Albistea entzun

Euskal Eskola Publikoa versus Ikastola? (III)

Koldo Tellitu Mejia - Ikastolen Elkarteko Lehendakaria

2014ko uztailak 6

Maiatzaren 29an BERRIAn Tasio Erkiziak idatzitako artikuluaren harira, Pedro J. Machok (EILAS) izenburu bereko beste artikulu batez erantzun du ekainaren 14an. Egileak, euskal hezkuntzaren egituraketaz eta Euskal Herriko sistema propioaren eraikuntzaz proposamen, sintesi berri edo aukera eraldatzaileren bat aurkeztu beharrean, zuzen zuzenean ikastolen deskalifikazio hutsaren bidea hartu du, ikastola eredua, eginkizuna eta egungo ekarpenak gaitzetsiz. Badirudi artikulugile honek eta bere klabean idazten dutenek ereduen liskar antzura eraman nahi gaituztela. Hona hemen Pedro J. Machoren (EILAS) zenbait ekarpen.

Ikastolen misioa eta eginkizuna ukatzen ditu, hots, «helburua, beraz, zein da, zein izan behar da: euskaldunak heztea ala euskara eta euskal kultura ez dutenei helaraztea?».

Guk bi-biak egiten ditugu hastapenetik, Euskal Herri osoan; guretzat berdin baita eremu guztiz euskalduna zein erdalduna izan, Lapuebla, Balmaseda, Lekeitio, Ordizia, Tutera, Lesaka, Hendaia edo Alozen, euskara ardatz hartzen duen eleaniztasuna eta konpetentzietan oinarritutako euskal curriculuma zutarri baitira euskara eta euskal kultura gizarteratzeko.

Ikastolen ekinbide soziala alde batera uzten du: «[…] Maila sozioekonomiko baxuenekorik ez ikastoletan, horiek guztiak eskola publikoetan. Jendarte osoa abiapuntu eta helburu, beraz, non ote ikastolen dimentsio nazionala?».

Eskolak izan behar du Hezkuntza eskubidearen berme, eta berdintasuna eta gizarte kohesioa bultzatzeko tresna. Guk geure dugu egiteko hori. Are gehiago: Araba eta Gipuzkoako zenbait herritan, esaterako, ikastola da eskola bakarra; ikasle guztiak hartzen dituzte eta beren zeregina eta lana kalitatez eta ekitatez betetzen dituzte.

Ikastola eredua ezagutzen duen ororentzat onartezina da hura baztertzailea dela entzutea. Gainera, hori diotenek ahaztu egiten dute ikastolok ez dugula nahikoa finantzazio. Egun dugun eskola postu bakoitzeko administrazioen menpeko ikastetxeetan jasotzen dutenaren erdia jasotzen dugu; horregatik gurasoek ordaindu behar izaten dute kostuaren % 20.

Pedro J. Machok (EILAS), gogoz bestera, ikastolen lana onartzen duen lurraldeetan (Nafarroako 'eremu ez euskaldunean' eta Ipar Euskal Herrian) eginkizun hori aurrera doa, besteak beste, gainontzeko ikastolek haien elkartasuna eta laguntza (ekonomikoa barne) ematen dietelako. Zein hezkuntza taldek jokatzen du era horretara Euskal Herrian?

Artikulu horretan, galdera bat ere egin du: «Baina publifikazio prozesua berriro zabal daiteke, ezta?».

Beraz, 1993an ikastolek jasandako publifikazioa nahikoa ez, eta beste bat eskatzen hasi dira hezkuntza eragile batzuk eta beren ordezkari zenbait. Orduko Hezkuntza sailburuak esan zuen handik aurrera ez zela gehiago ikastolez hitz egingo, eta ematen du oraindik badela hori lortzeko ametsari heltzen dionik.

Are okerrago, uste dute hori beharrezkoa dela sektore publikoa bere esparruan egituratzaile eta nagusi moduan finka dadin; eta hau guztia, beste hezkuntza eragile batzuek, Euskal Herriarentzako hezkuntza sistema propio baten bila gabiltzala, Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren inguruan hausnartzea beharrezko dela plazaratu dugunean.

Hala, eztabaida hori ekiditeko, aurrerantz ihes egiteari ekin diote: egungo publikotasun eredua zalantzan jarri gabe, hemen duguna munduan diren ereduetariko bat besterik ez denean: publikotasuna titulartasunarekin lotzen duen eredu jakobino eta atzerakoia, gainditu beharrekoa, Europako eta munduko beste herrialde askotan egin duten moduan.

Eta Europako sare desberdinetako ikasle kopuruaren datu interesatuak ematen dituzte, eta ezkutatzen Europan ez dagoela publikotasun eredu bakarra, lurraldeka kopuruok desberdinak direla eta publikoa ez den sarearen portzentajerik handienak hizkuntza gutxituren bat duten herrialdeetan (Frisian, Flandrian, Euskal Herrian...) ematen direla.

Munduan badira guretzat nahi ez ditugun eredu asko, bereziki bi, Euskal Herrian indarrean daudenak: Espainiakoa eta Frantziakoa. Horregatik Hezkuntza sistema propio bat eraiki nahi badugu, sare guztiak aintzat hartuta izan beharko da, eta denon esperientzia oinarritzat hartuta.

Hala, hezkuntza zerbitzu publikoa izaera sozial nabarmeneko ikastetxeetatik ere kudeatu daiteke; irabazi asmorik gabekoak dira, gizarte ekonomian kokatuak, hezkuntzaren arloan gizarte ordenaren oinarrizko helburuekin bat egiten dutenak. Betiere administrazioak baimendu eta ikuskatuta, beren kudeaketa, gardena izateaz gainera, aldizka administrazioaren kontrolpean jarriko dutenak.

Pedro J. Machok (EILAS) ikastolen dimentsio nazionala arbuiatzeko «Euskal Herriko egungo herritarron aniztasun gero eta handiagori» erreparatzen dio. Baina ez du erabiltzen aniztasunaren diskurtsoa Euskal Hezkuntza Sistemaren antolaketaz ari denean. Non geratzen da gizartearen esparru guztietan aldarrikatzen diren pluraltasuna eta aniztasuna?

Artikulu honetan, Pedro J. Macho EILASeko kide gisa aurkeztu dugu. Haren afiliazio sindikalak ez gaitu kezkatzen, eskubide osoa baitu nahi duen aukerari eusteko. Baina, Bizkaian, Administrazio Publikoan duen arduratik begiratuta, dagokion jarduera neutraltasunez garatzeko gaitasunarekiko zalantza bizia sorrarazten digu Pedro J-ren jarrerak.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...