Korrika ondorengo ajeak

Pako Aristi - Idazlea

2015eko ekainak 7
Itzuli da berriro euskal kulturaren mundua bere egunerokotasunaren neurrira, Korrikak puztu zuen euskararekiko maitasun infinituaren souflea jaitsi ondoren. Sozialki lortu duen oihartzun liluragarria bezain larria da bere ondoren hedatu den ganora eza, soziala eta politikoa, ia-ia inposturaren mugetara ere iristen dena. Jadanik ez dut zalantzarik gaitz endemiko eta estruktural baten aurrean gaudela. Izan ere, Korrikan jendeak egiten duen aldarrikapen sutsuak kontraste handiegia eskaintzen du gero, urtean zehar, jende horrek (edo jende horretako gehiengo batek) agertzen duen epelkeriaren ondoan.

Korrika erabat txertatzen da ikuskizunaren kulturan, baina ai!, bere atzean hedatzen ari den basamortuak euskal sortzaile-espeziea iraungipenean uzteko traza guztiak dauzka. Euskal kulturaren ekosistema hiltzen ari da. Hiltzen ari dira. Zeintzuk? Ez dut errudunik izendatuko, bestela gaizto bihurtzen naiz eta. Halere eman daitezke datu batzuk gero norberari ondorioak ateratzeko balio dakizkiokeenak.

Egunkari honek aditzera eman zuenez, Gasteizko ganberan legebiltzarkideek %80a espainolez egiten dute, logika politiko guztiak hautsiz. Euskal abertzaleen etiketa daramaten alderdiak parlamentuaren ia bi heren dira, %65a, baina aspaldiko gutxiengorik larrienean dauden nazionalista espainolen hizkuntza erabiltzen dute nagusiki euren eguneroko lanean. Hauteskundeak galdu zituztenen eredu linguistikoa nagusi, inongo legek behartu gabe.

Berriki, hauteskunde kanpainan, Donostiako alkate-gaien mahai-inguru batean ere, euskara denboraren %10ean soilik erabili izan zela argitaratu zuen BERRIAk. Botere politikoa da hizkuntza batek gizartean daukan lehen legitimazio iturria, nagusiena; eta Euskal Herriak aske eta beregain izan behar lukeen ideia duten buruzagi politikoak piramidearen gailurretik euskara baztertzen hasten badira, gaizki hasi gara jada.

Ondoren datorrena ere ez da samurragoa. Bi eskola ezberdinetan, bata erlijiosoa eta bestea ikastola jator peto-petoa, emaitza berbera jaso nuen ikasleekin euskal idazleez solasean ari nintzela: ezin zituzten hiru izen esan. Bernardo Atxaga ez al zuten ezagutzen galdetuta, erantzuna ezezkoa. Bakarren batek astindu zuen burua goiti-beheiti, agian besteei kontra egitearren. Kirmen Uribe? Berdin.

Izan ere, ikaragarria da menderatzen gaituzten bi estatuek gure hezkuntzan duten erabakimena: Iparraldean Parisek ikasgaien %100 kontrolatzen du; Hegoaldean %55 Madrilen esku dago. Aktore ospetsu batek kontatzen zidan oraintsu hiru antzerki obrekin dabilela egun, baina ezin dituztela saldu udaletxeetan. Apirilean Txerri boda filma aurkeztu zuten Donostian, zuzendari eta aktoreen presentziarekin, eta ez zen ia ikuslerik agertu.

Harrigarriena da asmo baten iragarpenari sekulako kobertura ematen zaiola; besterik ez da Korrika, aurrerantzean gure eguneroko bizitzan euskara maila guztietara hedatuko dugun promesa. Baina gero, asmo hau egikaritzen hasten garenok isiltasuna eta indiferentzia baino ez dugula aurkitzen hedabideetan. Aspaldikoa da gure ikusezintasunaren kexa, Andu Lertxundik maisuki borobildu zuena: «Egun euskara ia ikusezina da ofiziala den euskal eremuan, eta ezinikusia zaio ofiziala ez den lurraldeetan».

Oihan Vegaren ondorioak bide beretik zihoazen Goiena atarian egindako agerraldian: ikasleei hamar abesti aipatzeko eskaturik, bi baino ez ziren euskarazkoak izan. «Euskal musikarekin zer gertatzen den landu nahi ikasleekin, zergatik ez duten bozkatzen, zergatik ez duten entzuten, zergatik ez duten erosten. Arazo handi bat dauka euskal musikak».

Erreportaia bat ikusi dut ETBko albistegietan, hemen dabiltzan turistei buruz. Esatariak dio: «Gaur euskal kultura ezagutzeko aukera izan dute». Adi jarri naiz, zer ote zen hori. Hiru gauza, finean: sukaldaritza (pintxoak jan dituzte), kirola (zesta-puntan aritu dira arratsaldez), eta festak. Kulturaren turistifikazioa, ikuskizunaren errazkeriari men eginez. Ostalaritzan oinarritutako kultura promozionatzen da, non herrietako tabernak gainezka dauden eta liburu aurkezpenak hutsik. Non garagardoak ehundaka milaka saltzen diren, eta gure liburuak zientoka, banaka, apurka.

Arazo estruktural bat nozitzen du euskal kulturak, plangintza politiko baten ezak ekarri duena; ez da krisi arazoa soilik, salmentak lupetzeratu dituena. Edo okerrago: plangintza politikoa badago, baina gure kultura ezabatzea helburu duena. Gaur ia ezinezkoa da euskaraz kultura egitea, eta egindakoa plazaratzea, ikusgai bihurtzea.

Izan ere, kultura esaten dugunean zertan pentsatzen du jendeak? Kultur etxe erraldoi batean, ala kanta bat du gogoan? Musika bat, poema bat, bihotza sutan jarri zion hura, edo liburu bat, nerabezaroan begiak ireki zizkiona?

Gaur Euskal Herrian badira 80/100 sortzaile bikain alor guztietan, antzerkigile, margolari, dantzari, nobelagile, pentsalari, musiko, konposatzaile, bideogile, gidoilari... Edozein naziok hartuko lituzke zoratzen, lan egin dezaten serio, sakon, ongi babesturik. Nola bizi dira hemen sortzaileak zementuari eman zaion dirurik gabe? Hiru milioi kostatzen den kultur etxe zantar batekin soilik ordaindu litezke 24.000 euroko 125 soldata urtean. Kultura fosilak daude, eta kultura biziak; sortzaileak dira bizitasunaren berme bakar kulturan.

Hemen kultura kontsumista baten promozioa lehenesten da, eta kontenido-sortzaileak baztertzen. Nola da hori posible? Zein kultura aurkituko dugu sortzailerik gabe, sortzaileak babestu gabe? Kultura folkloriko bat, museistikoa, non gastronomia nekatzeraino promozionatzen den, gure kulturaren gailur eta eredu bihurtzeraino. Hitzik gabeko kultura, sabela betetzen duena soilik, eta burua husten. Iritzi kritikorik gabeko kultura, planteamendu berririk gabea, tripa-zorrien homologazio hutsa bilakatu dena. Jan-edan egiten duen herria bilakatu gara, baina gutxi pentsatzen duena, gutxi eztabaidatzen, psikologikoki oso ahula, auto-estimarik gabea, konplexuz betea.

Zein herrik, bestela, osasuntsu dagoenak, utzi ditzake hiltzen, desagertzen bere sortzaileak?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna