Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Animalistak eta tradizioa

Publizitatea

Iritzia

Animalistak eta tradizioa

 

2016-07-31 / Xabier Arregi Gordoa

Uda partean suspertzen dira mugimendu animalistaren erreibindikazio batzuei babesa ematen dieten ekintzak. Hasiera batean, haien aldarrikapenen helburua zen animaliek jasan dezaketen oinazea eragoztea. Gaur egun, oinaze hori nahikoa leunduta, edo ezabatuta, dagoelarik, animalistek bereziki herritar jai giroan izaten den animalien presentzia hutsaren aurka egiten dute, hura ezabatzeko helburuarekin. Hori justifikatzeko, beste era bateko argudioak ematen dituzte, eta kategoria nabarmen antropozentrikoei heltzen diete: «animalien duintasuna», «animalia eskubideak», «espeziesmoa»-ren aurkako borroka, «animalien emantzipazioa».

Gaiaren inguruko eztabaida zabala da, eta tonu eta ñabardura askotarako ematen du. Peter Singerek jarrera erradikala hartzen du animaliak kontsideratzeko moduei dagokienez, baina nabarmen aldentzen da argudio horiei darien kutsu antropozentrikotik. Singerek dio animaliak organismo biziak direla (eta ez da gutxi!), euren iraupen eta asetasun senak dituztenak, eta egoera batzuk oinazetsuak gertatzen zaizkienak. Beraren konpromiso animalistan, argudio moralistak baztertu, eta xedetzat hartzen du animaliei sufrimendua eragingo dieten egoerak saihestea, baita senak eskatzen diena betetzea erraztuko dieten egoerak bideratzea ere. Ideia horietatik abiatuta, arreta berezia eskaintzen die animaliengandik ateratzen diren elikagaiak modu industrialean ekoizteko baldintzei, eta lehentasuna egoera horiek saihesteari ematen dio. Aberekiak gure elikadura ohituretatik kentzearen aldeko apustua egiten du, irtenbide modura beganismoa proposatuz.

Gurean, animalistek, aldiz, arretarik handiena eskaintzen diete euskal jai-giroan egiten diren hainbat jarduerari: sokamuturra, asto-lasterketak, idi-demak, txerri baten erakusketa... Denak nekazaritza mundutik jarauntsitako joko edo ikuskizunak dira, gure tradizioetan errotuak. Antzinatik datozen arren, gaur egungo eskakizunen arabera daude araututa, oinaze egoerak eragozteko. Jarduera horiei, aisialdi, ikuskizun eta tradizio alderdiaz gain, beste bertute batzuk ere aitortu behar zaizkie: animalien eta pertsonen arteko hartu-eman, ezagupen zuzena sustatzen dute; animalia horien jabeek haiek zaintzeko eta babesteko erakusten duten arretaren, kontuaren eta gozotasunaren aitortza modura balio dute; eta nekazaritza giroko ekonomia xume batentzat diru-iturri osagarria ere badira.

Horietaz aparte, aisialdiari loturiko makina bat jarduera ezagutzen ditugu horiek baino larriagoak, errespetu askoz gutxiago erakusten dutenak animaliekiko, eta ez dutenak inolako arretarik jasotzen gure arteko animalistengandik. Zaldi lasterketak eta jauzi lehiaketak, adibidez. Horietan, zaldiei eliteko kirolarien exijentziak ezartzen zaizkie, eta, entrenamenduetara kondenatuta, askotan zigortuak izaten dira lasterketetan. Ez ditzagun ahaztu hor mugitzen diren diru kontuak: zaldien jabeenak (normalean elite ekonomikoa) eta apustuetan mugitzen direnenak. Ez hori bakarrik. Egunerokotasunean ere badaude hartzekoak. Animalistek eurek ere ez dute arazorik txakurrak edukitzeko, etxean sartuta, otzanduta, bizitza artifizial, menpeko batera kondenatuta, asko jota buelta pare bat emanda egunean, lepokoa ipinita eta kateatuta, jabetzapeko gai duintasun barikoak bihurtuta. Horietaz gain, badaude desfileetarako erabiltzen diren zaldi eta txakurrak, eta beste hainbat komedia. Ez dut motiborik ikusten pentsatzeko txakur eta zaldien jabe kaletar horiek idiskoen, idien edo astoen jabeek baino gehiago edo sanoago maite dituztenik euren animaliak. Ez dago animaliak maite eta errespetatzeko modu esklusibo eta dogmatikorik. Hala ere, animalista batzuek lortzen dute euren ikuspegi baztertzailea ezartzea han eta hemen. Dozena erdi bat lagun pankarta baten atzean nahikoa da jarduera tradizionala estigmatizatzeko eta ezabatzeko, alkate batzuen erabaki arbitrarioa edo sasi-bozketak tarteko. Hala ere, arrazoi ugari daude tradizio horiei eusteko, bereziki animaliekiko sentiberak diren jarrera ezberdin eta legitimoetatik. Herritar jai-giroko jarduera horiek, pertsonen eta abereen arteko elkargune modura ulertuta, gure herriaren iraganaren eta orainaren lanari eta aisialdiari loturiko bizimoduarekin bat egiteko eta enpatizatzeko aukera ematen digute, baita horretan animaliek izan duten garrantziaz jabetzeko ere, haiek ere badirelako gure iraganaren osagaia. Funtzio pedagogikoa izatera ere heldu daitezke elkargune horiek, eta animaliaren berezko senen ezagupenera eta bizipenera eraman gaitzakete, bai behintzat txuleta, zoologiko edo etxean preso dagoen txakurraren bidez lortu dezakeguna baino hobeto. Are gehiago, aprobetxa daitezke ospakizun horiek saritzeko bere abereak (astoa, idia, idiskoa edo dena delakoa) modu duinagoan, begirunetsuagoan zaintzen dituen jabea, animalia horien bizi-baldintzak eta egoera kontuan hartuta. Eta, esandako moduan, halako planteamendu batek lagun dezake gurean ahulduta dagoen lanbide eta ekonomia xume baina garrantzitsua suspertzen eta herritarrengana gerturatzen.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak