bera egiten diogu geure buruari eta kosta egiten zaigu taxuzko erantzuna bilatzea. Gutxienez auzia argitzearen alde ahotsa jasoko balitz, alde batera edo bestera lerratu gabe ere, baina hori ere ez. Kolore guztietako euskal zein espainiar abertzaleak ados jarri direla ematen du. Ez da sinestekoa ia hedabide guztiek gai honi ezarri dioten zentsura. Gero Ipar Korea kritikatuko da. Nazioarteko Biltzarra egin genuen maiatzean, baina hedabideek ezikusi egin zioten. Hamar urte bete dira aurkikuntzak aurkeztu zirela, baina BERRIA izan da horretaz mintzatu den bakarra. Astero enkartelada egiten da Arabako Aldundiaren aurrean, baina oraindik ez da notizia eta argazkia ia inon argitaratu. Gure bisita gidatuen iragarkia bidaltzen da leku guztietara, baina ez da inon agertzen. Egun lotsagarriaren 8. urteurrena igaro da, baina ez da kronika, elkarrizketa edo editorial bakarra ikusi. Zuzendariren batek esan digu «gaia ez dela interesatzen». Ez dakigu zertan oinarritzen den; urte hauetan 75 hitzaldi antolatu dira Euskal Herrian zehar, eta hiru mila pertsonatik gora erakarri dituzte. Ez du interesik gaiak?

Doilorra izaten ari da gure elite politiko eta kulturalaren jokabidea. Eta eliteez ari garela, jende ugari etortzen zaigu bisita gidatuetara, baina horien artean nekez ikusten dugu goi samarretik hegan egiten duen politikorik, kazetaririk, arkeologorik, historialaririk, hizkuntzalaririk, euskaltzainik, idazlerik, bertsolaririk... interes handiena izan beharko zuketenak, gure ustez, «beste bertsioa» ezagutzeko. Nahiago ostrukarena egin ostrakez jakin baino.

Aurkikuntzen garrantziaz asko mintzatzen zen, artean ontzat ematen zirenean. Benetako altxorra gure herriarentzat eta humanitatearentzat. Euskarazko lehen izen arruntak eta esaldiak, latinaren eta erromantzearen eboluzioa ezagutzeko datuak, erlijio paganoen eta kristautasunaren hedapenaz hainbat argibide. Eta abar. Eta hori oraindik aztarnategiaren % 10 ere aztertu ez denean. Euskaldunok lurpean dugun autoestimua apur bat jasotzeko ez zen gaizki etorriko. Agian horixe izan da desastrearen eragile nagusia, euskaldunok hezurretaraino sartuta dugun gutxitasun konplexua. Etxekalte gu.

Eta pentsa atzerriko laborategi espezializatu batek astebetean erabaki lezakeela auzia, eta agian etxeko batek ere bai, grafito asko hezurrean eginak baitaude, eta gauza ezaguna da gurean daudela hezur-irakurlerik onenak.

Nekatuak gaude, etsipenaren mugan; ez utzi gaia lehen lerroan gabiltzan lau kamikazeon bizkar. «Zer egin dezaket nik Iruña-Veleiako auzia argitzearen alde?». Geure esku dago.
 

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea