Euskal Herriko Itzulia. Lehen etaparen kronika

Gasteizerako beroketa lana

Michael Matthews Orica taldeko australiarrak erraz irabazi du Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa, esprintean.

Tarteko helmugetako eta mendiko maillotak jantzi ditu Omar Frailek
Michael Matthews, eskuin besoa altxatzen eta irribarretsu, atzo, Bilbon, Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa irabazi berritan.
Michael Matthews, eskuin besoa altxatzen eta irribarretsu, atzo, Bilbon, Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa irabazi berritan. MIGUEL TOÑA / EFE

Unai Zubeldia -

2015eko apirilak 7
Baietz, Gangurengo igoera bikoitzak min egingo zuela; eta ezetz, tropel handia iritsiko zela Bilbora. Horixe zen Euskal Herriko Itzuliko lehen etapako zalantza nagusia, eta esprint handia izan zen azkenerako. Neil Stephensek jada ez daki nola ezkutatu Gasteizko etaparako Orica taldeak daukan faborito izaera, eta, gaur arte zain egon gabe, lanak aurreratu eta Bilbon beroketa lanak egitea erabaki zuten atzo australiarrek. Tropel erdia saiatu zen ihesean, bai Gangurenen gora eta baita behera ere, baina Michael Matthewsek (Orica) erabat eroso irabazi zuen lehen etapa, Michal Kwiatkowskiri (Etixx) aurrea hartuta.

Erorketa handi samarra izan zen azken zuzengunean, eta horrexek ilundu zuen etapa ikusgarria. Sergio Pardilla (Caja Rural) izan zen kaltetuenetako bat, ospitalean amaitu zuelako eguna, hainbat hausturarekin. Eguneko galtzaileen artean, berriz, 3.09 minutu galdu zituzten, besteak beste, Mikel Nievek (Sky), Frank Schleckek, Julian Arredondok (Trek), Robert Kiserlovskik (Tinkoff-Saxo), David Arroyok (Caja Rural) eta Diego Ulissik (Lampre).

Apustu segurua zen Euskal Herriko Itzuliko lehen ihesaldian Omar Fraileren (Caja Rural) alde egitea, eta santurtziarrak ez zuen hutsik egin. Bilbotik Galdakaora bidean, etapa hastearekin batera joan zen ihesean, Brian Bulgac (Jumbo) eta Anthony Turgisekin (Cofidis) batera. Tropelak ez zuen egin zalantza txikienik ere, hamabost kilometro egiterako sei minututik gora joanda zegoelako aldea, eta zazpitik gora ere egin zuten berehala. Maillot jokoa izaten du ederra lehen etapak beti, eta atzo ere polita izan zen Omar Fraile eta Turgisen arteko lehia. Frantziarrak aurrea hartu zion Morga gainean, mendiko pankartaren kokapenarekin gorabehera asko izan ondoren. Baina ordurako Bulgac atzean zela, santurtziarrak atzean utzi zuen Turgis, eta puntu horiei esker jantzi zuen gero mendiko maillota.

Horrekin nahikoa ez eta, Bilbora bidean gorputza egurtuta, tarteko helmugako lehen puntuak ere pilatu zituen bizkaitarrak, Bilbon bertan, eta baita gero Galdakaokoak ere. Zaleak sutan eta Omar Fraile bera sufrimenduarekin gozatuz, behin etapa amaituta bi aldiz igo zen podiumera. Ez ahazteko moduko eguna izango da atzokoa Caja Ruraleko txirrindulariarentzat.

Gangurengo bigarren igoerara bidean erritmoa asko bizituta, helmugarako hamazazpi kilometro eskas falta zirela harrapatu zuen tropelak Omar Fraile. Eta orduantxe jo zuten erasoa Julian Arredondok (Trek), Alexis Vuillermozek (Ag2r) eta Bart Wellemsek (Lotto) lehenengo, eta Sergio Luis Henaok (Sky) igoerako azken aldapetan. Tropela gizenduta igaro zen, hala ere, Ganguren gainetik, eta, beherakoan ere mugimendu dezente izan zen arren, esprint handia izan zen azkenean Bilbon, jendetzaren erdian.

Esprint segurua gaur

Bilbotik Gasteizera, bigarren etapa jokatuko da gaur Itzulian, 175,4 kilometroko ibilbidekoa. Urduña (1), San Martin Zar (3), Zaldiaran (3), Gasteizko gaina (3) eta Zaldiaran (3) igo beharko dituzte txirrindulariek, baina, ezusterik ezean, esprinta izango da gaur ere helmugan. Eta esprintek izen jakin bat daukate Euskal Herriko Itzulian: Orica.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu BERRIAren webgune berezia: www.berria.eus/itzulia15/

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: