Albistea entzun

Gipuzkoan eskola kirolak 25 urte. Aukera galdua?

Beñat Amenabar Perurena eta Juanjo, Sistiaga Lopetegi - EHUko Hezkuntza Fakultateko Irakasleak., Eskola Kiroleko Liburu, Zuriaren egileak

2017ko uztailak 6

Aurten bete dira 25 urte Eskola Kirolaren lehenengo foru dekretuak argitaratu zirenetik eta gaur egun arte indarrean iraun dute bertan zehaztutako ereduak eta izpirituak, nahiz eta urtez urte zenbait egokitzapen egin diren. Urte luze hauetan, Gipuzkoan Eskola Kirolaren gaiak izan ditu hainbat tirabira, eta, egiari zor, ikuspuntu desberdinak plazaratu dira gaia jorratu denean.

Orain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol arduradunek 2017-2018ko ikasturteetarako argitaratu behar den dekretu berria baliatu nahi izan dute, urteurren berezi honetan, hausnarketa bat abian jartzeko eta programa berrian behar diren egokitzapenak txertatzeko. Arduradunek diote hausnarketa prozesu hau parte hartze dinamika eta metodologia desberdinak erabiliz egin dela, bertara askotariko eragileak gonbidatuz: kirol elkarteren bat, ikastetxeren bateko arduradunak, guraso elkarteak eta abar. Guztiak Aldundiko kirol sailak gonbidatuak.

Prozesu hori guztiz amaitu gabe, Politikari arduradunak plazaratzen hasi ziren programa berriak jasoko zituen zenbait neurri. Adibidez, hastapen urtea 8 urtetik 6 urtera pasatzea. Azken egun hauetan, berriz, prozesuaren amaieran, beste hainbat neurri jakin dira, eta horiek kalapita handia sortu dute komunikabideetan; iritziak proposatutako neurrien kontra azaldu dira.

Argi gera dadila, beraz, ez dugula balizko parte-hartze prozesu horretan gure iritzia emateko paradarik izan. Gure ustez, hausnarketa prozesu horrek ez du izan 25 urte betetzeak beharko lukeen hedapena; ez da zabaldu, ez dira eragileak behar bezala deitu, herritar soilari ere ez zaio aukera eman, eta horrek guztiak (beste batzuen artean, hezkuntza sailaren parte hartzearen falta sumatu dugu...), prozesua komunikabideetan iragartzeko modukoa bai baina benetako hausnarketa sakon bat egin gabe eta benetan dauden arazo, kezka eta ikuspuntu desberdinei heltzeko aukerarik eman gabe egin da. Azaldu den guztia itxurakeria bat izan dela dirudi; gainera, sortutako tentsioen ondorioz, badirudi atzerapausoak emateko prest dagoela Aldundia eta, beraz, azkenean kontua hainbat neurri «kosmetiko» hartuz amaituko dela eta, funtsean, programak bere horretan jarraituko duela.

Gainera, zalaparta honetan guztian, gure ustez, oso gutxi hitz egin da, benetan, Eskola Kirolaz... eskolan egiten den kirolaz, alegia. Ez da baliatu aukera eskola kirolak benetan bete beharko lituzkeen funtzioez eta helburuez hitz egiteko, horretarako jarraitu beharreko bide eta metodologiez, hori aurrera eramateko eragileak zeintzuk izan behar duten eta non kokatu behar den jarduera zehaztek , zein administraziok duen ardura eta zertarako, eta abar eta abar.

Hori horrela, ez bada Eskola Kirolaz hitz egin, zertaz aritu dira, bada? Galdetuko du batek baino gehiagok... Gure ustez, derrigorrezko eskola adineko haurrek egiten duten kirolez aritu dira; eta ez da gauza bera. Uste dugu azken horretaz ere hausnartu behar dela eta, batez ere, administrazio publikoek neurriak hartu behar dituztela, baina zehaztu dezagun. Eskola adineko haurren kirolaz ari garenean, jakitun izan behar du gizarte osoak, esparru horretan hainbat interes pilatzen direla. Horiek ez dute beti haurra babesten; are gehiago esango genuke: zenbait kasutan, haurren eskubideak urratzen dituzte.

Errealitate hori hor egonik, Eskola Kirolaren dekretuak betidanik ahalegin berezi bat egin du adin txikikoen interesak eta eskubideak defendatzeko eta, noski, horretarako hainbat neurri mugatzaile ezarri behar izan ditu historikoki. Horiek izan dira gehienetan katramila sortu dutenak, eta beti Kirol Elkarteak (Federazioak), batetik, eta aldundia, udalak eta ikastetxeak, bestetik. Aipatzen ari garen aurtengo kasuan horixe da, hain zuzen, gertatu dena. Proposamenen artean badaudela (orain, akaso, malgutuko dituzte) neurri mugatzaile batzuk, eta horien aurka agertu dira hainbat Kirol Elkarte eta Federazio ere; batez ere, futbol mundu boteretsukoak, baina ez bakarrik.

Ezagun zaigu, zoritxarrez, neurri mugatzaile horiek gehiegizkoak direla esatea, hau da, mugatzaileegiak direla adieraztea eta norberak bere burua zuritzea («guk neurriz, proportzioan eta haurren eta gurasoen nahia errespetatzen dugu» esanez) eta, azkenik, aukera askatasunaren aldarria egitea. Gure jendarteak, dagoeneko, ongi daki aukera askatasunaz hitz egitean batzuetan zapalkuntza eta homogeneizazioa bultzatzen ariko garela; besteak beste, adibidez, hizkuntzari dagokion esparruan, parekidetasunaren alorrean... eta abar. Printzipio gisa, administrazio publiko batek mugarik gabeko aukera askatasunaren defentsa egingo balu, gure ustez, politika neoliberalak bideratzen arituko litzateke eta, honela, haurrak eta herritarrak guztiz babesik gabe utziko lituzke, eragileen eta interes desberdinen autorregulazioaren menpe/eskuetan. Azken batean, dagokion ardurari muzin egingo lioke.

Laburbilduz, gure ikuspuntutik, Eskola Kirolaren programak 25 urte betetzen dituen honetan, aukera paregabea dugu Eskola Kirolaz benetako hausnarketa sakon bat egiteko eta, neurri zuzentzaileak hartu behar badira, izan daitezela adostasunez eta eragileekin landutakoak. Hitz egin dezagun eskola kirolaz behingoz, eta egin dezagun proiektu aurrerakoi eta hezitzaile bat. Iritzi artikulu hau amaitzeko, azpimarratzekoa da atsekabe sentsazioa nagusitu zaigula gai honek oro har izan duen trataeragatik eta antzeman diogun arinkeriagatik, eta, ondorioz, ezerezean geratzeko arrisku handia duela. Ea ez den horrela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.