Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Metaforak ez dira beti zuzen erabiltzen

Publizitatea

Iritzia

Metaforak ez dira beti zuzen erabiltzen

 

2017-03-04 / Joxe Iriarte 'Bikila' - Alternatibako kidea

Metaforak oso egokiak dira irudi soil baten bidez egoera bat marrazteko. Oso bisuala da helmuga mendi gailurrarekin identifikatzea, eta bidea kolpe batez ezin denean egin, etapetan aritzeko kanpalekuak eraikitzea. Kanpaleku bigarrena, hirugarrena eta hurrengoa gailurra. Baina mendi guztiak ez dira berdinak, gailurrak ere ez.

Ibarretxek Everesteko gailurrarekin identifikatu zuen independentzia, eta katalanei eskalatzeko geratzen zaien erronka gailurrera iristea; eta bere Plana, berriz, (Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoa Eraberritzeko Proposamena), bigarren kanpalekura iristearekin lotu zuen. Beraz, metafora garbia zen, gu bigarreneraino heldu izan ginen, baina arrazoi desberdinenengatik ezin izan genuen aurrera joan. Orain katalanek dute aukera.

Bada, sentitzen dut, baina metafora hori nire uste apalean ez da zuzena. Ibarretxe Planak inoiz ez zuen Everestera igotzea helburu, gehienez, Anetora. Ibarretxe Plana ez zen diseinatu Estatu Independente baten bidean etapa bat izateko. Ez behintzat epe historiko honetarako, gehienez Espainiar estatuarekin (eta bere barruan) parekidetasuna lortzeko. Bazituen alde oso interesgarriak, baina estatutu berri batekin lotuak.

Estrategiaren aldetik ere, aldebikotasun zurrun baten menpe zegoen diseinatua: lehen pausoa, EAEko legebiltzarrean onartzea. Ondoren Espainiako Gorte Orokorretara aurkeztu eta berarekin negoziatu. Puntu honek huts egin zuen, Espainiako alderdi gehienak ez zutelako Plana negoziatzeko (ezta ia eztabaidatzeko) aukera eman. Hor bukatu zen dena. Hurrengo pausoa, euskal gizartearen onarpena, ala ez, erreferendum baten bitartez, hutsean geratu zen.

Katalanen bidea, erreferenduma egiteaz gain, irabaziz gero beren legalitatea indarrean ezartzea da, espainiarra ordezkatuko duena. Alegia, Kataluniako herrian datza eta ez Estatuaren onarpenean. Honek nola erantzungo duen, beste kontu bat da.

Gaur egun, ematen du Ibarretxe jaunak independentziarekin amets egiten duela, eta erabakitzeko eskubidearekin lotzen duela bidea. Bide horrek herriaren gehiengoaren atxikimendua exijitzen du eta, ondoren, erabakiak hartzea. Erabaki legalak, guk egindako legeetan oinarrituak, eta legalitate espainiarra ordezkatzeko asmoekin eginak, talka egiten duenean ere. Horrekin ados legoke Ibarretxe jauna? Ikuspuntu honetatik Euskal Legebiltzarreko autogobernuaren lantaldeak okerreko hankarekin hasi du bidea.

Gure kontuak. «Mas eta Ibarretxeren artean, Elorrieta falta zen Kursaalean», Argia-n argitaraturiko iritzi artikulu interesgarrian Xabier Letonak diosku, «Korronte zabal honetan —Ezkerreko subiranismoari buruz ari da—, neoliberalismoaren eztabaida prozesu subiranistaren erdigunean nahi da. Maltzagako teoriei jarraiki, Gure Esku Dago-k ihes egin izan dio abertzaleak banatzen dituen horri»: erabaki eskubidea, eta kito. Baina erabaki eskubidea gero eta hedakorragoa da gizarte mugimendua gizentzen duen sektore gero eta zabalagoan: erabaki zergez, erabaki erraustegiez, erabaki norbere gorputzaz, erabaki elikaduraz... edo gutxienez, eragin horietan guztietan ere».

Ez nago guztiz ados lehen zatiarekin, bai bigarrenarekin. Esan nahi dut, Gure Esku Dago-ren planteamenduak ez du oinarri abertzaleen fronte interklasista gatz sozial gabekoa, oinarrizko demokrazia sustraitzea eta ekitea, baizik. Izan ere, erabakitzeko eskubidea ez da abiapuntu abertzalea, demokratikoa baizik, nahiz eta hasieran abertzaleek bultzatu izan. Eta abiapuntu demokratikoa denez herritar guztiei (independentziaren aldekoei zein kontrakoei) galdetzea du helburu. Zer nahi duten: gauden bezala jarraitu edo... Ahalduntzea ere deitzen zaio.

Oso ados nago, berriz, abiapuntu demokratikoak geure burua gobernatzeko ahalmena lortzea duela helburu. Horrek jakina, Espainiar unionistak ez ezik, euskal «abertzale» eskuinekoak ere urduri jartzen ditu, neoliberalismoaren asmoekin talka egiten duelako.

Horregatik, GED dinamika demokratikoa eta ezkerreko subiranismoa ez ditut jotzen ildo paralelotzat, edo bi etapa desberdin gisan; aitzitik, elkar lotuta daudela iruditzen zait. Ni neu Oiartzungo GED dinamikan buru belarri nabil, M19ko herri galdeketa antolatzen, eta aldi beran ezkerreko subiranismoa edo gauza guztiez erabakitzen hasteko dinamikaren suspertzearen aldekoan, zeinak espainiar eskuinari eta beren atean beti joka ari den gure eskuin interklasista autonomistari kontrako hegemonia disputatuko diona. Horregatik nago ados Elorrietarekin.

Eta, horregatik, inoiz ez nuen nirea egin garai batean abertzale askoren ahotan zegoen leloa: «lehenengo etxea eta gero ikusiko dugu zein koloretan pintatu». Metafora hori gezurtia ere bada. Etxea eraikitzerakoan funtsezkoenak sustraiak baitira, ondoren etxearen arkitektura, eta solairuak, gelak, sukaldeak, komuna, tokiak, eta abar. Eta dekorazioa azkenean. Kontua ez da lehenago independentzia eta gero sozialismoa. Badakigu bi gauzak ez daudela gaur egun maila berean. Kontua da zer-nolako independentzia nahi dugun (esate baterako, Troikaren menpekoa ala herritarrena) eta batez ere, ailegatzeko behar diren estrategia sozialak eta kulturalak nola gauzatu. Neoliberalismo garaiotan, ez badugu gure etxea hasi baino lehenago goitik behera hipotekatu nahi, has gaitezen kooperatiba sozialaren moduan (hau ere metafora da) eta hor denek dute tokia; ez denak zeregin berean, agian, baina jabetzaren aldetik, pareko.

Masek esate baterako ez zuen aipatu bere politika ekonomikoak (eta bere alderdiaren ustelkeriak) zer-nolako arazoak sortu zizkion independentismoari, batez ere auzo gorrietan txertatzeko (eta nondik zabaldu hortik ez bada?) eta nola, ez CUP-ekoekin.

Arestiren Nire aitaren etxea defendatuko dut aipua oso gustukoa dute askok, nik nahiago hain ezaguna ez den estrofa: «Nik: arrosa gorri bat nahi diat./ Hark: Bai, baina lehenbizi arrosa./ Nik: Bai, arrosa gorri bat./ Hark: lehenbizi arrosa./ Eta azkenean, arrosa zuri bat jarri zeutzaten jakaren solapan».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak