Albistea entzun

Mojitoa ere badaukagu

Koldo Izagirre - Idazlea

2016ko azaroak 29

Fidel Castro komandante buruzagiari.

Euskaditik Kubara.

Konfidentziala.

Bihotzeko Fidel:

Portu honetan utzi nindutenetik gure arrantza flotako bafora honen konponketa lanen begirale bezala, atertu gabeko konpromisoak bete behar izan ditut gure iraultzaren izenean. Horregatik idazten dizut, Fidel, komandante neurea, enbaxadore ere izendatu behar izan baitut nire burua, zuk ezin duzunez.

—Mila esker, konpai lagunok, frigorifiko berriak jartzen ari zaizkigu, frigorifiko erraldoiak!

Baina alferrik, hara hemen lau frigorifiko gure familiendako, butanoko zazpi sukalde, azken modeloko fotokopiagailua Kubako idazleen elkarterako, tona bat paper DIN A4, bi mila supizteko «Kuba-Euskadi elkartasuna» hitzekin, bost mila kaier Manzanilloko eskolarako, hamar mila arkatz, berrehun motxila, zazpi mila pastilla xaboi, tona eta erdi ají pikillokoa, beste hainbeste atun, antxoa, sardina, ehun partxis eta bostehun xake joko, bigarren eskuko mila eta berrehun ordenagailu, soldadura autogenarako talde oso bi, ehun kilo aspirina Bayer...

—Izorra daitezela amerikanoak!

Eta nik, nire kolkorako, «Eutsi, Fidel, ez diezagutela altxa blokeoa!». Barkatuko ahal dit Kubako herriak. Beharrik, neu nintzen hemen gelditu nintzena, zeren, Fidel komandante bihotzekoa, maitasun hau dena eskertzeko ilaje berezia behar baita. Esku asko pausatu dira nire adats kirruan, asko. Zuk usteko duzu, agian, guayaba handiak sartzen ari naizela, baina ez naiz harrokeriaz ari, lan handiak egin behar ditu euskaldunen artean erortzen den kubatarrak. Bazekiten honetaz zerbait Juliok eta beste lagunek, horiek ez dira hemen azalduko ontzia askatu eta itsaso zabalera jotzeko ez bada. Euskaldunak kandela dira, Fidel!

Lehengo astean bi afaritan izan nintzen, arroz ale bat sartzen ahal ez nuela nengoen etzanean kapitainaren kamarotean, baina bila etorri zitzaizkidan ostera. Bazkari batera joan behar nuen, ezin nuen huts egin, portuko sindikatuak antolatua omen. Ezin nuen huts egin, baina honetan ez nuen nahi izan jebarik aldamenean, ulertzen didazu, komandante buruzagia, kandela dira. Bada, aurrez aurre jarri zitzaizkidan bi, Cheren irudia zeukaten pulloverretan. Ni ahal nuen gehiena jaten saiatzen nintzen eta ahal nuen gutiena hitz egiten, gonbidatuak hobe du isilik. Baina zerbait esan behar eta «Zuek, ez duzue jaten?» galdetu nien jeba haiei, ez baitzioten jaramonik egiten platerekoari, hori harrigarria da euskaldunetan, eta hauxe erantzun zidaten aho batez.

Bai, begiekin!.

Bakarrik nago eta txol egoera konprometituan. Ilea moztea ere pentsatu dut. Gero gitarra bat atera zuen norbaitek, eta nik, neure kolkorako, orain maraka pare bat azalduko da nonbaitetik, edo bongó bat, lotsagarri utzi behar dut kubatartasuna. Horrelako larritasunak pasa behar ditu batek hemen. Ez zen horrelakorik gertatu, Soy el pueblo, Ya ganamos la pelea, La reforma agraria... horrelakoak abestu zituzten, ez didazu sinetsiko, letrak osorik zekizkiten buruz, osorik eta denek. Gero jeba politenak hartu zuen gitarra, honek okerrago jotzen zuen baina sentimendu handiz esaten zituen bertsoak, lau edo bost kantu triste abestu zituztenean galdetu zidaten ea ez nuen Silvio Rodríguez maite, eta nik egia esan nien, orain zuri bezalaxe komandante buruzagia, nik maite, musikan, Benny Moré nuela maite. Oso harrituta geratu ziren. «Benny Moré hori, ez zen gusanoa?» entzun nuen mahaiaren beste muturrean.

— Berandu da, mugi gaitezen.

Horrek salbatu zuen Kuba-Euskadi elkartasuna, ze, Fidel bihotzekoa, Bennyren izena horrela zikintzeak eman zidan amorruarekin sublebatu egin nintzen, gutik egin zuen ez bainintzen bronka erosten hasi han bertan. Neukan erantzukizuna ahantzarazi ninduen irain hark.

Agur eta beste bat arte, beraz!

— Nola, abandonatu egin behar gaituzu batxatak hasi behar duenean?

Kontu haiek barne-politika zirela azaltzen saiatu nintzen, ni ez nintzela euskalduna, ez oraindik, eta orduan beraiek elkartasuna eskatu zidaten, elkartasuna dela herrien arteko maitasuna, eta niri, hori entzunda, beste zerbait etorri zitzaidan gogora, bai, ilea moztu behar dut...

— Gu joaten gara ba Iraultzaren Plazara Fidelen diskurtsoak entzutera, zergatik ez zara etorriko gure herriaren agerraldi batera?

— Beso banatarik hartu ninduten jeba haiek, «Goazen maniguara, Beltza!» entzuten nuela belarri batean, eta «Lehen karga, matxetez!» bestean.

Euskaldunak, Europako mambíak dira, komandante buruzagia.

Joan nintzen euskaldunen maniguara, beraz, eta tropa koloniala tiroka hasi zen berehala, mangoa zeukan han sortu zen arrozak! Nik, Fidel, tiro haiek entzunda lagunen ondotik egin nuen, ez apendejatu egin nintzelako, egoera hobeki aztertzeko baizik. Erretirada taktiko bat. Eguerdiko bakailaoaren koipea, ronarekin nahasita, eztarrira nahian zebilkidan, eta gelditu egin behar izan nuen karrika izkina batean. Ohartu nintzeneko, tropa kolonialeko talde batek inguratua nindukan, sableak eskuan. Orduan, herri hartako biztanle guztien odol sukartua gatzatu zuen orroa egin nuen besoak goititurik:

— I'm american cityzen!

Horixe oihukatu nuen, Fidel, komandante buruzagi gorena.

— I'm american cityzen!

Sekulako isiltasuna hedatu zen karrika osoan. Soldadu haiek izozturik bezala gelditu ziren sableak airean, baina bere mozorroan kolera zikin bat ageri zuten begiek. Buru edo zeukatenak walkytik egin zuen berba. Une psikologiko garrantzitsua zen hura, iltzea errematxatu behar zen etsaia berrantola zedin baino lehen, horregatik oihukatu nuen ozenki ostera, karrika osoan oihartzun burrunbatsua sortuz:

— I'm american cityzen!—

Baina beste espaloian zabalik zegoen tabernan sartu nintzelarik ikusle egona zen jendea isiltasunik handienean baztertzen zela niri leku egiteko, eskatu nuen kubalibre bat euskaraz eta inork ez zidan ordaindu. Nik American Express txartela bota behar banu bezala zinkaren gainean.

Ez dut zertan ahalketurik, Fidel, ados zaudela ziurta nezake.

Sierra Maestran posizioa defendatzen utzi duten gerrilaria bezala nago orain gure baforan, sekula baino erneago, zelatan.

Euskaltegian ez didate hitzik egiten, klaseak uztea nahi dute, badakit. Ez naute afarietara gonbidatzen. Inork ez dit «Beltza!» esaten, «Zu» esaten didate denek. Lehengoan afari bat antolatu nahi izan nuen baforan, esan nien congrí eta oilasko kriolloa prestatuko nituela, baina inork ez zidan gonbidapena hartu, ezin omen zuten etorri, ezta eskua ile kirru honetan pasatzeko amorratzen dauden jeba horiek guztiek ere, irakaslea aitzindari dela. Etxekolanak ongi asko eginda joaten naiz, baina ez dit galdera bat bera ere egiten. Blokeoa ari naiz pairatzen, komandante buruzagia.

— Gora Kuba!

— Amerikanoei, kandela!

Horrelakoak oihukatzen dizkidate entrenamenduan abaorretik pasatzen diren arraunlariek, ilunabar oroz, mehatxu batean. Gizajoak!

— Zuek kandela zarete, baina trumoi ahula ateratzen duzue ñañigo bati loa galarazteko.

Ez dut zertan ahalketu.

Gure Jose Martí hilezkorraren orrialde mamitsuak irakurtzeko parada eduki duen edonork aitortuko du ez nuela gezurrik esan «I'm american cityzen» oihukatu nuenean. Eta garaipena osoa izan zela oroitarazi behar nuke: nire aldarria entzunda tropa kolonialak Maceoren mambíen aurrean bezala egin zuen alde.

Guayabera kenduta mambí zaharren antzera gerriz gora biluzirik egiten ahal nuen oihu «Gora Maceo!», egia da, eta burutik ere pasatu zitzaidan, baina mambí osoa izateko, Fidel, ulertuko didazu, zaldia eta matxetea falta nituen nik han.

Ez, ez eta ez.

Errenditu eginen nautela uste badute, oso oker daude. Hogei kilo gantza daukat puska batean irauteko, eta hauek ez dakite nolako umorez erantzuten dion kubatar batek blokeoari.

Haiek zipaioak dira.

Zuek mambíak zarete.

Ni... kaiman bizarduna naiz ni!

Pankarta bat ari naiz margotzen, «Ontzi hau da Euskal Herriko lurralde libre bakarra!». Polita izanen da baten batzuen muturra ikustea. Aspertzen direnean, adiskidetu beste irtenbiderik ez daukatela ikusita hurbiltzen zaizkidalarik, burua soilduta errezibituko ditut, eta jeba guztiak haserretuko zaizkie ezin dutelako kubatar jator baten ile kirrua ferekatu.

Hau dena idazten dizut, Fidel komandante buruzagi bihotzekoa, gertatuaren nondik norakoa bide zuzenetik jakin dezazun, Habanan nire burua yankiei saldu diedalako globoak azaltzen hasi baino lehen.

Aberria ala hil, beti arte komandante buruzagia.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...