Alberto Zerain. Alpinista

«Gailurrari ez diot hainbesteko garrantzirik ematen»

Hamaikagarren zortzimilakoaren bidean jartzear da Zerain: Nanga Parbat. Juanito Oiartzabal oraindik osatu gabe, Mariano Galvan argentinarra izango du sokalagun. Tontorra du helburu, baina ez nolanahi, ez bide arruntari jarraituta.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Unai Ugartemendia -

2017ko ekainak 6
Ez dira egun asko igaro Annapurnako (Nepal, Himalaia, 8.091 metro) gailurrera igo zenetik. Eta ez dira egun asko pasatuko berriro ere zortzimilako batera itzultzeko. Ekainaren 11n abiatuko da. Oraingoan, Nanga Parbateko (Pakistan, Karakorum, 8.125 metro) gailurra dauka begiz jota Alberto Zerainek. Lortuz gero, hamaikagarren zortzimilakoa litzateke. Iazko espedizioetan bezala, Mariano Galvan alpinista argentinar gaztea izango du bidelagun gasteiztarrak.

Orain bi urte Juanito Oiartzabalen 2x14x8000 proiektuan buru-belarri murgildu bazen ere, Oiartzabalen lesio batek bere bidea bakarrik egiteko aukera eskaini dio Zeraini azken urte honetan. Iaz, Manaslu (8.156 metro) eta Dhaulagiri (8.167 metro) egin zituen 54 urterekin. Aurten, beste bi egin nahi ditu: Annapurna eta Nanga Parbat. Ez da makala gasteiztarra.

ANNAPURNAKO ESPEDIZIOAZ

Azken espedizioari buruz galdetuta, analisi azkarra eginda, «oso ondo» joan zela dio. Pozik egoteko moduan dela. «Lan handia egin dugu espedizioan». Hasieran ez baitzekiten argi eta garbi zer bidetatik saiatuko ziren igotzen. «Behin beheko kanpalekuan geundela, gora eta behera ibiltzen hasi ginen, eta gauzak argituz joan ziren».

Sokalagun berria izan du azken espedizioan Zerainek: Jonatan Garcia (Barakaldo, Bizkaia, 1985). Zerainek Dhaulagiritik bueltan izan zuen haren berri. «Espediziotik itzulita, gurekin harremanetan jarri zen, eta galdetu ea aukerarik bazuen gurekin espedizioa partekatzeko». Broad Peakera joateko planak egin zituzten. Garcia agentziakoekin harremanetan jarri zen joan ahal izateko. Zerainek planak nahiko bideratua zituen Juanito Oiartzabalekin hara joateko. Handik gutxira, ordea, Oiartzabal gaixotu egin zen, eta espedizioa bertan behera utzi zuten. «Hala ere, ni joatekotan egon nintzen, baina oso denbora gutxi nuen dena antolatzeko. Bera [Garcia], berriz, joan egin zen. Pena handia eman zion azkenean ni joan ez nintzelako».

Eskarmentu handiko alpinista batek eta Himalaian hasi berri batek bat egin zuten. Garcia iaz Broad Peak igotzen saiatu zen, baina ospitalera eraman behar izan zuten, hanka batean izandako odolbilduagatik.

«Oso ondo» moldatu direla esan du Zerainek. «Oso mutil jatorra da Jonatan, eta oso erraza da berarekin ondo eramatea. Edozein planteamendu eginda ere, dena ondo iruditzen zaio. Asko errazten ditu gauzak mendian».

Jende askorentzat, Annapurna da zortzimilakoetan arriskutsuena. Historia izugarria duen menditzarra. Zerainek, ordea, ez zeukan aukeratzeko tarte handirik: bost zortzimilako falta zitzaizkion hamalaukoak osatzeko, eta horietako bat zen Annapurna. Hara joateko garai ona zen, eta horregatik aukeratu zuen.

Kezka bazuten, batez ere ingurukoak gogoan. «Hasieran, beldur pixka batekin abiatu ginen, gehienbat ez genuelako nahi jendea kezkatuta eduki. Berez, Annapurnak ez du batere fama onik, eta ez genion inori gainkarga gehiagorik ezarri nahi».

Zerainek-eta bazekiten oso jende gutxi egongo zela bertan. Hainbat harritu ere egin ziren jakindakoan Annapurnara zihoazela, hain jende gutxi egonda.

Han bertan, igotzeko modua aztertzen hasi ziren: «Hasieratik konturatu ginen ezinezkoa zela alemaniarren bidetik igotzea, ia erdi itxita zegoelako». Beraz, beste bide bat hartu behar izan zuten, frantziarrena. «Hirugarren egunean, gero egin genuen bidean sartu ginen, eta orduan erabaki genuen handik joatea». Pakistanera joateko egun onak dira hauek. Udaberria baliatu beharra neukan nahi eta nahi ez».

2X14X8000

Orain urte batzuk Juanito Oiartzabalek bere proiektuan parte hartzera gonbidatu zuen Zerain: 2x14x8000. Hamalau zortzimilakoen sorta osatuta, guztiak bi aldiz igotzea da Oiartzabalen asmoa. Hala ere, azken espedizioetan Zerain bakarrik aritu da, Oiartzabal gabe. «Juanitok denbora behar du osatzeko; hau ez da bi egunetako gauza. Oraindik badu nahikoa denbora berak nahi duena lortzeko, inongo presiorik gabe. Badirudi datorren udazkenetik aurrera proiektuarekin jarraitzeko aukera asko daudela. Shisha Pangmara joateko aukera asko ditugu. Ea zorte pixka batekin proiektua bideratzen dugun denbora gutxian».

Hala ere, Zerainek ez dio udazkenari itxarongo. Urte batzuetan zortzimilakorik igo gabe egin eta gero, azken urtean igo dituen hirurak kontuan hartuta, dagoeneko hamar ditu. Konturatzerako, berriro ere hegazkinean izango da Pakistanerako bidean. «Oraingoa esperientzia berri bat da niretzat. Inoiz ez naiz espedizio batetik etorri eta hain denbora gutxian berriro ere beste batera joan. Ilusioa egiten dit gauza batzuk ikusteak, esaterako, hain denbora gutxian girora egokitzea zenbat galtzen den, berriro ere buru-belarri kontzentratuta egotea...».

NANGA PARBAT

Ekainaren 11n ekingo dio berriro ere espedizioari. Gogotsu dago, irrikaz. Oraingo honetan, berriro ere Mariano Galvan argentinarra izango du ondoan Zerainek. Beraz, Manaslun eta Dhaulagirin bezala, eskarmentu handiko alpinista bat izango du sokalagun. Gustura doa, nahiz eta azken egunetan burokraziak zenbait gauza nahastu dizkien. «Galvan Nepalen ibili da, Lhotse eta Everest inguruan, gidari lanetan. Baina handik bisak, baimenak eta egin beharreko gauza guztiak zailtasun handiagoa izaten dute. Badirudi azkenean Argentinatik bideratu dizkiotela bidaia eta baimena».

Bide arrunta edo beste bideren bat hartuko duten galdetuta, azkar uxatu ditu zalantzak: «Bertan elkartuko gara biok, eta, nahiz eta gauza batzuk oraindik zehazteke ditugun, badirudi Mazeno ertzetik saiatuko garela. 2011n egon nintzenean ezagutu nuen bide hori. Orduan ez genuen ertz guztia egin, beste bide batetik saiatu ginelako. Oso eguraldi txarra egin zuen urte hartan, eta ez zen inor gailurrera igo».

Hamalau zortzimilakoak osatzeko «gogotsu» dago, «baina lortuko ez banitu ere, ez litzaidake mundua gainera eroriko, hori argi daukat». Ez dago hamalaukoak osatzearekin itsututa. «Denak lortzeko zorte handia behar da, gauzak ondo egin behar dira, planteamendu onekin...». Ez du gailurrera nola edo hala igo nahi. «Egia da ez diodala gailurrari hainbesteko garrantzirik ematen, bestela ez nintzateke Mazeno ertzetik joango Nanga Parbatera. Hamalauak azkar batean osatu nahiko banitu, bide arruntetatik joango nintzateke. Saiatu naiz azken gailur hauetan bide berriak ezagutzen».

UELI STECK

Zerain Annapurnan zegoen bitartean, handik ez oso urrutira, Everesten, askorentzat munduko alpinistarik onenak eta azkarrenak, Ueli Steckek, bizia galdu zuen. Horrelako gertakariek jendea atzera botako duela esan duenik ere bada. Ez da iritzi berekoa gasteiztarra: «Ez dut uste. Horrelako albisteak beti izan dira mendian. Joan aurretik beti ematen du zer pentsa, baina bizitzak aurrera jarraitzen du. Ezin gara egon gertatzen diren albiste txar guztiei kasu egiten, bestela ez ginateke etxetik aterako. Egia da horrelako albisteek askotan begiak irekitzeko balio izaten dutela, erabakiak hartzeko garaian bi aldiz pentsatu behar dela...».

Nanga Parbaten aurki ditzaketen zailtasunei buruz galdetuta, Zerainek onartu du ez duela bidea oso ondo ezagutzen. Badaki zaila izango dela. «Bide luzea da Nanga Parbatekoa, eta ziur bidean betiko beldurrak igaroko ditugula. Badugu eskarmentua, eta badakigu gauzak oso ondo egin beharko ditugula gailurrera igo nahi badugu behintzat». Hala ere, uste du «okerrena» bertan bakarrik egotea izango dela.

Eguraldiaren mende egongo dira, eta eguraldi oneko tarteak baliatu beharko dituzte gailurrera igotzeko.

KILIAN JORNET

Eskarmentu handiko alpinista da Alberto Zerain. Zortzimilakoetan hasiberria, berriz, Kilian Jornet korrikalari, eskiatzaile eta mendizale ezaguna. Alberto Iñurrategik, Gasherbrum I eta II medietara abiatu duten espedizioaren aurkezpenean, bereizi egin zituen alpinisten jarduera eta Jornetena. Zerain bat dator: «Gaur egun, Everest oraindik ere Everest da, baina berak egin zuen moduan, esan daiteke oso era erosoan egin zuela. Bertatik jende asko pasatuta zegoen ordurako, eta egia da unerik onena zela berak egin nahi zuen marka egiteko. Bidea oso zapaldua zegoen, elurra oso ondo egongo zen modu arinean joateko...». Zerainentzat, alpinisten jarduerak abenturatik gehiago du kirol erronkatik baino. «Berak [Jornetek], ziur, bere abentura propioa izan du, eta berak jakingo du zer bizitu duen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna