Gurpil gaineko iraultza

Patinajea eta kontaktuzko kirolak uztartzen dituen Roller Derbya hedatzen ari da Euskal Herrian. Donostian, Bilbon, Angelun, Arrasaten eta Zarautzen taldeak sortu dituzte jada.
1
1 ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Saioa Alkaiza Guallar -

2015eko martxoak 5
Lau gurpildun patinak jantzi dituzte, eta pistara egin dute salto. Patinatzen hasi dira, norgehiagoka, taldeka, elkarri bultzaka, lurrera eroriz eta etengabe jaikiz. Arrazoia? Kontaktuzko kirol bat praktikatzen ari dira, irristaketa eta errugbiaren zenbait ezaugarri uztartzen dituen lehia: Roller Derbya. Euskal Herrira azken bost urteotan heldu da, eta osasuntsu dago. Taldeak eratu dituzte Bilbon, Donostian, Angelun (Lapurdi), Zarautzen eta Arrasaten (Gipuzkoa). Askok diote feminismoarekin eta gorputz ez-normatiboak ikusaraztearekin lotuta dagoela; beste batzuek, aldiz, kirol gisa ikusten dute soilik. Egun, emakumeen taldeak dira gehienak Euskal Herrian; Angelun, ordea, gizon eta emakumeek jokatzen dute.

Baina zer da Roller Derbya? 1920ko hamarkadan AEBetan jaio zen talde kirola. 40 bat urtez arrakasta izan zuen, eta txapelketak oso sonatuak izan ziren; garaiko egunkariek eta irratiek horien berri ematen zuten; haatik, gainbehera izan zuen. Baina errautsetatik biziberritu, eta gorenean dago orain. Arauak argiak dira: irristaketa pista batean jokatzen dute hamar pertsonak, bost talde bakoitzeko. Talde bereko lau lagun batera jartzen dira hesi bat eginez, kontrako taldeko puntu-egilea (jammer) ez pasatzeko; aldi berean, haien taldeko puntu-egileak aurrera egitea ahalbidetu behar dute. Horretarako, lasterketak, bultzadak, blokeoak eta estrategia dira beharrezkoak. Eta hori guztia gurpil gainean.

Hala, bueltak ematen dizkiote zelaiari, eta jammer-ek pasatzen duten aurkari bakoitzeko puntuak pilatzen dituzte. «Oso bizia da, oso arina, eta oso estrategikoa; baina, taktika pentsatzen duzu, eta agian momentuan aldatu behar da. Ez da erraza, baina harrapatzen zaitu». Bilboko Botxo Killers taldekoa da Ane San Miguel. Taldekideek bi urte daramatzate elkartzen, eta hura orain dela urtebete inguru sartu zen arren, buru-belarri dabil. Donostiako Easo Avengers taldeko Tania de Sousak bat egiten du iritziarekin: «Oso kirol irekia da, estrategian oinarritutakoa. Denetarik egiten dugu». Haiek ere pare bat ikasturte daramatzate lanean. Lau urte dira, berriz, Angeluko Valient Bitchiz elkartea sortu zela. Maider Gallais da taldearen sortzaileetako bat; haren iritziz, «burua prest izan behar da Roller Derbyan aritzeko, eta fisikoki ere prestatuta egon behar da. Exijentzia handia eskatzen du, eta ez da beldurrik izan behar kolpeak jaso eta zauriak egiteko».

Askori zaila iruditu ahal zaion arren, patinatzaileen irudiko, xamurra da eginbeharrekoa. Praktikatzen hasteko gauza bakarra behar dela diote: gogoa. Eta zehaztapena egin du San Miguelek: «Ez da beharrezkoa patinetan ibiltzen jakitea ere, ikasi egiten da». De Sousak hari berberari egin dio tira. «Denetarik dago, edozein neskak har dezake parte, ateak zabalik daude». Azaldu duenez, kirol berria izaki, hasiberri asko dago, eta, beraz, erraza da martxa hartzea. Aurten hasi direnenen adibide da Arrasate Roller Derby. Hala esan du Aintzane Callef jokalariak. Facebooketik egin zuten deialdia, eta orain hamar bat kide dira, eta «pixkanaka-pixkanaka» dabiltza. «Gure taldea autogestio bidezkoa da. Hori oso garrantzitsua da kirol honetan. Guk egiten ditugu gauza guztiak gure artean: bik entrenamendua prestatzen dute; beste bik sare sozialak eramaten dituzte; batek propaganda...».

Eta antolatzeko moduaz gain, beste berezitasun bat ere badu Roller Derbyak: ezizenak. Gonorrea, Mata Hari, Kifla Rifla... Horiexek, esaterako, Bilboko Botxo Killers Roller Derby taldeko kideek erabiltzen dituztenak. Propio jokatzeko asmatutako izenordeak dira denak. Ohiko praktika da. Horrez gain, maiz aurpegia pintatuta ere azaltzen dira lehiakideak kantxara. San Miguelek azaldu du: «Filosofiarekin lotuta dago. Gerra izenak erabiltzen ditugu, harrotzeko. Izen punkiak dira, talde izaera indartzeko».

Ez du, hargatik, Roller Derbyak bortitza izatearen fama. Usteak ustelak dira, ordea. «Min har dezakezu, noski, baina beste edozein kiroletan bezala. Gainera, derrigorrezkoak dira aho babesa, kaskoa, belaunetakoak...». Callefek eman du azalpena. Eta ados dago San Miguel, xehetasun bat txertatu du, halaber: «Arriskua badago, noski, baina zenbat eta gehiago entrenatu, hobeto moldatzen zara, eta, batez ere, nola erori ikasten duzu». Donostiarrak jotzen ez dela argitu nahi izan du, «blokeatu» baizik.

Lagunartea eta txapelketak

Gehienak astean pare bat aldiz entrenatzen dira, kiroldegietan edo kalean bertan, azpiegitura falta dela eta. Hori da bilbotarren kasua. «Aterperik gabe entrenatzen gara, nahiz eta euria ari, hotza egiten duen arren... baina ez dugu besterik». Hortxe kirolak daukan karga handienetako bat: baliabide falta. Arrasatearrak ere kexu dira, entrenatu ahal izatea garesti ateratzen zaielako. Azkenik, De Sousak haren taldearen egoera izan du gogoan. «Guk dena ordaindu behar dugu gure poltsikotik». Ohiko entrenamenduak egiten dituzte denek: korrika, abdominalak, berotze lanak, eta, nola ez, patinajea beraren lanketa. «Gogorra da, diziplina handia behar da, baina arrobatzen zaitu». Callefek esplikatu du. Angeluko taldea herriko Pignada aretoan entrenatzen da astean hirutan, 40 lagun biltzen ditu egun, gizon eta emakumeak kontuan hartuta.

Zailtasunak zailtasun, hazten doa kirola. Egun, lagunartean aritzen dira euskal talde gehienak, baina badaude kanpora ateratzen direnak ere. Adibidez, Euskal Okela Roller Derby taldea sortu dute Easo Avengers eta Botxo Killersen artean. Nahiz eta batzuetan nor bere kabuz lehiatzen den, «erreminta bat» da elkarketa. Partida bat jokatzeko behar adina pertsona ez daudenean, jokalariak nahastu eta batera joaten dira. «Euskal Selekzioaren moduko bat da», San Miguelen ustez. Hala, Espainian eta Frantzian liga ofizialik ez badago ere, estatu horietan antolatutako lehiaketetan parte hartu ohi dute. Angeluko taldea, esaterako, Nizara joango da apirilaren 4an, Baywitch Projecten kontra aritzeko.

Gorputz guztien neurrira

Patriarkatuaren kanonetatik kanpo dauden gorputzak azaltzea eta lehen lerroan jartzea da Roller Derbyaren beste ezaugarrietako bat. Era horretan azpimarratu dute jokalariek. «Hemen ez dugu prototipo bat, horrek askatasuna ematen du». Aniztasunaz mintzo da De Sousa, eredu zurrunetatik ateratzeaz. Eta beste kate-begi bat batu dio gogoetari, gainera: «Emakume handiak eta sendoak behar ditugu blokeatzeko, eta arinak eta azkarrak lasterka egiteko. Inor ez dago lekuz kanpo».

Feminismoa ekarri du gogora San Miguelek. «Ikusarazten da gorputz mota bat eta estetika bat ez dena arrunta». Baina ez hori bakarrik. Dioenez, «subkultura punk alternatiboaren testuinguruan kokatzen da». Gallaisen irudiko ere kirolak badu loturarik feminismoarekin: «Taldeko emakume gehienek ez dituzte onartzen gizartean gizon eta emakumeen artean dauden desberdintasunak. Taldeko asko ama dira, eta Roller Derbya haien egunerokotik aldentzeko erabiltzen dute». Nolanahi ere, kirol izaera nabarmendu nahi izan du Callefek. «Beste batzuk baino makarragoa izan daiteke, baina kirola da». Ez da hori bakarrik, aitzitik. «Erreibindikazioa ere bada».

Lehen urratsak eginda, De Sousak argi du zein den hurrengo erronka: «Ezagutaraztea eta gehiago haztea». Horregatik, jendea kirol hau probatzera animatu nahi du. Era berean, lotsa galtzeko aldarria egin du San Miguelek: «Adinak ez du axola. Gainontzeko kiroletan 30 urterekin zaharra zara, hemen ez». Makina bat abantaila ikusi dizkio Callefek ere. «Bai talde batean lan egiteko, bai lagunak egiteko aproposa da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna