Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Hasi da XXI. mendeko demokrazia

Publizitatea

Iritzia

Hasi da XXI. mendeko demokrazia

 

2017-09-13 / Zelai Nikolas - Gure Esku Dago-ko kidea, eta bozeramailea

Azken hilabeteetan, eta bereziki egun hauetan interes handiarekin ari gara jarraitzen Katalunian gertatzen dena; oso urrats garrantzitsua egin berri dute katalanek beren etorkizun politikoa erabaki ahal izateko. Erabakitzeko tresna bereganatu dute: urriaren 1eko erreferenduma ahalbidetzen duen legea onartu du Kataluniako Legebiltzarrak, gehiengo zabalez —aldeko 72 botorekin eta 11 abstentziorekin (52k alde egin zuten)—.

Inoiz baino gehiago ari gara demokraziaz hitz egiten egun hauetan, gizarte osasuntsu eta aurreratu batean normala den moduan. Normala eta ezinbestekoa. Eztabaida horretan ikusten ari gara zeintzuk diren gure gustuko jarrera demokratikoak eta zeintzuk ez gauden prest onartzeko. Historiak erakusten digu demokrazian sakontzeko aukera egon den guztietan, eskubide berriak konkistatzeko orduan, herritarrak izan garela protagonista eta herritarron jarrera irmoak ekarri dituela gaur egun normaltzat ditugun eskubideak: hala nola adierazpen askatasuna, emakumeen bozkatzeko eskubidea, arrazakeria gainditzeko berdintasun eskubidea…

Begirada altxatzen badugu, konturatzen gara zein une garrantzitsua bizi dugun. Demokrazian sakontzeko aukera dugu, herri baten zilegitasunaren eskutik helduta.

Erabakitzea normala da guretzat. Erabakitzea normaltasunez onartzen eta babesten duen demokrazian bizi nahi dugu herritarrok. Erabakitzeko borondatea eta gaitasuna duen herriak erabakitzeko bidea izan beharko luke. Ez dugu bestela ulertzen demokrazia.

Kataluniako eta Euskal Herriko gizarteetan herritarren %80arentzat normala da Espainiarekin —eta Frantziarekin— izan nahi dugun harreman politikoa erreferendum bidez erabakitzea, aurretik prozesu demokratiko bat egin ondoren. Eta, hala ere, normaltasun hori ez da konpartitzen Estatuan. Are gehiago, ukatu egiten da, neurri errepresiboen bidez, mehatxuak eginez eta zigorrak iragarriz. Baina kanta zaharrak dioen bezala, ura bere bidean doa. Eta gu, herritarrok, Euskal Herritik, askatasunaren eta erabakiaren uren bideari gure babes eta laguntza osoa eskaintzeko prest gaude. Erabakitzea ez delako soilik Kataluniaren auzia, gurea ere bada, gure bozkatzeko askatasuna ere jokoan dagoelako.

Kataluniako prozesuari buruz zentzugabekeria ugari entzun ditugu eta agerian geratzen ari da demokrazia ulertzeko modu desberdinak daudela. Guk bat egiten dugu erabakitzeko bozkatzea onartzen duen demokrazia ereduarekin, herritarrek bere herriaren etorkizunaren inguruan hitza hartzea eta eguneroko erabaki nagusietan protagonista izatearen alde egiten duenarekin. Kataluniako herritarren gehiengoaren borondate demokratiko eta baketsuari erantzuten dio erreferendumak, eta, horregatik, erreferenduma posible izan behar da. Emaitza edozein dela ere, Kataluniak egin duen urratsa erabakigarria izango da salto egiteko demokrazia eredu berri batera, XXI. mendeko erronkei erantzungo dien eredura, hain zuzen.

Demokrazia izaerari zuzen-zuzenean eragiten dioten osagaiak daude mahai gainean. Eta, itxura guztien arabera, erreferendumak porrot egiteko aukera bakarra Espainiak indarkeriaz oztopatzea izango da. Erreferenduma indarrez debekatzen badu, zer-nolako label demokratikoarekin joango da Europara? Demokrazia batean onartezina den aurrekari arriskutsua ezarriko luke Espainiak.

Herritarrok ardura handia dugu. Protagonismo handia hartu behar dugu demokraziaren normaltasuna zehazteko orduan. Ezin da herritarren gehiengoaren borondate demokratiko eta legitimoaren aurka egin, are gutxiago herritarron bozka eskubidea ukatuz. Demokrazia batean ezin zaio eduki beldurrik herritarren borondateari eta hitzari. Horregatik guztiagatik, irailaren 16an hitzordu garrantzitsua dugu Bilbon, Kataluniari babesa emateko, Demokrazia aldarrikatzeko eta Euskal Herrian guztiok bat egiteko gureak ere badiren eskubideen alde. Gure erabakitzeko eskubidea eta bozkatzeko eskubidea ere jokoan daudelako. Izan ere, Kataluniako herriaren ametsa betetzera doa eta haien ametsa gurea ere bada: herritar gisa erabakitzea.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak