Medikuntza euskaraz UPV/EHUn?

Jon Zarate - EHUko Euskararen arloko errektoreordea

2015eko maiatzak 23
Euskal gizarteak medikuntza UPV/EHUn ikasten ari diren ikasleen egoeraren berri izan du berriki. Ikasleen berbetan, «ezinezkoa da Euskal Herriko Unibertsitatean medikuntza euskaraz ikastea». Egia da. Baina ez egia osoa. UPV/EHUn medikuntza euskaraz ikastea posible da, baina ez karrera osoa. Hori horrela izanda, UPV/EHUko errektore taldeak aurrerapausoak ematen jarraitu nahi du, orain arte egin duen bezala. Azken urteetako ibilbide horrek argi erakusten du UPV/EHUk euskararekiko duen konpromisoa sendoa. Euskal gizarteak behar dituen profesional euskaldun trebeak hezteko estrategia zehatza eta ditugun baliabide urriak modu egokian erabili ditugu, gure ustez.

Horrela, osasun zientzietan geneukan gabezia ikusita eta gizartearekin bat eginez, hau da, osasun zerbitzu ona eta euskaraz emateko beharrari erantzun nahian, neurriak zehaztu eta erabakiak hartu genituen unibertsitateko Euskararen I. Plan Gidarian. Osasun zientzietan 2006. urtean arduraldi osoko irakasle eta ikertzaile elebidunen portzentajea %23,53koa zen; 2013an, aldiz, %38,30. Hamabost puntuko igoera hau bakarrik arlo zientifiko honetan gertatu da.

Erabaki horiei esker, Medikuntzaren lehen zikloa euskaraz ematea lortu dugu. Bigarren zikloan, hau da, ospitaleetan ematen dugun dozentzian, daude arazoak, egoera oso desberdina delako. Hain zuzen ere, ziklo horretan eskolak emateko Osakidetzan dauden azpiegituren eta profesionalen beharra daukagulako eta soluzioak denon artean, UPV/EHU eta Osakidetzaren artean, diseinatu eta ezarri behar ditugulako. Gauzak horrela, bigarren ziklo osoa euskaraz ezin izan dugu eman orain arte. Baina hori esaten dugun bezala, gure estrategiari eutsiz, bigarren zikloan dugun irakats eskaintza eta irakasle euskaldunen kopurua handitzen joan gara etengabe. Datuak oso adierazgarriak dira, gure ustez. 2000. urtean ospitaleetan geneukan irakasle elebidunen kopurua %2,1 zen. 2014. urtean, berriz, %26; hau da, 13 aldiz handiagoa. Nahiz eta aurrerapauso horiek eman, helburua ez dugu bete oraindik. Horregatik, kontratazio politikari dagokionez, ospitaleetako irakasleen erretiroak gertatzen direnean, salbuespenak salbuespen, plazak elebidunak ateratzeko konpromiso irmoa dugu; eta, horren ondorioz, eskaintza handitzen ari gara etengabe. Horrez gain, aurrekoetan egin zen bezala, indarrean dagoen Euskararen II. Plan Gidarian, neurriak aurreikusten dira karrera euskalduntzen jarraitzeko. Planaren amaieran, hau da, 2017. urtean, arduraldi osoko irakasleen %52 gutxienez elebiduna izatea onartu dugu, eta arlo zientifiko guztietan gutxienezko %45era heltzea. Hau da, osasun zientzien arloko 2013ko datuekin alderatuz, 7 puntuko igoera lortu behar dugu.

Bestalde, azpimarratzekoa da medikuntzan helburuak lortzeko, UPV/EHUren eta Osakidetzaren artean dugun hitzarmenak Euskararen II. Plan Gidariaren helburuak eta irizpideak bere barnean jaso behar dituela. Instituzio biok helburua argi daukagu eta, beraz, elkarlanean jarraituko dugu tinko. Noski, ibilbide honetan komunitate unibertsitarioa eta haren proposamenak bidaide behar ditugu.

Unibertsitate baten helburua, baina, ez da eskolak ematera mugatu behar; ikerkuntza ere bultzatzen dugu euskaraz, eta bereziki materialek duten garrantzia aipatzea gustatuko litzaidake. UPV/EHU da une honetan euskaraz unibertsitate-mailako ikasliburu eta argitalpen gehien egiten duen instituzioa, baita osasun zientzietan ere. Hor dugu adibide gisa joan den urtean argitaratu genuen Giza Anatomiako Atlasa izeneko liburua medikuntza arloan euskaraz dagoen lanik garrantzitsuena.

Osasun arloan, euskararen erabilpenaren normalizazioaren bidean UPV/EHUk berebiziko papera du. Era berean, Osakidetzaren ekarpenak funtsezkoak dira. Osakidetza euskalduntzen den neurrian, gure unibertsitateak errazago izango du eskolak euskaraz eskaintzea, eta, alderantziz, UPV/EHUk mediku euskaldunak hezten dituen neurrian, Osakidetzak errazago izango du osasun zerbitzu oro euskaraz ematea. Biok autoelikatzen gara, eta bakoitzak bestearen beharra du. Denbora kontua da, beraz, eta ez oso luzea, ikasleek aldarrikatzen duten helburua eta guk konpartitzen duguna lortzea. Bitartean, bakoitzak bere lana egiten jarraitu behar du. Ikasleak ekarpenak egiten eta guk UPV/EHUn Euskara Plana tinko garatzen ahalegin guztiak egingo ditugu. Hor dago gure konpromisoa, hor dago gure borondatea, orain arte fruituak eman dituztenak. Jarrai dezagun pausoak ematen.

Agian, justizia, hezkuntza eta osasun arloak euskalduntzea da euskal gizartearen kezkarik handiena. Hiru arlo horietan unibertsitatea gakoa da, baina ez da soluzio bakarra. Gure politikari jarraituz, asko dira eman ditugun pausoak, asko gelditzen dira emateke. Kalitatezko euskal profesionalak, ikertzaileak, langileak, prestatzeko UPV/EHUk, azken urteotako ildotik jarraituz, irakasle doktore elebidun kualifikatuak lehenesteko politikarekin jarraituko du, gizarteak hala eskatzen digulako, gizartearen zerbitzura gaudelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna