Albistea entzun

Eskola jazarpena beste ikuspegi batetik

Iñaki Bernaola Lejartza - Irakaslea

2017ko martxoak 31

Gertaera harrigarri bat jazo zitzaidan, duela zenbait urte, ziberbullying-ari buruzko hitzaldi batean. Komunikazio digitalak duen izugarrizko eraginaz ohartarazten gintuen hizlariak, esanik irudi batek, on zein txar, oso denbora gutxian munduari bira osoa eman diezaiokeela, gaur egun edonoren esku dauden baliabideak erabilita. Eskolakideak arrisku horretaz jakitun izateko beharra azpimarratzen zigun hizlariak entzuleoi, irakasleak den-denak.

Ez da atzo goizeko kontua gizartean diren gaitz larri askoren konponbidea irakaskuntzaren bizkar soilean jarri nahi izatea. Halako zerbait adierazi nuen nik galde-eskaeren txandan, eta adibide bat jarri nuen: Elizarena omen den COPE irrati-katean hain maiz huts egiten bazioten zortzigarren aginduari, nolatan nahi genuen gizartean hain errotuta dauden joera maltzur batzuk, gaizkiesaka aritzea kasu, irakaskuntza-munduaren baliabide apal soilez aldaraztea?

Ezusteko galanta hartu nuen hitzaldia bukatutakoan, nigana hurbildu ziren guztiek, goi-mailako unibertsitate-tituludunak, zortzigarren agindua zein zen guztiz ahaztuta zutela baieztatu baitzidaten. Irakurlearen oroimena freskatzeko, derradan, ondare birtualari buruzkoa dena, hots, urkoaren irudi edo ospe onari kalte egitea debekaturik. Ez da oso zuhurra izan behar ulertzeko ziberbullyinga, Jaungoikoaren legearen ikuspegitik, zortzigarren agindua urratzea bekatu larria izan daitekeela.

Ez dakit hamar aginduak oraindik gogoan izatea ona ala txarra ote den. Hala ere, zalantza sortarazi zidan, ez bainengoen ziur behinolako ikuspegi etikoak, irakaskuntza erlijiosoaren bitartez jasoa gehienbat, ordezkapen egokirik izan ote duen gure kontzientzian edo, bestela, nahasmendu batean bizi ote garen, egungo gizartearen zirimolan ona ala txarra bereiztu ezinean.

Haur bat hezteko tribu oso bat behar dela dio afrikar esaera zahar batek. Tamalez, badakigu, tribua ez dela suertatzen inolaz ere hezitzaile eta, ondo ala gaizki, familiaren baitan, izatekotan, eta irakaskuntzaren sistemaren esku geratu dela heziketaren erantzukizun ia osoa. Horregatik, ezinbesteko bihurtzen ari da, beste inoiz bainoago, irakasleok ikuspegi etiko argia izatea, indibidualki zein kolektibo gisa.

Izan ere, bullying-aren fenomenoak, besteak beste, alderdi etiko nabaria du. Etikoa eta politikoa: ahularen baztertzea eta jazartzea, buruzagi «naturalari», tartean bortxa zein manipulazioa erabiliz, itsu-itsuan men egitea, gizarte-masa handi batek, beldurrez edo ezintasunez, injustiziaren egoera bati aurre ez egitea... faxismoaren ezaugarriak baitira gizartean, eta bullyingaren ezaugarri eskolaren munduan.

Agian, irakasle guztiek ez dute ikuspegi berdina etika, bizikidetza edo demokrazia direla eta. Dena den, ezinbestekoa da, eskola-munduan behinik behin, kontzeptu horien inguruan irakasleok ados jartzea: nire uste apalean, nekez egin dakioke kontra bullying-ari irakasleek lidergo etikoa galtzen badute. Nola ulertu zer den irakasleen lidergo etikoa? Nik esango nuke arazo honetaz bi ikuspuntu desberdin izan daitekeela: horietako bat da orain politikoki zuzenak diren ideiak ikasleei transmititzea, sermoien zein maltzuriki zuzendutako ariketen bidez. Hau da: irakasleak nagusi, eta irakaskuntza norabide bakarreko transmisio prozesua.

Bigarrena, orokorragoa: alde batean, metodologiaren alorrean aldaketa sakona, ikasleen arteko elkarlana bultzatu, ikasleek kolektiboki konpondu beharreko erronken aurrean jarrita. Helburua, besteak beste, ikasleek elkarren beharra izatea prozesuan aurrera egiteko eta, ondorioz, elkar ezagutzea, elkar baloratzea eta elkar estimatzea, bakoitzari bere onena emateko aukera emanda.

Bestalde, ikasle-taldearen potentzial etikoa indartzea. Ez dago ezer eraginkorragorik ikasleen portaeraren gainean taldearen presioa eta eragina baino. Horrek eskatzen du ikasleei arazo hurbilak tratatzeko, kritikak egiteko eta erabaki propioak hartzeko beta ematea. Eta, irakasleei dagokien neurrian, haiei zuzendutako kritikak ere onartzea.

Badakigu hori guztia zaila dela. Irakasleen artekoa zaila bada, zailagoa familiak tartean jarrita. Badakigu, baita ere, hori guztia txikitatik hasi behar dela, ikasleek nerabezaroa heldutakoan jadanik ohitura batzuk hartuta izan ditzaten. Zeren eta bullying-a desagertaraztea, beste gauza askoren artean, heziketaren hobekuntzan beste edozein bezalako osagarria baino ez baita.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...