Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Utikan errua, lotsa eta beldurra

Publizitatea

Iritzia

Utikan errua, lotsa eta beldurra

 

2017-08-13 / Itziar Diez de Ultzurrun Sagala - Itzultzailea

King Kong teoria euskaratzen ari nintzela ezin nuen burutik kendu iazko San Fermin eguneko talde-bortxaketa. Ezta Nagore Laffage ere, Jose Diego Yllanesek bortizki hil zuena ezetz esan ziolako, orain bederatzi urte, orduan ere uztailak zazpi zituenean. Liburuan Despentesek kontatzen du nola bortxatu zuten hiru mutilek eta nola saihestu zuen gero gertaturikoaz mintzatzea: «[...] Zeren bortxaketan, beti frogatu behar izaten dugu ez geundela inolaz ere ados. Erruduntasuna, nolabait, aipatzen ez den lerradura moral baten mende dago, halako eran non beti erortzen den zama astunagoa sartu dio tenaren gainean, sartu duenaren gainean baino». Idazleak, bere bizipen eta gogoetak trebeziaz txirikordatuz, argi erakusten digu errua, lotsa eta beldurra direla oraindik ere bortxaketaren kulturak emakume bortxatuari onartzen dizkion sentipen zilegizko bakarrak. Yllanesen aurkako epaiketan, epaimahaikoek ea alaba oso mutilzalea zen galdetu zioten Asun Casasolari, Laffageren amari. 2009an. Hemen. Iaz bost gizonek taldean bortxaturiko emakumeak ere frogatu behar izan du ez zegoela ados. Hari buruz ere entzun-irakurri ditugu ez zuela behar bezain zuhur jokatu sanferminetan ezagutu berri batzuekin joanik. 2016an. Hemen.

Errua, lotsa eta beldurra ez dira hagitz lagungarriak halako eraso doilor baten ondoren suspertzeko, baina legamia aparta dira bortxaketaren trauma hanpatu eta betikotzeko, erasoa jasandako emakumeak barnera dezan oneratzeko biderik ez duela. Bizirik ateraz gero, isilik egotea besterik ez dagokio-eta, edo zuhaitz bihurtzea, Apolorengandik ihesi zihoan Dafne bezala. Hitzerako eta ekintzarako eskubiderik gabe. Despentesek dioen bezala, bortxaketaren bidez sexu batek besteari esaten baitio nor den nagusia, eta mendeko, errudun, isil eta ahul sentitu beharra duela, lasai antzean biziko bagara denok. Horregatik uste du ezin zaiola bortxaketaren gaiari heldu gizontasunaren mistikari sastakada jo gabe, erraietan gorderik daramana disekzionatu gabe. Azaleratu beharra dagoela nola eraikitzen den mistika hori denok sinetsi dezagun gizonen berezko izaera bulkadazkoa dela, eta gizonen sexurako grina, eutsiezina. Zeren badaki menderatzaileek erabiltzen duten ohiko baliabidea dela gainerakoei sinetsaraztea beren ikuskera kokatu eta mugatuak unibertsalak bezain naturalak direla, ikuskera horien arabera eraikitako egiturek molda ditzaten azpikoen begiradak ere.

Despentesek, bada, ez zuen bere bortxaketaz hitz egin Camilla Paglia feministaren berri jakin arte: Pagliaren testuek indarberritzeko ahalmena eman zioten, bortxaketaren esanahia ulertzen lagundu ziotelako: «Bai, kalera atera ginen, geurea ez zen eremu batera. Bai, bizirik irten ginen, ez gintuzten hil. Bai, minigonan geunden, biok bakarrik, mutilik ez gurekin, gauez; bai, ergelak izan ginen, eta ahulak, hiru mozolo haiei muturra hausteko ezgai; ahulak, neskek ikasten dutelako ahulak izan behar dutela erasotzen dietenean. Bai, hala gertatu zitzaigun, baina aurreneko aldiz ulertzen genuen zer egin ziguten: etxetik atera ginen aitatxo ren eta amatxoren etxean ez zelako gauza handirik gertatzen. Arriskua hartu genuen, eta ordaina jaso, eta orain, bizirik atera ginelako lotsatu beharrean, zutik jar gintezke berriz, eta ahalik eta ondoen bizkortu. Pagliak baimena ematen zigun gerlari ginela irudikatzeko: ez ginen ja geure jokabidearen ondorioz gertatutako zerbaiten erantzule zuzenak [...] ».

Despentesen gisara, gainerako emakumeek ere erabaki genuen etxe zuloetatik ateratzea, guretako prestaturiko kaiola politez askatu nahirik eta geureak ez bide ziren lurraldeez, egiazkoez eta sinbolikoez, jabetu gogoz. Jaiez ere bai. Eta hala egin dugu ezbaian jarriz, Despentesek proposatu bezala, emakume izendatuek berezkoak ei dituzten ezaugarriak: otzantasuna, leuntasuna, neurritasuna; indarra erakutsiz eta uko eginez festetan zegozkigun bazter lekuei. Dantzan aritu nahi genuelako hodei guztien azpian eta plaza —eta zubi— guztien gainean, edozein herritako jaietan. Baimenik eskatu gabe. Arriskuak arrisku. Indarra behar izan dugu horretarako, eta bortxaturiko emakumeak indarra behar du sentiarazi nahi dioten erruaz, lotsaz eta beldurraz gabetzeko eta berbiktimizazioari uko egiteko. Emakumeok indartsu agertzea ez da, kontrakoa sinetsarazi nahi diguten arren, indarkeriaren apologia. Ez ar eta ez eme ez den gure baitako King Kongi azaleratzen uztea da amorrua geure burua babesteko gihar bihurtzea.

Eraso matxisten biktimak, bortizkeria guztien biktimen legez, indartsuago bilakatzen dira jakinik jendartearen indarra beren hitz eta ekintzak sendotzeko baliatzen ahalko dutela. Talde feministak aitzindari izan dira biktimei sendotzen laguntzen, eta haien urteetako lan eskergaren emaitza dira gero eta udal gehiagotan ikusten ari garen erantzun berriak, erakundeen eta jaietako beste eragileekin elkarlanean landuak. Izan ere, erasoak eraso, gauzak aldatzen hasiak dira: gaztetxo ginela ipurdia ukitzen zigunari zaplazteko batekin erantzuten genionean, gu izaten ginen maiz tabernatik ihesean joan behar izaten genuenak, inguruko lekukoen erantzunik samurrenak barre-algarak izaki. Despentesek zuzen dio: feminismoak erabat aldatu du gure mundua. Feminismorik gabe jendeak ez lituzke gure jaietan plazak beteko indarkeria matxistaren kontra agertzeko. Despentesek badaki guk ere badakiguna, feminismoen iraultzetan eta generoen iraulketetan sakonduz baizik ez direla beste aldera erabat igaroko beldurra, lotsa eta errua. Bortizkeria matxistaren erroak suntsitu nahi ditugunon indarrak bilduz lortuko dela ez dadila egon, ez hemen, ez inon, ados ez zegoela frogatu beharra duen emakume bortxaturik.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak