Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: 4. etaparen kronika

Jolasean jarraitzen du

Bezperan Zumarragan egin bezala, Joaquim Rodriguez nagusitu da Arraten, azken metroetan esperientzia baliatuta.

Sergio Luis Henaok segitzen du lider
Joaquim Rodriguez, eta atzetik, Arraten harekin batera helmugaratutako beste 11 txirrindulariak, Itzuliko oilar guztiak tartean.
Joaquim Rodriguez, eta atzetik, Arraten harekin batera helmugaratutako beste 11 txirrindulariak, Itzuliko oilar guztiak tartean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Unai Zubeldia -

2015eko apirilak 10
Birus bat dela medio, aurkariei zalantzaren bat edo beste sortu itzuliaren atarian; itxurak eginez, bihurgunea zabaletik hartu Antion behera; azken bihurgunean tropel buruan iritsi Arratera... Esperientzia deituko diote batzuek; azeri zaharra izatea beste batzuek; gehienei gustatu egingo zaie haren jokabidea; gutxi batzuk haserretu egingo dira akaso... Baina, eztabaida horietan sartu gabe, aspaldi ez bezala ari da gozatzen Joaquim Rodriguez (Katuxa). Antion egin zuen bezala, atzo ere Arrateko zatirik gogorrenean eman zuen kolpea katalanak, indarrak muga-mugan egoten diren momentu horretan, beherakoan, azken bihurgunean.

«Gaztea da, indartsu dago, eta helmugara irits zitekeela uste genuen. Horregatik errespetatu dugu». Ilnur Zakarini (Katuxa) buruz ari zen hizketan Rodriguez helmugan. Eta ez zitzaion arrazoirik falta, ausart jokatuta, eta Darwin Atapuma (BMC) mugitu berritan, eraso zitala jo zuelako errusiarrak Usartzan gora. 5,5 kilometro falta ziren artean, eta Ion Izagirre (Movistar) eta Luis Leon Sanchez (Astana) soilik izan ziren gai Katuxakoaren erritmo aldaketari erantzuteko. Esprinta eta mendia bikain uztartuta, itzuli harrigarria egiten ari da Zakarin, eta, beste bi erritmo aldaketarekin, bakarrik geratu zen aurrean.

Movistar, Sky, Trek eta Lampreren ekimenez egun guztian etapa gogortu ondoren, desberdinetik asko izan zuen Arrateko azken igoerak. Zakarinen eraso ausartagatik lehenengo, eta Sergio Luis Henao liderraren (Sky) kontraerasoagatik gero. Azken erlojupekoa gogoan, artean 4,5 kilometro falta zirela mugitu zen kolonbiarra, eta erantzun ezinik utzi zuen Nairo Quintana (Movistar). Ion Izagirrek baretu zuen egoera, igoera on-ona eginda, eta hamabi txirrindulari elkarrekin iritsi ziren azken esprintera. Samuel Sanchezen (BMC) garai bateko taktikari helduta, ordea, ordurako jolasean hasita zegoen Rodriguez.

Aspaldiko igoerarik gogor eta ausartenak utzi zuen ondoriorik, erritmo aldaketa horiekin atzean geratu zirelako, besteak beste, Michal Kwiatkowski (Etixx), Samuel Sanchez, Jean-Christophe Peraud (Ag2r) eta Rafal Majka (Tinkoff). 23 segundoren galera izan zuten Arrateko helmugan, eta itzulian protagonista izateko aukera asko galdu zuten. Denbora berean daude Henao, Rodriguez eta Quintana, zazpi segundora dago Michele Scarponi (Astana), eta hamarrera daude Bauke Mollema (Trek), Zakarin, Tejay Van Garderen (BMC), Ion Izagirre, Simon Yates (Orica) eta Simon Spilak (Katuxa).

Ihesaldia gorpuztu ezinik

Urtero irrika handia sortzen du Arrateko etapak, eta atzo ere nabarmen geratu zen hori, hasi eta bukatu egur handia izan zelako tropelean. Bestela ezin eta, saiatu zen Txurruka ihesean, Valerio Agnoli (Astana) eta Oliver Zaugg (Tinkoff) iheskide hartuta, baina sua zegoen tropel buruan. Hamazazpi txirrindulari ihesean saiatu ondoren, 65. kilometroan hasi zen gorpuzten benetako ihesaldia, Asentzio eta Karabieta atzean utzita. Tony Martin (Ettix), Thomas Danielson (Cannondale), Peio Bilbao (Caja Rural) eta Romain Hardy (Cofidis) joan ziren ihesean.

Baina aurrera egitea gauza bat da, eta irautea beste bat. Izuako igoerak nabarmen utzi zuen Bilbao eta Hardyren ezina, eta Martin eta Danielson bakar lanean aritu ziren gerora. Garapen altuak mugitu zaleak dira biak ala biak, eta Markina-Xemeinera bidean bi minutu eta erdira igo zuten tropelarekiko aldea. Sky batean, Movistar bestean... Tentsio handia nabari zen tropel buruan. Azken igoera buruan zutela, bi taldeei komeni zitzaien erritmoa bizitzea, eta 50 bat txirrindularira mugatu zuten tropel nagusia. Gozamena da Tony Martinen ibiliari begira egotea, eta, errelebo luzeak emanez, atzo ere erakustaldi polita eman zuen alemaniarrak.

Gontzagagaina, Urregarai eta Pinares atzean utzita, Martin eta Danielson hamabost segundo eskasekin iritsi ziren Eibarrera, Usartzaren magalera. Aurretik, bi erorketa zirela medio, lasterketa utzi behar izan zuten Angel Viciosok (Katuxa) eta Jerome Coppelek (IAM). Rui Costaren mesedetan, Urkaregin gora Lamprek hartu zuen ardura tropel buruan, eta asko bizitu zuen erritmoa. Hordagoari erantzunez, erreleboka aritu ziren Movistar, Trek eta Orica ere. Igoera ederra eskaini ondoren, ordea, Rodriguezena izan zen erreleborik eraginkorrena.

Zumarraga eta Arrate atzean utzita, Aian amaituko da gaurko etapa, Itzuliko bosgarrena. 155,5 kilometro dauzka Eibar eta Aia arteko saioak, eta Kalbario (3), Itziar (3), Garate (2), Urraki (1), Alkiza (2) eta Aia (2) igo beharko dituzte txirrindulariek; Aia, hiru aldiz.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu BERRIAren webgune berezia:

www.berria.eus/itzulia15/

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: