Albistea entzun

Blusak, feministak, epaiketak eta kriminalizazioa

Zuriñe Rodriguez eta Montse Parra - Gasteizko ekintzaile, feministak

2016ko otsailak 2

Duela astebete, Blusa eta Nesken batzordeak agerraldi publiko bat egin zuen Gasteizen. Bertan, 2015eko jaietatik aurrera jasandako errespetu falta adierazteaz gain, komunikabide desberdinetan argitaratu diren hainbat iritzi artikulutan beraien gainean esandako gezurrak eta azken hilabeteotan entzun behar izan dituzten irainak salatu zituzten. Zeharka eta paradoxikoki, mugimendu feministako bi neskaren kontrako epaiketa bati buruzko informazioa eman zuten. Blusa eta Nesken batzordeko ordezkariak, Luis Izagak, koakzioagatik salaketa bat jarri zien epaitegian bi kide feministari. Hipokrisiaz epaiketa hori ez egitearen alde azaldu ziren arren, epaitegietara joateko beharra plazaratu zuten. Baina, aldiz, ez zuten salaketa kentzeko inongo asmorik aurkeztu; eurak baitira salaketa ipini duten bakarrak.

Emakumeok jaietako espazioetan emakume izateagatik sistematikoki pairatzen ditugun erasoak salatzeko asmoarekin, pasa den abuztuaren 8-an emakume talde bat Blusa eta Nesken paseilloan sartu zen. Jai parekideak aldarrikatzeko egin zen ekintza hori. Sinbolikoki jai guztietan pairatzen dugun egoera bortitzak salatzea zuen helburu bakarra. Eta helburu hori guztiz politikoa da; ekintza politiko bat izan zen, besterik ez. Ez zen Blusa eta Nesken kuadrillen kontrako eraso bat; inola ere ez! Ez zen kontu indibiduala, kolektiboa eta politikoa baizik. Baina, orain, epaiketa bat dago aurreikusita horren harira, eta benetako eztabaida alde batera utzi da. Ez da gatazkaz hitz egiten ari, ezta hirian sortu den haustura sozialaren ondorioaz ere. Erasoaz, jaiaz, gauaz... horretaz ez dute orain ezer esan!

Azkeneko hilabeteetan mugimendu feministaren kontrako etengabeko kriminalizazio bat sufritzen ari gara, eta ez gaude hori jasateko prest. Duela hilabete batzuk Durangon ikusi genuen Sevillako prozesioan coño intsumisoa ateratzeagatik feministei jarritako salaketan, emakume politikarien kontra erabiltzen diren irainetan «feas, malfolladas...», feminista bat bere iritzi politikoak sare sozialetan plazaratzen dituen bakoitzean «feminazi» edo «histérica» bat da, eta abar.

Orain, gure hirian, Gasteizen, feminista hauen kontrako epaiketarekin ere gauza bera gertatzen ari da. Halere, ez da lehenengo aldia. Orain dela pare bat urte Blusen eta Nesken batzordeko ordezkariak egindako adierazpen publiko matxistak plazara ekartzeko beharra dugu. Argi eta lasai esaten zuen: «He puesto pegatinas y tocado tetas toda mi vida sin por ello recibir tortas» (Gasteiz Hoy, 2014-7-22).

Espazio publikoan ez egoteko hezi gaituzte emakumeok, eta espazio horiek okupatzen ditugunean kriminalizatu egiten gaituzte. Heteroarauak ezarritako menpekotasun espazioan egotearekin ados agertzen ez garen emakumeok arauetako bat hausten dugun une oro kriminalizatu egiten gaituzte. Justua ez den jendarte batekin ados agertzen ez denari eta jendarte horrek sortzen dituen desberdintasun eskubideak plazaratzen dituen orori, gauza bera. Kriminalizazioa emakumeei erasotzeko heteropatriarkatuak duen beste mekanismo bat besterik ez da. Sinplea da: jendarte batean menpekotasun posizioak egoteko, botere posizioak egon behar dira beti. Horiek ?botere posizioa dutenek?, sistema hau eraldatzeko ardura bere gain hartu ordez, kriminalizazioa erabiltzen dute, biktimatzat hartuz beren burua.

Feministok, jaietan inplikaturiko beste eragile bat garen heinean, jai ereduari buruz zer esateko asko daukagu, eta argi esan nahi dugu: ez gara arazoen eragileak! Guk ez ditugu tetatinak ipintzen! Beraz, ez gaituzte kriminalizatuko, eta ez dugu parte hartuko analisi sinplistetan. Gertatutakoa Blusa eta Feministen arteko borroka bat besterik ez balitz bezala saldu digute. Baina, ez, askoz korapilatsuagoa da, eta ez dugu onartuko hain modu sinplistan ulertua izatea. Eztabaida honetan non dago nesken ahotsa, instituzio publikoen inplikazioa eta eragile sozialen salaketa?

Epaiketa hau burutzeak ez dauka inolako zentzurik, ez gaitu inora eramango eta ez litzateke burutu behar. Jendarte osoa interpelatzen duen gatazka sozial baten aurrean gaude. Zoritxarrez, ez da lehena Euskal Herrian; gogoratu Alardeak.

Badirudi 2015eko abuztuaren 8a baino lehen hiriak bakean ospatzen zituela bere jaiak. Eta ez da egia! Gatazkan bizi gara. Baina uda honetan gertatutakoa da soilik otsailaren 4an epaitu nahi dutena. Bi emakumeren kontrako epaiketa honekin mugimendu feministak bere osotasunean egindako lana eta bere ibilbide politikoa epaitu nahi da. Eta hori biziki larria da! Jasanezina!

Ez dira berriak tetatinak, ezta paseilloetako erasoak ere. Ez dira berriak irainak, eta ez da berria paseilloa igarotzen den bitartean kalean lasai ibiltzeko ezintasuna (bi aldiz egunero bost egunetan). Horretaz guztiaz hitz egin nahi dugu: biolentziak dituen forma askotarikoez, autodefentsaz, arduraz, gauaz, plazeraz eta erasotzaileek biolentzia justifikatzeko erabiltzen dituzten mekanismo kamuflatzaileez. Biolentzia ezin da inola ere nahastu «hezkuntza faltarekin». Erasoak ez dira «groseria», ezta «ganberradak» ere. Horrela kalifikatu baitzituen Luis Izagak jaietan egindako erasoak.

Epaiketa hau ez da egin behar! Ez dugu mugimendu feminista kriminalizatzen utziko! Eta argi dago: bada garaia Gasteizko jaiei buruz hitz egiteko.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE SINATU DUTE: Eli Etxebarria, Arantza Vazquez, Maider Dominguez, Elena Ruiz, Txiki, Andere Arriolabengoa, Naike Bengoa, Gladys Giraldo, Bea Luz, Paca Robles, Marta Torres, M. Jose Sainz eta Sara Bujanda.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...