Albistea entzun

Burkinia: jakobismo frantsesaren porrota

Jakes Lafitte - Ingeniaria

2016ko irailak 8

Islamari buruzko polemikak 1989. urtean hasi ziren, Ernest Chenière RPR-eko kide eta ikastetxe buruzagiak ikasle musulman bati buruko zapia kentzeko agindu zionean. Data horretatik gaur arte itsatsi zaie eztabaida islamaren ikur guziei. Azkenaldian, burkiniaren arazoa izan da, eta, zorionez, Frantziako Estatu-Kontseilua musulmanen alde jarri da; ebazpen hori Amnesty Internationalek, Gizakiaren Eskubideen Erakundeak eta Nazio Batuen Erakundeak ere bermatu dute. Kezkagarria dena da Frantziako gizartearen zati handi bat (%64), baita arduradun politiko andana bat, laikotasunaren izenean burkiniaren eta islamaren ikurren debekatzearen alde izatea. Laikotasunaren babesaz gainera, islamisten terrorismoa eta Frantziaren «islamizazioa» dira debekatze horien zergatikoak. Baina laikotasunaren izenean ez ditu Frantziako Estatuak elizgizonen jantziak debekatu, eta budisten ala juduen kontrako jantzi eta elikagai denda berezien aurka ere ez du sekula legeztatu.

Joan den mendeko lehen urteetan laikotasuna zela-eta, Eliza Katolikoa eta Frantziako Estatua gerla bizian zirelarik, eta beste erlijioak hortik kanpoan ziren bitartean, nabari da orain islama estatuaren jomugan dagoela. Gauza segurua da jihadisten terrorismo basatiak gizartea eta boterea kezkatzen dituela, baina ez da zio bat musulman guztiak horren hobendunak edo terroristagai egiteko. Aitzitik, musulman moderatuen artean laguntza xerkatu behar dute agintariek, baina ez Sarkozy jaunak eta beste batzuek dioten bezala, «Frantziako Islama» eginez, baizik eta Frantzian eta beste herri guztietan dauden musulmanek integrismo fanatikoaren aurka borrokatzeko bidean partekatuz. Frantziaren Iraultzaren denboretan Estatuak Eliza Katolikoa bere menpean hartu nahi izan zuen, Erromako agintarietatik kenduz, baina porrota izan zela ohartua zen gero. Horrez gainera, Estatuak erlijioaren gauzak bere ardurapean hartzea laikotasunaren printzipioaren aurka litzateke.

Ikur musulmanen aurkakoek diotenez, Frantziako Islamizazioa eta nortasun erreibindikazioa badituzte helburutzat musulman elkargoek. Nortasunaren erreibindikapena segurik bai, baina Frantziako gizartea islamizatu nahiarekin nola ados izan? Frantziako biztanleriaren ehunetik hamarrak nola erlijioaz aldatuko luke beste ehunetik berrogeita hamarrekoa? Hori muturreko jihadisten asmoa bada ere, ez da Frantziako musulmanek pentsatzen dutena. Islamaren balio berriak Frantziako musulmanen artera hedatzen diren arren, ez da haien asmoa inguruko guztiak erlijioaz alda daitezen. Burkiniaren afera dela eta, ohartu behar da jihadistak bainujantzi horren aurka badirela, haien aburuz emakume batek ez duelako bainatu behar jende guztien aurrean, eta, are gutxiago, bere gorputzaren formak agerrarazi. Orduan Frantziako jakobinismoa eta jihadistak ikuspuntu berera iristen dira: hots, intolerantziara.

Hain zuzen ere, Frantziako jakobinismoa hasiera-hasieratik intolerantea izan da: bai herrialde zatiketaz , bai hizkuntzaz, baita ere Frantziako herritarrek ukan ditzaketen jarrerez. Beloaren eta burkiniaren aurka ekinez komunitarismoa salatzen digute; herritarraren askatasuna berrezagutu arren, taldearena ez dute onartu nahi, baizik eta integratu ordez asimilatu, hori baita nortasun kultural —erlijioari loturiko jarrerak herri kulturarenak dira— osoa desagerrarazi nahi izatea. Euskaldunok eta Frantziako beste gutxiengook kontuz ibili behar dugu horrekin, zeren eta ikastolen kontrakoek komunitarismo hori ere salatzen baitute euren argumentuak aldezteko. Orduan ongi deritzot Frantziako Estatuko Kontseiluak hartutako ebazpenari.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...