Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Independentziaren paradigma berri bat

Publizitatea

Iritzia

Independentziaren paradigma berri bat

 

2016-12-04 / Pako Aristi - Idazlea

Ebidentzia bat. Gaur independentista bat ezin liteke pozik egon Euskal Herrian, independentziari buruzko eztabaida guztiak gure askatasun politikoaren ukamena bermatzen duen legediaren baitan gertatzen direlako. Marko berri bat ezarri behar diogu independentziari, gizartean ibilbide luzea egin duten zenbait ideia kuestionatuz.

Legitimitatea. Independentziaz ari garenean, nik kontrakoa galdetzen dut: zergatik ez gara independente? Eduki genuen munduan estandarra zen euskal estatu bat, Nafarroako Erresuma deitzen zena. Guk ez genuen independentzia boluntarioki entregatu. Espainiaren eta Frantziaren aldebakarreko erabakia izan zen gure subiranotasuna ebastea eta suntsitzea, konkista militarraren bidez lehendabizi, eta gero mendeetan zehar aplikatu dituzten legeen eta era guztietako bortxakerien bitartez. Prozesua ez zen demokratikoa izan, integratzailea, edo transbersala. Lehen ondorioa: eskubide osoa dugu, indarrak ahalbidetzen digunean, aldebakarreko erabakiaz berriro independentzia ezartzeko. Erridikuloa litzateke, tragikoa ez balitz, gure menderatzaileek erabili ez duten finezia demokratikoak orain gure eskuak lotuta uztea.

Espainiako konstituzioak ez zuen nazioarteko baldintzarik bete Euskal Herrian: %49,50ak eman zuen bozka. Erroldaren %34ak soilik babestu zuen legedi berria, baina 40 urte daramatzagu gutxiengo batek populazioaren %66ari inposatutako sistema baten menpe. Bigarren ondorioa: gure kasua ez da zalantzaz beteriko herri baten aukera ezina, injustizia kasu bat baizik; injustizia kasu kanoniko bat nazioartean. Eta injustiziak ez dira bozkatzen (oroitu esklabotza, emakumeen bozka eskubidea, beltzen berdintasuna, euskararen iraupena bera); injustiziak abolitu egiten dira. Espainiako konstituzioa abolitzea izan behar luke benetako bide independentista baten lehen urratsa.

Legitimazioaren borrokari ez diogu behar adinako garrantzirik eman, baina irabazteko guztia daukagun eremua da, herri baten konkistak ez duelako inoiz legitimaziorik nazioartean. Ezin da arrazoitu; indarrez soilik mantentzen da denboran, herri konkistatuen etsipenez. Badakigu nazioarteko erakundeak ez direla inpartzialak, estatu totalitario eta inperialistek ezarri dituztela, haien mugetan ez dadin independentziarik gauzatu. Munduko estatu guztiak daude independentzia prozesuen aurka, estatu berriak haien lurraldetakoren batean sortuko direlako ezinbestez. Baina ez dago aurkako argumenturik independentzia ebatsi zaion herri batek independentzia hori berreskuratu eta berrezarri nahi duela tinko adierazten duenean... Eta erabakia gauzatzen duenean.

Demokrazia. Herri menderatuetan ez da existitzen, simulakro hutsa da, botere hegemonikoak oparitutako kudeaketa eta legegintza mugatu bat, bertan indartuz gero sistema irauli litekeen fantasia bat. Hori erabiliko du totalitarismoak bere legitimitatean iturburutzat.

Alabaina, zein hauteskundetan bozkatu dugu euskaldun guztiok batera? Noiz joan dira elkarrekin hendaiar, tuterar eta berriztarrak hautestontzietara? Zein herritan bozkatzen da zatika, urte ezberdinetan? Zer demokrazia da, Hegoaldean nazioarteko baldintzarik bete ez zuen konstituzioarena, eta Iparraldean eta Nafarroan zuzenean, bozketarik gabe inposatua izan zena? Egoera honetan nola da posible guk bide demokratikoak aukeratzea? Hau da arazo nazional baten islarik garbiena. Arazo nazionalak konponbide nazionala eskatzen du; gero izanen gara demokratikoak. Eta hori euskaldun guztion erreferente izango den Gobernu Probisional batek soilik konpon dezake.

Aske izaten gareneko lehen hauteskundeak izango dira lehen hauteskunde demokratikoak Euskal Herrian. Dagoeneko ez dugu denborarik Kataluniaren pausoak errepikatzeko; gainditutzat eman eta haiek aurkitzen diren puntutik aurrera egin behar genuke: bi legitimitate kontrajarrien talka planteatu.

Ahalduntzea. Gure herrian gaude, gure herria gara, gure herriaz ari gara, aske izateko ez da inori baimenik eskatu behar. Independentzia lortzea ez da zaila, auto-beldurrak blokeatzen gaitu: Lehen Mundu Gerraz geroztik 150 herrialdek lortu dute independentzia. Ez dugu jakin Espainiaren krisia, nazioarteko gainbehera eta prestigio galtzea aprobetxatzen, bere botere hutsunea baliatzen: gobernurik gabe ere menperatzen gaitu aise. Estatuek estatuak ezagutzen dituzte; batzuek ez gaituzte onartuko, bestetzuk bai, halako asko dago munduan, baina Espainia eta Frantziaren menpean egonda baino askozaz hobekiago biziko gara.

Ekimenak. Autonomismoak eskaintzen duen sasi-hegemoniagatik borrokatzea iragana da, zaharmina. Hor askatasun biderik dagoela pentsatzea, berriz, derrotismoa. Herri honetan zabaltzen hasia den etsipenaren hedadura geldiezina izango da datozen urteetan, horrela jarraituz gero. Prentsako datuak dira guztiak: Sarek 60.000 manifestari galdu ditu bi urtetan; Gure Esku Dagok 90.000 galdu zituen giza katetik hurrengo urtera, eta aurrerabide laburra ikusten zaio herri-kontsultei; Bilduk 53.000 bozka gutxiago izan ditu aurreko hauteskunde autonomikoetatik. Abstentzioak gora egin du izugarri: %36tik %40,15era igo da aurten, 716.000 lagun geratu dira bozkatu gabe, duela lau urte baino 80.000 gehiago. Hamarretik lauk ez du bozkatu. Eta hori propagandaren makinaria saiatu dela motibazio berriak eskaintzen: alderdi berri bat aukeran, Otegiren habilitazioa, ejerzitoak ere gauzatuko ez zuena, PSEren probokazio linguistikoak... Halere higadura hedatzen ari da, olio orbana lurrean nola.

Zalantzarik ez dut milaka independentista geratu dela bozkatzera joan gabe, batetik ez dutelako inongo alderdirengan independentziaren aldarri seriorik ikusten, eta bestetik ohartu direlako alienazioaren baitatik diseinaturiko ekimenek ez dutela gainditzen ahal, inoiz, asimilazioaren mugarik.

Herri hau bizirik dago, halere, ikasten ari da, etengabe, zerk balio dion eta zerk ez behingoz askatu eta bere buruaren jabe izateko, baina zerbait ezberdina behar du une honetan: eskaintzen zaizkion ekimenek ez dute asetzen, eta horregatik doaz ekimen horiek gain-behera poliki-poliki. Horretaz orain ohartzen ez bagara, gogor epaituko gaituzte etorkizuneko belaunaldiek.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak