Mapak, norabideak eta bideak, udalerri euskaldunak helburu

Iker Salaberria Urkizu - Kontseiluko koordinatzailea

2014ko ekainak 11
Hona Harluxet hiztegiak mapa hitzari buruz galdetuta erantzuten diguna: «Edozein aldagaik lurrazalean edo honen zati batean duen banaketa irudikatzen duen adierazpide grafikoa». Mapak gainera, helmuga-lekuak aurkitzeko eta horietara nola heldu jakiteko baliatu ohi ditugu. Herriren batera joateko, mendi batera igotzeko, bizikletan buelta bat emateko… Halakoxea da gehienok mapei ematen diogun erabilera ohikoena, ziurrenik. Bada ordea, bestelako maparik. Dirudienez, norabide edo ipar argiegirik eta are gutxiago, ibilbide argiegirik ematen duen mapa. Izena bera xelebrea du eta horren inguruan jasotako ikuspegi desberdinek ere halakoxe iritzia sortuko dio bati baino gehiagori. Oraindik ez badakizue, mapa soziolinguistikoaz ari gara.

Duela hilabete pasatxo aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko V. Mapa Soziolinguistikoa, nahiz eta datuek 2011ko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuan duten bere jatorria. Mapa horretan ez duzu, beraz, errepide edo ibilbiderik topatuko, euskararen egoeraren adierazle diren hainbat aldagairen (gaitasuna, lehen hizkuntza, etxeko erabilera…) inguruko datuak baizik. Badu horrek, ordea, mapa funtziorik. Izan ere, etorkizuneko helmugak, erronkak eta bideak argitzen lagungarria suertatu bailiteke. Aldiz, lehendik esan bezala, horren inguruan kaleratu diren iritziak, balorazioak eta ikuspegiak ezagututa, ez dirudi guztiok mapako ibilbideak edo eskala edo… dela delakoa berdin ikusten dugunik.

Dena ez da, ordea, zenbat buru hainbat aburu. Bada adostasun argitarako alderdirik. Bada, denok begiz jotako, denok bat egiten dugun arreta gunerik. Bateratasuna deigarria suertatzen denez gurean, garrantzia eman beharreko zerbait dela dirudi. Eta zertan jarri ditugu bada, atentzio-fokuak guztiok: arnasguneetan, hain zuzen. Udalerri euskaldunen edo arnasguneen inguruko bilakaera izan da guztion kezka adostu duena.

Antza, hizkuntza normalizazio prozesuak aski erakutsi digu jada arnasguneen beharraz, horiek indartu eta hedatzearen garrantziaz ohartzeko. Ikasi dugu euskara gaitasun hutsa nahikoa hutsa dela berau erabiltzeko espazioz bete ezean. Euskara beharrezkotzat jo gabe jai dugula haren normalizaziorako ametsekin. Ikasi dugu norberaren erabilera ez dela hautazko ez eta hautuzkoa ere gehienean, gizarte-arauek, hegemoniak edo nahi den bezala dei dezakegunak hizkuntza erabilera bat edo beste izatea eragiten duela. Eta horiek guztiak erdarek aldeko duten itsaso zabalean, arnasguneak direla horietan guztietan euskararen aldeko baldintzak eskaintzen dituzten eremuak.

Eta, mapak zer argazki erakutsiko eta arnasguneak galtzen ari direla. 1981ean EAEn zeuden 79 arnasguneetatik 18 gutxiago daudela 2011n. Nola gertatu daiteke, bada, halako odolustea? Nola hain atzerapauso mingarria, hizkuntza-politika 30 urtez abian izan duen lur eremuan? Galdera potoloek ohi dutenez, ez du ziurrenera erantzun bakarra. Egungo bizimoduaren bilakaera soziokulturalak, globalizazio prozesuak, teknologia berriek… eta abar eta abar batek izango zuen eragina ziur. Bai, baina, guk egin genezakeenetik zer egin dugu hori gertatu ez zedin? Zein hizkuntza-politika garatu da? Zein bide jorratu da arnasgune horiek sendotzeko, zaintzeko eta berriak eraikitzeko? Galdera horien atzean ez dugu guk erantzun baikorretarako oinarririk. Hizkuntza-politika denean dagoela esan izan dugunean, hizkuntza-politikarako sailera mugatu ezin den kontua dela esan izan dugunean, arnasguneen bilakaerak erakutsi digu hori argien. Garatu diren etxebizitza politiketan, garraio politiketan, zerbitzu azpiegituretan,… izan al du baten batek gogoan arnasgune horien errealitatea? Berriz ere, zalantzak nagusi. Bada, nola ekidin arnasgune horien ahultzea joera orokorrak kontran eta hizkuntza-politika orokorrak ere laguntzen ez dutenean? Miraria litzateke kontrako joera. Beraz, mirarien zain egon gabe, pentsa dezagun zer egin dezakegun arnasguneak sendotu eta, areago, ingurura hedatzea nahi badugu. Bai, arnasguneak sendotzeaz hitz egiten dugunean, berauek hedatzeaz ere hitz egiten dugu. Arnasguneetako jendea inguruarekin geroz eta hartu-eman estuagoan (lehendik aipatutako, garraiobideak, teknologia berriak,…bitarteko) bizi denez, arnasguneak hedatzea da horiek sendotzeko modurik eraginkorrena. Arnasguneak sendotu egingo baitira bertako biztanleak bere bizitzako arlo guztietan euskaraz bizitzeko aukera duten neurrian (herritik aparteko arnasguneetan ere). Modu berean, sendotu egingo baitira, euren inguruan erdararen eragina izan ordez, arnasgune euskaldun berrien eragina izanez gero.

Esandako bidetik, hizkuntza-politikaren ikuspegi miopea zabaltzeko garaia dugu. Arnasguneek eurek horretarako bide ematen digute. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) garapen soziokulturalaz eta sozioekonomikoaz hitz egiten badu, aintzat har ditzagun arlo soziokulturala eta sozioekonomikoa lantzen duten sailetatik bultzatzen diren hizkuntza-politikak.

Bide horretan, arnasguneak osatzen eta hedatzen ahalegin betean aritutako Iñaki Arregik utzitako irakaspenei jaramon egin diezaiogun: «Euskaraz gero eta gune handiagoetan izatea ez da berba gutxitu honi dagokion pribilegioa, berau normalizatzeko modu bakarra baizik […] euskararen garapena normala izango ez bada ere, legearen edalontzia gainditzea tokatzen zaigu, eta, jakina, orain dugun legea beste marko batean egoten dena ere ez da beteko presio sozialik gabe». Arnasguneen hedapena legez eta epaileen bidez galgatu nahian dabiltzanen aurrean, beraz, Iñakik marraztutako ibilbideari segituz, sustatu ditzagun presio soziala eta lege berriak.

Gu ere euskaraz baikara… edo ez gara. Alda dezagun mapa. Batu ditzagun indarrak udalerri euskaldunen norabidean. Ekainaren 14an Tolosan egingo den Udalerri Euskaldunen Egunean izango dugu hurrengo geltokia.