Albistea entzun

Aukera Sakana eta Nafarroarentzat

Joseba Garmendia, Mikel Berdud, Eduardo Galan - EHUko irakaslea Ekonomialaria —Office of, Health Economics of London—, Abokatua eta gizarte langilea

2015eko azaroak 12

Zortzi hilabeteko itxaronaldia izan eta gero, bigarren bileran, maiatzaren 21ean, Lourdes Goikoetxea Nafar Gobernuko lehendakariordeak bere mintzaldia hitz hauekin hasi zuen: «Bideragarritzat jotzen dugu Sakanako Mankomunitatea eta Nafar Gobernuaren arteko Hitzarmena, Sakana2020 Plan Estrategikoa laguntzeko». Ordezkaritzak pozez jaso zituen hitz horiek. Planean jasotako 160 ekimenen kostuak zehazten zituen proposamena ekarri zuen mahaira. Zazpi milioi euro sei urtetan banatzeko. Huskeria, nafar geografiako beste eskualde batzuetako jarduera batzuekin alderatzen badugu behintzat. Hainbat xehetasun fintzekotan eta inoiz iritsiko ez zen hitzarmen zirriborroaren gainean lanean jarraitzekotan geratu ginen. Baina hauteskunde emaitzen ondoren, gobernuak negoziazioa eten zuen.

Maiatzaren 21 hartan gure itxaropenak gauzatu ahal zirela sentitu genuen. Sakanarako garapen estrategia definitu eta gauzatzeko lan, adostasun, hausnarketa eta ekimen ugariko lau urte mamitsuen emaitza lortu zitekeen. Eskaera hirukoitz bati erantzuteko aukera izan zitekeen: alde batetik, langabezia eta krisiaren ondorio gordinak sufritzen dituzten biztanleena; bestetik, Plan Estrategikoa aho batez onartu zuten Udalena; eta, azkenik, Nafar Parlamentuaren eskaria ere bai. Azken hori izan baitzen urtarrilaren 13an aho batez eskualdean egindako lana aitortzeaz bat, Nafar Gobernuari Plana gauzatzen laguntzeko behar adina baliabidez hornitzea eskatzen zion mozioa onartu zuena.

Planaren bultzada erabatekoa izan ahal zen, ez baita ahantzi behar tokiko erakundeek ez dutela eskumenik, ezta baliabiderik ere, sustapen ekonomikorako. Gauza jakina baita garapen ekonomikoa bultzatzearen ardura bere gain hartu duten eskualdeek finantzazioaren zati handiena foru edo autonomia-erakundeetatik lortzen dutela, eta ez udaletatik. Horregatik da ezinbestekoa Nafar Gobernuaren inplikazioa. Aurretiaz idatzitako artikulu batean halaxe argudiatzen genuen: «Nafar Gobernuaren ordua da».

Izan zitekeela diogu, baina ziur gaude izan daitekeela.

Plan Estrategiko hau aukera delako Sakanarentzat. Arrazoi ugariengatik. Sei arlo estrategikoetarako zehaztu dira jarduera ildoak eta ekimenak: elikadura sektorea, energia, hezkuntza, industria, merkataritza eta turismoa. Tokiko garapenerako ikuspegi aurreratuenetan eta esperientzia arrakastatsuetan oinarrituta dago. 80ko hamarkadako eskema zaharkituak gainditzen ditu, ez baita azpiegitura eta kanpoko enpresak erakartze soilera mugatzen. Adostasun zabalaren inguruan (tokiko erakunde, alderdi politiko, enpresari, sindikatu eta beste eragile askoren artekoa) elkarlanerako sareak eta ideia, esfortzu eta baliabide endogenoen mobilizaziorako sareak sortzen ari dira. Aktore proaktibo eta ekimen kopurua biderkatzen ari da. Lehen emaitzak hor daude, enplegu sormenean eta langabeziaren murrizketan.

Gainera, Plan Estrategiko hau Nafarroarako aukera ere bada, eta ez bakarrik Sakanan ezarritako ahalmen industrialagatik. Beste eskualde batzuetarako praktika egokien adibide —benchmarking— izan daiteke, zentzu askotan: garapen endogenoko estrategia sistemikoen lanketan, maila anitzeko gobernantza eredu barneratzaileen eraikuntzan, ekintzailetasun kolektiboaren bultzadan, enpresen arteko elkarlan-sareetan, energia-egitasmo pilotuetan, tokiko eragile eta udalen ikasketa prozesuetan —policy learning—, dentsitate instituzional eta gizarte-kapitalaren sorreran, besteak beste.

Bestalde, Nafar Gobernutik bultzatzen diren industria, I+G+b eta kluster-politikentzat osagarri interesgarria da. Izan ere, gobernuak politika horizontal eta orokorrak konbinatzen ditu, sarritan enpresa ertain eta handietara soilik iristen diren diru-laguntza eta sare politiken bidez. Osagarritasuna berriz honetan datza: eskualdeko garapen esperientziek, goi eskaletako politika industrial edota sektorial horiei sakontasun, testuinguru-egokitze eta irisgarritasun handiagoa eskaintzen diete.

Tokiko garapen-eragileen praktikek onura ugari dute: klusterrei osagarri zaizkien eta mikroenpresak zein txikiak gehitzen dituzten sareak sortu; I+G+b, komertzializazio, internazionalizazio, kokatze estrategiko eta enpresa-kudeaketa hobetzeko politikak enpresa txikien errealitateari egokitu; aipaturiko politika hauetan jokaera-gehigarritasun indizeak hobetu; lurraldearen gaitasun endogenoen ustiatze eraginkorragoa lortu, Europar Batasunean bultzatutako lehiakortasun sistemiko, tokian oinarritutako —place-based— politika eta lurralde adimentsuen —smart-territories— ikuspegiei jarraiki; eta aktore lokalen animazio eta kontzertazio ahalmena sendotu, herri eta eskualde espazioetatik modu eraginkorragoan aktiba daitezkeen faktore leunen gain pibotatuz (identitatea, kultura, instituzioak, gizarte-kapitala...).

Horrenbestez, aukera hauek ezin direla galdu uste dugu. Sakanako garapen-eragileen eta Nafar Gobernuaren arteko elkarlanerako marko egonkorra sortu behar da, eta Sakana2020 Plan Estrategikoa gauza dadin beharrezko diren baliabideez jantzi baita ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...