Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Oporrak, etxean

Publizitatea

Bizigiro

Oporrak, etxean

Aste Santuko oporrak bidaiatzeko aprobetxatzen dituzte askok, baina bada Euskal Herrian geratzea aukeratzen duenik ere. Etxean geratzeko asmoa dutenentzat nahiz kanpotik Euskal Herrira oporrak igarotzera etortzen direnentzat, askotariko jarduerak eta txangoak daude.
<b>BASQUEFEST, BILBON</b>
BASQUEFEST, BILBON MITXI

2017-04-12 / Nagore Etxeberria

Maletak arropaz eta trastez bete, eta hegazkina hartuko dute askok egun hauetan; beste asko autoz, autobusez edo trenez joango dira noranahi. Izango da, baina, etxean geratzeko asmotan denik ere. Bost eguneko opor txikien atarian, atseden hartzeko, bisitak egiteko edo irteerak antolatzeko aprobetxatuko du jai duen orok. Jarraian, Aste Santuko opor egunetan Euskal Herrian izango diren hainbat jai, festa, azoka, jarduera eta txango.

ARABA

Askotariko jarduerak Gasteizen

Arabako hiriburua hobeto ezagutzeko jarduera ugari antolatu ditu udalak. Alde Zaharrean bisita gidatuak egingo dituzte, baita Santa Maria katedrala eta harresiak ezagutzeko bisitak ere. Literatur ibilbideak ere antolatu dituzte. Bisita berezi horiez gain, natura eta kirola uztartzen dituzten jarduerak antolatu ditu udalak: aerostatoan, bizikletan edo trizikloan txangoak. Gastronomiarekin loturiko jarduerak ere izango dira: ardo dastatzeak, pintxo tailerrak, gozogintza lantegietara bisitak edo antzeztutako afariak, esaterako.

Noiz: Apirilaren 23ra bitartean.

Non: Hiriko hainbat lekutan.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org

Lan Berri azoka Gasteizen

Lan Berri eskulangileen azoka antolatu du Artisau Arabako eskulangileen elkarteak, lehen aldiz. Eskulangileek egindako lanak ikusi eta erosteko aukera izango dute azokara hurreratzen diren bisitariek. Hogei inguru eskulangilek eskuz egindako lanak erakutsiko dituzte. Askotariko produktuak egongo dira ikusgai: jantziak, bitxiak, xaboiak, apaingarriak, oinetakoak eta beste. Urrezko Zeledonen plazaren eta Postas eta Independentzia kaleen artean jarriko dituzte postuak, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Noiz: Apirilaren 8tik 17ra.

Non: Urrezko Zeledonen plazaren inguruetan.

Informazio gehiago: http://artisau.org

BIZKAIA

Basquefest Bilbon

Euskal kultura oinarri duen festa antolatu dute egun hauetan Bizkaiko hiriburuan. Bost egunez, 200 ekitalditik gora antolatu dituzte hiriburuko hemezortzi gunetan: Areatzan, Plaza Barrian, Azkuna zentroan, Guggenheim museoan, Artxandan eta beste hainbat tokitan. Jardueren artean, berriz, denetarik dago: kontzertuak, tailerrak, erakusketak, dastatzeak, herri kirolak, kalejirak, kale antzerkiak, haurrentzako animaziok, erromeriak, euskal dantzak, azokak eta abar. Bost gunetan banatu dituzte ekintzak: Gourmet, Musika, Kultura, Sport eta Market. Berrikuntzen artean dago Guggenheimeko atarian hainbat ekitaldi egingo direla: Txapaparty ?musika elektronikoa eta txalaparta nahasten dituen saioa? edo Crazy Hospital ?breakdance eta trikitia uztartzen dituen ikuskizuna?, besteak beste. Jaialdirako prestatu duten Gernika ikuskizuna ere nobedadeetako bat da; ostiralean emango dute, Plaza Barrian, 21:00etan.

Noiz: Gaurtik igandera.

Non: Hiriko hainbat lekutan.

Informazio gehiago: http://basquefest.com

Eskutartie azoka Bilbon

Zazpigarren urtez, udaberriko eskulangintza azoka antolatu dute Bilbon: Eskutartie. Areatzako pasealekuan jarriko dituzte postuak. Ia 30 eskulangilek euren eguneroko ogibidea eta lanak erakutsiko dizkiete bisitariei. Askotariko materialak erabiltzen dituzte eskulangileek euren lanak sortzeko: buztina, harria, egurra, oihalak, larrua eta beste. Tailerrak eta erakustaldiak ere egingo dituzte: saskiak egiten ariko dira ostiralean; buztina lantzen larunbatean eta astelehenean; eta motozerrarekin eskulturak egingo dituzte igandean. 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik azoka.

Noiz: Apirilaren 7tik 17ra.

Non: Areatzan.

Informazio gehiago: www.eskutartie.biz

GIPUZKOA

Askotariko irteerak parketxeetan

Lau parke natural daude Gipuzkoan: Aiako Harria, Aizkorri-Aratz, Aralar eta Pagoeta. Haietan hainbat parketxe daude, eta denetan jarduera bereziak prestatu dituzte, bisitariek naturaz, kultur ondareaz eta aisialdiaz goza dezaten. Aizkorri-Aratz parke naturalean daude Arantzazu parketxea eta Anduetza zuraren museoa. Arantzazukoan, gaztagintzaren sekretuak ezagutzeko bisita antolatu dute Gomiztegi artzain eskolara, larunbaterako; apirilaren 18an, txangoa egingo dute Pello Zabalarekin, lurraren sekretuak ezagutzeko; apirilaren 19an, hegaztiak aztertzen arituko dira Mikel Olanorekin; eta, apirilaren 21ean, kontzertu akustikoa emango du Kalakan taldeak. Zegamako Anduetzan, berriz, Lizarretako (San Adrian) pasabidean egindako indusketetan lortutako aurkikuntzak ikusteko txangoa antolatu dute, baita txori kantuez gozatzeko irteera ere. Azken hori apirilaren 22an egingo da, 10:00etan.

Ataungo Barandiaran museoan, bisita gidatuak egingo dira errotara eta zerrategi hidraulikora, 11:30ean. Aldez aurretik izena emanda, beste bi aukera ditu bisitariak: talo tailerra, Barandiaranen, edo Aralar, hain gertu, hain urruti mendi ibilbide gidatua, Lizarrustiko parketxean. Aiako Iturrarango parketxean, berriz, Agorregiko burdinola martxan jarriko dute, 11:30ean, eta, horrez gain, erlauntzak ?13:00etan bisita gidatua?, lorategi botanikoa eta orientazio zirkuitua bisitatu ahal izango dira. Oiartzungo Arditurrin, meatze gunea bisitatu ahal izango da, eta, lurraren erraietara sartuta, meatzariek ilunpean nola lan egiten zuten sentituko ahalko dute bisitariek. Aiako Harria parke naturaletik irten gabe, egun-pasa egin daiteke: Hernaniko Akola inguruko trikuharriak eta saroiak ikusi, eta, gero, Larregain sagardotegian bazkaldu.

Ekintzetan parte hartzeko, komeni da izena ematea.

Noiz: Aste Santuko eta Pazko asteko egunetan.

Non: Parketxeetan.

Informazio gehiago: www.parketxeasarea.org

Askotariko bisitak Geoparkean

Deba, Mutriku eta Zumaia herriek osatzen dute Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkea, 2015az geroztik. Bisitariek kostaldeko balio natural, kultural eta geologikoa ezagutzeko eta horretaz gozatzeko esperientzia bereziak proposatzen ditu Geoparkeak: flyscharen itsaslabar ikusgarriak txalupatik ikusteko itsas ibilbideak, kutsu zientifikoa duten esperientziak, kultur bisitak, ibilbide gastronomikoak eta familian egiteko proposamen dibertigarriak.

Aurtengo berrikuntzen artean ondorengo jarduera hauek daude: Flyscha, begirada batean itsasontzi ibilbidea; Gotikoaren altxorra, Deban, Santa Maria elizara bisita gidatua; eta Mutriku marinela ibilbidea, herrigune historikoa ezagutzeko txangoa. Datorren asterako, ibilbide hauek programatu dituzte, euskaraz: apirilaren 22an, Nautilus, flyscheko fosilak eta Zazpi hondartzak; apirilaren 23an, Flyscha, begirada batean. Gainerako txango guztiak ere aukeran izango ditu bisitariak. Izan ere, Aste Santutik azarora bitartean, egunero egingo dira bisita gidatuak. Edozein jardueratan parte hartzeko,komeni da aldez aurretik izena ematea.

Noiz: Aste Santutik azarora arte.

Non: Zumaian, Mutrikun eta Deban.

Informazio gehiago: www.geoparkea.com

LAPURDI

Xingar azoka Baionan

Bihar hasi eta igandera bitartean, urdaiazpikoa izango da Baionako kaleetako protagonista, Xingar azoka egingo baita Lapurdiko hiriburuan. 1426. urtetik egiten da azoka. Aldi honetan, Errobi ibaiaren bi aldeetan ezarriko dituzte merkatuko postuak; 30en bat, denera. Denetan, nahi adina xingar dastatzeko eta erosteko aukera izango du bisitariak. Bestelako produktuak ere izango ditu aukeran: gazta, ardoa eta foie grasa. Bihar zabalduko dute azoka, 08:00etan, urdaiazpiko onenaren lehiaketarekin. Lehiaketara aurkeztutako urdaiazpikoen artetik, hiru onenak aukeratu beharko dituzte epaimahaiko kideek. Amaieran, urdaiazpikoen enkantea egingo da. Dastatzeak, bazkariak, kale animazioak, eta kirol eta gastronomia erakustaldiak ez dira faltako lau egunetan.

Noiz: Bihartik igandera bitartean.

Non: Merkatu plazan.

Informazio gehiago: www.bayonne-tourisme.com

Idazleen biltzarra Saran

Orain arte egun bakarrean egiten zen idazleen topagunea bi egunetan egingo da aurten: igandean eta astelehenean. Idazleen biltzarra egingo den 34. aldia izango da. Lau gune bereizi dituzte azokan: haurren ekintzetarako, mintzaldietarako, editoreekin harremanak izateko eta gune digitala.

Denetariko argitalpenak kontsultatu ahal izango dira azokan. Horrez gain, askotariko jarduerak antolatu dira: hitzaldiak, mahai inguruak, ikuskizunak, omenaldiak eta beste. Ikastetxeekin elkarlanean aritu dira antolatzaileak. Hala, Ziburuko kolegioko ikasleen lanak liburuxka batean argitaratu dituzte. Bernart Etxepare lizeoko ikasleek, berriz, Kirmen Uribe idazlearen azken lanaren inguruko zuzeneko telebista emankizun bat prestatu dute azokarako, idazlearekin batera.

Editoreen gunea aurtengo berrikuntzetako bat da. Lanen bat argitaratu nahi duen orok editoreekin elkartu eta hitz egiteko gunea izango du aurten; orotara, sei editore egongo dira. Gune digitalean, berriz, lanak modu digitalean irakurtzeko gailuak jarriko dituzte bisitarien eskura.

Noiz: Igandean eta astelehenean.

Non: Kiroldegian.

Informazio gehiago: https://otsare.jimdo.com

NAFARROA

Harresira bisitak Iruñean

Bisita gidatu bereziak antolatu ditu Iruñeko Udalak egun hauetarako. Hiriburu historikoa eta harresia ezagutarazteko asmoz, hiru bisita gidatu berezi egingo dira egunero: Iruñea, harresien arteko historia bisita egingo da, 11:00etan. Arratsaldeetan, beste bi: Baluarteen barrura bidaia, 16:30ean; eta Gotorlekua, 18:30ean. Goizeko bisitan, hiriaren historia eta gotorleku izateagatik hiria nola egituratu den mendeetan zehar kontatuko da. Arratsaldeko bisitetan, berriz, baluarteak eta gotorlekua ezagutuko dituzte bisitariek.

Bisitak gaztelaniaz egingo dira egunero, baina, larunbatean, euskaraz egingo dute goizeko eta 16:30eko bisita. Bisita egin ahal izateko, hamar laguneko taldea osatu behar da gutxienez. 4 eta 5 euro balio dute bisitek, eta turismo bulegoan eskura daitezke sarrerak.

Noiz: Bihartik astelehenera.

Non: Hirian eta harresian.

Informazio gehiago: www.turismodepamplona.es

Bolant eguna Luzaiden

Asteburua dantzan igaroko dute luzaidarrek. Larunbatean, herriko kaleak zeharkatuko dituzte, 20:00etan hasita. 21:00etan, plazan elkartuko dira dantzari guztiak. Igandean, berriz, goizean goizetik hasiko dira dantza erakustaldiak. 09:30ean, Karrikaburu etxearen atarian hasiko dira dantzan; gero, kalejiran zeharkatuko dute herria. Pekotxeta eta Benta auzoetara joango dira dantzariak, baita Arnegira ere (Nafarroa Beherea). Han bost dantza dantzatu ostean, Luzaidera itzuliko dira berriro. Eguerdian da ekitaldi garrantzitsua: herriko kaleak kalejiran zeharkatu ostean, Santiago plazan bilduko dira dantzari guztiak, 12:00etan. Dantza ikuskizuna egingo dute han. Ikuskizun bera egingo dute berriz 17:00etan, Arretxe frontoian. Herri afariarekin eta Gabenara taldearekin gaupasa eginez amaituko da festa.

Noiz: Larunbatean eta igandean.

Non: Herriko kaleetan.

Informazio gehiago: http://luzaidekobolantak.blogspot.com.es

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak