Albistea entzun

Heziberriren legea: prest gaude?

Gonzalo Larruzea - Hezkuntza ikuskaria, Didaktika eta Eskola, Antolakuntzako doktorea

2016ko martxoak 22

Arestian egunkari honetan iritzi atalean argitara eman den artikulu batean (2016-03-18), Koldo Tellituk, Ikastolen Elkarteko Presidenteak, berriz ekin dio Euskal Eskolaren Legearen beharrari. Artikuluan zehar garatzen diren ideiak ezagunak eta errepikariak dira ikastolen partetik, logikoa dena lurralde honetan guztiok elkar ezagutzen baitugu eta guztiok jakin badakigulako nor garen eta zer nahi dugun batzuek eta besteek. Tellitu jaunak, beste aukera batzuetan bezala, sortzen diren abaguneak aprobetxatzen ditu sokatik tira egiteko bere interes zilegietarantz, hau da, ikastolentzat onarpen publikoa eskuratzea ondorio guztiekin. Honaino ez dago ezusterik.

Aldarrikapen honen aurrean, ez dut nire burua zuri-beltzean kokatu nahi, konplexutasun handiko gaia dugu eta. Adibidez, hasi behar dut onartzen Ikastoletara doazen arrazoi onak. Euskal hezkuntzaren historia sagi-sagatsua da, bukaezina eta itxiezina dirudiena, 1993ko Euskal Eskola Publikoaren asmoak behin betiko egituraketa lortu nahi izan arren. Izan ere, gorabeheraz betetako historia honetan, Ikastolak pasatu dira hirugarren sare moduan trataera publikoa ez estatala izatetik itunpeko ikastetxe arruntak izatera. XXI. mendean nahiko sartuta gaudenean, oraindik ere behin eta berriz azaleratzen da sisteman ikastolen kokapenaren beharra, ikastolei beraiei eta hezkuntzari buruz duten ikuspuntu abertzaleari asebeteko diena. Zalantza barik, euskal sistema ez dago arras egituratuta, eta ezin gara konformatu publiko eta pribatuaren arteko eztabaidaren postura ideologizatuekin.

Hori esanda, adierazi ere egin nahi dut euskal hezkuntza sistemaren balizko legea ezin dela bihurtu talisman, irtenbidea emateko arazo guztiei balioko duena, horretarako marko propioa eraiki delako. Etorkinen metaketa ikastetxe publikoetan, euskaraz atera diren emaitza kaskarrak diagnostiko ebaluazioan, sareen artean dauden alde sozioekonomikoak, eskola jantokiko catering sistema, Bilbo moduko hirietan dagoen plaza publikoen urritasuna... Izan ere, azken asteotan komunikabideetan egon diren gaiak eta azaleratu barik beste horrenbeste gai garrantzitsu ezin dira izoztu lege berri batek denari irtenbidea eman arte. Bada, ezin da dena fidatu nahitaez korapilatsua izan behar den lege berri batean, giza akordio zabala lortu behar duena. Atrebentzia handia ez bada, adibide gisa esango nuke ikastolek ezin dutela legearen faltaren babesa bilatu zuritzeko duten etorkin kopurua baxua. Bien bitartean, egoera horri erantzuteko nolabaiteko erremedio batean pentsatu beharko lukete.

Gauzak horrela, kontuaren mamian sartuko gara. Mamia ez da azken helburua, sistemaren batasuna eta kohesioa, gehiengo zabal batek partekatu bailezake, helmugara heltzeko metodoa edo bidea baizik. Eta metodoa induktiboa edo deduktiboa izan daiteke. Nire eskarmentuak esaten dit marko handiekin hastea ez dela estrategia hobea. Aitzitik, bide induktiboek, urratsez urrats, adreiluz adreilu, hurbiltzen gaituzte eraiki nahi dugun eredura. «Largo me lo fiáis, amigo Sancho» Kixoteri parafraseatuz baten batek esango lidake. Baliteke bide luzetxoa izatea, baina seguruena ere bai.

Mesfidantza hezkuntza ingurumari batean ?ideologikoki oso polarizatua?, komeni da hurbilketak egitea benetako zerbitzu publiko, berdintasun eta arduren banaketan kokatzen gaituzten akordioen bidez. Horretarako, mila gai konplikatu ebatzi beharko ditugu, hala nola finantzazioa, irakaskuntzaren doakotasuna, hau da, kuotak ez kobratzea, arazoak ez edukitzea kooperatibaren partaide izateko, kontabilitatearen gardentasuna, diru-laguntzen erabilera finalista, irakasleen kontratazioa, eskola komunitatearen parte hartzea... Bestalde, Eskola Publikoa ere erronka horretarako prestatu behar da, herri ikastetxe bakoitza publikoagoa, demokratikoagoa eta autonomoagoa izaten lagunduz. Autonomia hitza, bai, aipatu dut, gako nagusienetariko bat dena negozio honetan. Baina autonomia ikuspuntu komunitario batetik, eta ez neoliberala.

Ikastolek duten borroka eta sormen historiatik abiatuta, ekarpen itzelak egin ditzakete euskal hezkuntza sistemaren eraikuntzan. Baina ikastolen historian badaude uneak non garai haietarako proposamen abangoardistegiak egitea etxekalte suertatu zen ikastolen helburuetarako. Jo dezagun zatika, has gaitezen elkarrizketatzen, zertaz hitz egiten dugun zerbitzu publikoaz hitz egiten dugunean definitzen, eta prozesuaren bukaeran pastelaren ginga ailegatuko da, hau da, horrenbeste aldiz aipatutako legea. Legealdi honetan zail samarra ikusten dut. Baina, edonola ere, hobe teilatutik ez hastea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.