Noiz sortua: 2016-06-10 00:30:00

Laranja osoa edo bi zati?

Nola bizi dute afektibitatea euskal herritarrek? Galdera horri erantzun nahian, 'Kaixomaitia.eus' harremanetarako webguneak inkesta bat egin du, Aztiker soziologia ikergunearekin elkarlanean. Datuek argi erakusten dute laranja erdiaren ideia oraindik bizi-bizirik dagoela gizartean.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ihintza Elustondo -

2016ko ekainak 10
«Zu gabe ez naiz ezer». Halako mezuek indar handia dute gizartean oraindik, Amaia Zufia Bilgune Feministako kidearen iritziz. «Maitasun erromantikoak gizakiaren kontzepzio bat bultzatzen du: gizakiok hutsune natural bat daukagun izakiak garela, gabeziazkoak, eta orduan pertsona bat eta bakar batek osatuko gaituela. Laranja erdiaren ideia hortik etorriko litzateke. Eta, horrekin batera, sinbiosiaren ideia edo fantasia dator: posible dela, eta desiragarria dela, gainera, guztiz fusionatzea beste pertsona batekin, guztiz nahastea eta galtzea beste pertsona batean. Eta gure buruaz ahaztea». Eredu horrek markatutako adierazleak aurkitu ditu Zufiak hezkidetzan eta sexologian eskarmentua duen Kaixomaitia.eus webguneak egindako harreman afektiboen inguruko inkestan.

2016ko otsailaren 12an jarri zuen abian galdeketa Kaixomaitia.eus-ek, Aztiker soziologia ikergunearekin elkarlanean, eta atzo eman zituzten argitara emaitzak. 73 galdera egin zituzten, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. 1.500 pertsonak bete zituzten galdera guztiak, eta horietatik 200 bat kanpoan utzi zituzten, arrazoi bat ala beste, ikerketaren hobe beharrez. Hego Euskal Herrian bizi diren 18 eta 64 urte bitarteko euskaldunek —inkesta euskaraz bete zutenek edo euskaradunak direla esan zutenek— parte hartu zuten. Aldiz, beste profiletako nahikoa inkesta jaso ez zituztenez, unibertsotik kanpo geratu ziren 65 urte edo gehiagoko herritarrak, euskara menderatzen ez dutenak eta Ipar Euskal Herriko biztanleak.

Erantzun horiek interpretatzeko, aditutzat dituzten elkarte eta norbanakoekin jarri dira harremanetan: Euskal Herriko Bilgune Feministak, Gehitu elkarteak, Harremanak.eus webguneak eta genero eta maskulinitatean aholkulari Mikel Otxotorena Fernandezek egin dituzte balorazioak. Iñigo Arandia ikerketaren koordinatzaileak eta Kaixomaitia.eus-en sortzaileak ikerketaren balorazio «oso positiboa» egin du. Haren arabera, «interes handia» pizten du gaiak norbanakoen eta eragileen artean, eta «oso erraz» lortu dute jendearen parte hartzea sustatzea.

Emaitzei begira jarrita, Bilgune Feministak oso argi ikusi du maitasuna testuinguruak baldintzatutako eraikuntza soziokultural bat dela. «Matematikak ikasten ditugun bezala, maitatzen eta harremanak izaten ere ikasi egiten dugu, oso modu inkontzientean», dio Zufiak. Horregatik, bizitza binaka antolatzeko joera dagoela uste du, bestelako alternatibak baztertuz. Galdetuen erdiek baino gehiagok bikote harreman itxia dute, eta horien artean %70ek bost urte barru pertsona horrekin jarraituko dutela uste dute. Bikoterik ez dutenen artean, %67ri gustatuko litzaieke etorkizunean harreman itxi bat izatea, eta soilik %7k ez dute bikoterik izan nahi. «Geroz eta indibidualizatuago dagoen jendarte batean bakardadeari aurre egiteko formula magikoa da bikote harreman bat osatzea, eta hori da zorionerako bidetzat aurkezten dena. Aldiz, bakarrik egotea bikotea ez edukitzearekin lotzen da, eta, gainera, estigma bat da», zehaztu du Zufiak. Gutxiengoa dira harreman irekiak dituztenak (%7), eta, haien artean, gehienak gizon homosexualen artekoak dira.

Harremanak landu beharra

Galdetuen artean, %83k dute bere burua heterosexualtzat, %8,9k homosexualtzat, %6,4k bisexualtzat eta %1,1ek ez dute beren burua aurreko sailkapenetan kokatzen. Zufiaren iritziz, ororen gainetik kokatzen den maitasun goren bat dago: bikote heterosexual batean ematen den pasiozko maitasuna eta familia nuklear bat osatzera bideratuta dagoena. Eta horren pean geratzen dira beste maitasun mota asko: esaterako, elkartasuna, lagunen artekoa, bizilagunen artekoa... «Desiraren eta sexualitatearen hierarkizazioa egiten da. Harreman heterosexualak normatibizatuta daude, eta beste formula guztiak, izan harreman homosexualak, lesbianak, prostituzioa, transexualitatea... estigmatizatuta eta baztertuta daude».

Oro har, euskaldunek zoriontsu direla diote, maila afektiboan: batez beste, 6,9ko notarekin. Bikotekidearekiko maitasuna ere oso ontzat jotzen dute: 8,5eko notarekin. «Ikusten da bikote harremanak zoriontasuna ematen duela», Arandiaren iritziz. Baina, harreman sexualez galdetzean, behera egiten du zoriontasun mailak: 5,8ko nota jarri diote. Arandiaren iritziz, horrek gauza bat argi uzten du: «Ez ditugu behar bezala lantzen harreman sexual-afektiboak».

Zufia ez du gogobetetzen 6,9ko notak. «10a izan beharko luke. Harreman zoriontsuak eta betetzen gaituztenak behar ditugu». Kontraesan batzuk aurkitu ditu datuetan. «Gehiengoak etorkizunean bikote itxia izan nahi du, baina ezkonduak dira zoriontasun maila baxuena dutenak». Gazteak dira zoriontsuenak, eta horretan maitasun erromantikoaren ereduak eragin zuzena duela dio: «Maitasun erromantikoak gazte eder eta lirainak bultzatzen ditu, eta pasiozko harremanak. Eredu hori ez da irisgarria adin batetik gorakoentzat». Adinak gora egin ahala, behera egiten du zoriontasunak, bai afektiboki eta bai sexualki.

Nahi baino harreman sexual gutxiago dituzte galdetuek. Astean behin edo bitan dituzte gehienek, baina astean hirutan edo gehiagotan izan nahi lituzkete. Gizon eta emakumeen artean ez dago alde handirik desioari dagokionez. «Aurreiritziekin jokatzen da, eta beti pentsatzen da gizonek sexu behar gehiago dutela. Mito horrekin apurtzen dute datuek», adierazi du Arandiak. Baina masturbazioaren kasuan, nahiko nabarmena da aldea. Galdetutako gizonen %96 masturbatzen dira: %80 astero eta %15 egunero. Emakumezkoen kasuan, berriz, %87 masturbatzen dira: %45 astero eta %3 egunero. Horren inguruan, Harremanak.eus-eko kideekin gogoeta bat egin zuen Arandiak: «Beharbada emakumeek gehiago lotzen dituzte sexu harremanak bikotearekin, eta ez norbanakoarekin».

Tabu bat izan daitekeen arren, nabarmena da bikotetik kanpo desio sexuala egon ohi dela. Hamarretik bederatzik sentitu du noizbait bikotekidea ez den beste norbaitekiko desio sexuala, eta galdetutakoen %42k izan ditu noizbait bikotetik kanpoko pertsona batekin harreman sexualak, bikotearekin adostu gabe. «Afektiboki ondo gaude, baina sexualki falta zaigun horren ondorio da besteekiko desio sexual hori», Arandiaren arabera. Elkarrekin hitz egin ondoren, bikotekideak beste norbaitekin harreman sexualak izatea onartuko luketenak %40 dira, baina nahi hori erreprimitu egiten da, «autozentsurak» eraginda.

Desiotik praktikara, jauzia

Fantasiaren eta praktikaren artean jauzi handia dago. «Gure ustez, harreman afektiboetan dauden arau inplizitu horiek oso errotuta daude, eta horrek gure praktika guztiz baldintzatzen du. Horrek konpromisoa esklusibotasun sexualaren arabera neurtzera garamatza, eta gure desira horiek guztiak pertsona bakar batekin, etxe batean, ohe batean, eta, ahal bada, harreman heterosexual baten baitan bilatzera. Eta, gure ustez, konpromisoa beste gauza askorekin lotuta doa; askoz konplexuagoa da», azaldu du Zufiak. Komunikazio faltari ere erreparatu dio. «Zelan komunikatzen gara gure harremanetan? Ikusi dugu hor sekulako erronka dagoela. Gehiengoak jakin nahi du bere bikotea desleiala izan ote den noizbait [%73], baina gehiengoak ez du galdetzen [%65]». Gainera, %39 izango litzateke desleial bikoteak ezer jakingo ez lukeela ziurtatuz gero. «Hor behar ditugu tresnak zintzotasun bat garatzeko».

Internet tresna on bat dela uste du gehiengo batek harremanak bilatzeko (%89), baina ez da hainbeste erabiltzen (%34). Ez erabiltzeko arrazoi nagusia lotsa da, eta ez erabiltzeko hautua egiten dutenen gehiengoa emakumeak dira. Zufiaren arabera, emakumeek espazio publikoan duten ziurtasunik ezaren ondorio da hori. Gainera, adinean aurrera egin ahala, gehiago erabiltzen da, eta baita harreman homosexual eta bisexualak bilatzeko ere, heterosexualak baino gehiago. Zufiaren iritziz, «espazio publikoak horretarako erraztasunik ematen ez dielako» talde horietako kideei.

Horiez gain, beste datu pila bat bildu dituzte ikerketan, eta modu irekian jarriko dituzte Kaixomaitia.eus webgunean, nahi duenak erabil, kritikatu eta gogoetarako erabil ditzan. Gogoeta sustatzea baita inkestaren helburu nagusia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ihintza Elustondo

Informazio osagarria