Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Alaitasun triste bat

Publizitatea

Iritzia

Alaitasun triste bat

 

2016-06-02 / Pako Aristi - Idazlea

Oso xume idatziko dizut, lagun maitea, zuk, agian bihotz onez zerbait egin nahian ekintzak kuestionatzen ez dituzun horrek uler dezazun nire postura.

Ni independentziaren alde nago, beraz, ez naiz igandean bozkatzera joango. Ezin dut joan, iruzur egingo nioke neure buruari, iruzur hainbeste maite dudan herriari. «Zer izan nahi dut, aske ala menpeko?». Herri batek, sano dagoenean, ez du planteatu ere egiten halako galderarik. Ez al da galdera txepela? Erne dagoen herriak honako hau galdetzen du: Nola askatuko naiz menderatzen nauten bi estatu inperialista horietatik?

Horrela kokatzen da munduan estatua duten nazio guztien koordenada politikoetan: hauek ez dute zalantzan jartzen independentzia, eta bertara datozenei integratzeko abantaila eta koertzio sistema guztiak eskaintzen edo ezartzen dizkiete. Eta denak dira independentista: japoniar guztiek nahi dute Japoniaren independentzia mantendu; txiletar guztiek Txilerena, eta hala 198 naziotan. Badakite independentzia dela demokraziaren lehen baldintza, badakite independentzia ez dela eskubide bat gehiago, beste eskubide guztien lehen pausoa baizik, beste guztien aurretikoa, pertsona baten bizitzeko eskubidearen parekoa dela, baina herri bati dagokionez. Aznarrek ederki esan zuen: «Politika negoziatzearen artea da, baina bada zerbait negozia ezina dena. Zuk negozia ditzakezu aurrekontuak, baina herri baten existentzia ez da negoziatzen». Aznarrek ez, eta zuek bai? Gure herriaren existentzia kolokan jartzen baituzue, ez-existentziari ere aukera emanez.

Askatasuna ez da aukera bat, obligazio bat baizik. Hori da, baina, menperatuak izan diren nazioei txertatzen zaien lehen zalantza: konkista, usurpazioa, boteregabetze eta akulturizazio prozesu baten ondorioz herri hori herri arrotzean integraturik geratzen baita, deuseztua bere nortasun propioa, suntsitua identitarioki. Hau testuinguru historikoa duzu, lagun, baina bada marko politiko bat ere nire jarrera ulertzen lagun diezazukeena.

Autodeterminazioa zer da? Herri batek bere burua gobernatzeko daukan eskubidea, kanpoko inoren injerentziarik gabe. Horrek esan nahi du menderakuntza gainetik kendu behar duela, independente izateko. Autodeterminazioak independentzia du baldintza, beraz independentzia da autodeterminazioa dakarrena, ez alderantziz. Hortik aurrera erabaki ahal izanen du, orain bai, nola komeni zaion bere burua gobernatzea. Independentziak sortzen du demokrazia herri batean, ez alderantziz. Askatasuna dagoen lekuan, beraz inperialismoa ez dagoen herrietan soilik loratzen da demokrazia.

Marko eta testuinguru hau kontuan hartu gabe antolaturiko bozketa anti-pedagogikoa da, hedatzen duzuen mezua hau baita: bozkatuz iritsiko da independentzia. Eta hori, gaur diotsut eta apunta ezazu, ez da gertatuko. Independente garelarik bozkatzeko aurkezten dugun konstituzioarekin, bai. Hori ulertzen ez baduzu, saiatu ulertzen, horrela egingo diozu zerbitzurik onena herriari. Ez egin zerbait, zerbait egitearren. Nahasmena baino ez duzu zabalduko zure inguruan, eta ziurtasun gutxi. Ez sartu kontu politikoetan, politikaren funtsa eta mamia ulertzen ez badituzu, dena ideologiagabetzen baita horrela, eta ideologiagabezia da hilzoriko zezenari sartzen zaion puntilla. Begira, begira, nola erlaxatu den herria oso modu larrian, anestesia barreiatu dute, oso modu interesatuan, DSS16 bezalako ekimenek, hemen tentsio historikorik eta arazo nazionalik ez balego bezala; begira nola infantilizatu duten herria, lip dub eta gisako ekimen ustez modernoekin, dena festa mailara endekatzeraino.

Zuen ekimena menperatzaileen homologazio bat da, haien iritzia zilegiztatzen duelako. Hori historiaren aurka doa, ondorio hau baitakar: ez da konkistarik egon, geure borondatez gaude bi estaturen menpe, eta borondate berri bat behar da ez dugula egon nahi adierazteko. Espainiaren mende jarraitu nahi dutenen iritzia errespetagarria dela diozue, baina ez, ez da: salagarria da, inposatua izan delako; noiz bozkatu genuen Espainian egotea? Horri aurka egiteko independentzia aldarrikapena guztiz zilegi da. Munduaren konfigurazio politikoan bizirik irauteko berme bakarra estatua edukitzea baita. Estatu hori ukatzen digutenek iraupena ukatzen digute. Herri menperatuaren ezaugarria hau baita: zapaltzailearen ideologia nagusi dela, gehiengoa, bestela ez ginateke menperatu. Eta egoera horretan hautetsontziak jartzea suizidio bat da, suizidio geldoa.

Espainiar nahi gaituztenek ez dute bozkatu beharrik ere, jadanik haien proiektua indarrean dagoelako: probintzia gara, gero eta barneratuago. Hain inozoak zarete pentsatzeko indarrez eta mendeetan ezarritako statusari bozketa bidez emango zaiola buelta? Hori politika ez ezagutzea da, etsaia ez ezagutzea da, eta baldintza horietan herri hau nahasten hastea herri honi errespetu gutxi edukitzea. Barka iezadazu, lagun, diskurtsoa gogortu badut, baina oso ur sakonetan sartu zarete, agian horretarako prestaturik egon gabe. Etsaiarekin jolasik ez; bere mende eduki nahi zaitu, eta zuk bere aurka egin beharko duzu politika, haren menpetik atera nahi baduzu.

Ez dut ulertzen alaitasunari ematen diozuen garrantzia: menderaturik gaude, eta gainera barre egin behar dugu? Zer gara, masokistak edo? Errotondak ikurrinez bete zaizkigu, udalak bandera espainolez betetzearekin batera. Entzun dezaket: «Nire soldata instituzionalarekin desobedientziarik ez!». Alaitasunak ez ditu herriak askatzen, indarrak baizik, estrategiaren oinarrian formulaturik eta aktibaturik dagoen indarrak, politikoki erabilgarria denak. Hain larria iruditzen zait herri baten askatasun aukerak hautetsontzietan atxilotzea, matematika hutsera kondenatzea: «%44ak bozkatu du independentzia, ai!, zorte txarra; beste 500 urtez Frantziaren eta Espainiaren mendean egotera behartuak zaudete!». Ez al zaizu erridikuloa egiten hau guztia? Bada zuen eskaintza horixe da.

Ez badugu, momentuz, independentzia aldarrikatzeko indarrik, indartu ditzagun giharrak, gure askatasuna hedatu, finkatu, instituzionalizatu eta defendatzeko neurrira iritsi arte, jendea itxaropen faltsuetan nekatu gabe, etsipena zabaldu gabe, independentzia ezinezkoa den ideia baino ez baita loratuko hautetsontzien bitartez.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak