3,76 milioi euro falta dira

Osasunako zuzendaritzak salaketa jarri du klubetik atera zen diruarekin zer gertatu zen argitzeko.

Nafarroako epaitegiak delitu zantzuak ikusten ditu klubean egindako zenbait jardueratan
Pedro Baile Osasunako zuzendaritzako kidea, atzo, prentsaurrekoa eman aurretik. Bertan eman zuen salaketaren berri.
Pedro Baile Osasunako zuzendaritzako kidea, atzo, prentsaurrekoa eman aurretik. Bertan eman zuen salaketaren berri. EFE

Aitor Manterola -

2015eko otsailak 20
Osasunako zuzendaritzak herenegun jaso zuen Espainiako Futbol Liga Profesionalak (LFP) klubaz egin duen kontu ikuskatzea, eta atzo bertan Nafarroako epaitegian azaldu zen zuzendaritza, salaketa jartzeko kontu ikuskatzeak bistaratu dituen kontu batzuen inguruan. Kontu horiek kopuru zehatz bati dagozkio: 3.761.611 euro falta dira. Diru hori non dagoen, zertarako erabili zen eta nork atera zuen argitu nahi du klubak. «Bazkideen, erakundearen eta ondarearen defentsa egiteko aurkeztu dugu salaketa», esan zuen gero Pedro Bailek, zuzendaritzako kideak eta bozeramaileak. Aurretik, zuzendaritzak ohar bat kaleratu zuen, eta garbi adierazi azkeneraino heldu nahi duela, «gertatzen dena gertatzen dela».

Bigarren epaitegiko guardiako epaileak ez zuen denbora asko galdu salaketa jaso ondoren, berehala agindu ziolako Espainiako Poliziari ikerketa hasteko. Epaitegiak plazaratu zuen oharrean, argi eta garbi esaten du zer delitu izan daitezkeen Osasunaren barruan ustez egindako horiek. Honela azaldu du salaketaren harira ateratako autoan: «Bidegabeko jabetza, sozietate delitua eta agiriak faltsutzea egon daitezke». Poliziari eskatu dio ahalik eta azkarren egiteko diligentzia horiek.

Falta den dirutza hori, nagusiki, 2013ko ekainetik 2014ko ekainera arteko tartean atera zen Osasunatik; 2011ko abenduan 76.611 euro ere atera ziren, eta horren berri ere jakin nahi du epaileak. Autoan argitara ematen ditu kontu ikuskatzearen datu batzuk, eta dirua jaso zutenen izen-abizenak ere plazaratu ditu. Hain zuzen ere, epaileak hauxe jakin nahi du: «2013ko ekainaren 1ean, 900.000 euro ordaindu zitzaizkien Cristina Valenciari eta Alberto Nollari (higiezinetako agenteak), eta zertarako jaso zuten nahi dut jakin. Handik hilabetera, Osasunak eta Flefield izeneko sozietateak —Madeiran dauka egoitza— hitzarmena egin zuten, eta sozietate horrek 1,44 milioi euro jaso zituen. Jakin nahi dut kontratua sinatu zuten pertsonak zein izan ziren, eta baita klubak zer zerbitzu eskuratu zituen diru horren truke. 2013ko azarotik 2014ko ekainera artean, 1,34 milioi euro atera ziren klubetik, eta argitu nahi dut zeinek atera zuten kopuru hori eta zertarako erabili zurten. Azkenik, 2011ko azaroan, klubak 76.611 euro ordaindu zizkion ustezko kirol ordezkari bati, eta pertsona hori zein den jakin nahi dut».

«Ez goaz pertsonen kontra»

Azkar nahi du epaileak kontu hau dena argitu, eta Osasunako zuzendaritzak ere azkar azaldu nahi die bazkideei kontu ikuskatzeak zer dakarren. Horregatik, atzo plazaratu zuen agiriaren bosgarren eta azken puntuan hauxe dio: «Bazkide konpromisarioen ezohiko batzarra egingo dugu, eta, besteak beste, kontu ikuskatzearen txostenak zer dakarren zer den azalduko diegu».

Luis Sabalzaren zuzendaritzak askotan esan izan du gardentasuna izango dela bere agintaldiko oinarrietako bat, eta atzo bertan, hortik jo zuen Bailek: «Kontu ikuskatzea bidali ziguten bezain pronto bildu ginen zuzendaritzakook, eta garbi ikusi genuen klubak berak izan behar zuela pausoa ematen lehendabizikoa, klubaren beraren irudiaren defentsan». Gaineratu zuen, Osasuna «biktima» dela kontu honetan guztian, eta zuzendaritzaren betebeharretako bat dela «Osasuna eta bazkideak defendatzea».

Bailek argitu nahi izan zuen salaketa ez doala inoren aurka: «Ez gara ari pertsona batzuen edota aurreko zuzendaritzaren aurka. Jakin nahi dugu nora joan den dirutza hori, faktura batzuk badauden arren, faktura horiek bidali zituztenek ez dutelako erantzun dirua jaso zuten edo ez». Eta hauxe gehitu zuen, «zuzendaritzak espero du dena ateratzea, eta, hala gerta dadin, laguntza guztia emango dugu, klubaren agiriak- eta dagokionari emanez, hala eskatuz gero».

Gobernua, auditoria eske

Auzi honek Nafarroako Gobernua ere harrapatu du. Ogasunarekin zituen zorrak kitatzeko prozedura onartu zuen parlamentuak joan zen azaroaren 27an, eta ematen zuenean erabaki horren harrabotsa apaltzen ari zela, diruaren afera honek ezbaian jarri du gobernuak emaniko laguntza. Oposizioak UPNko gobernuari hauxe aurpegiratu dio: «Laguntza eman aurretik jakin behar zuelako Osasunaren diru kontu guztiak nola dauden».

Gertakariak ikusita, gobernuak eskaera bat egin dio Osasunari: 2005etik 2014ra bitarteko kudeaketaren kontu ikuskatzea egiten uzteko. «Gardentasuna egotea ezinbestekoa da auzi honetan guztian», azaldu zuen atzo Lurdes Goikoetxeak, Ogasun sailburuak. Gaineratu zuenez, gobernuak aztertu izan ditu Osasunari egindako kanpoko kontu ikuskatze batzuk, eta «dena normal zegoela ikusi genuen», esan zuen.

Iritzi bera eman zuen Yolanda Barcina presidenteak ere: «Egin izan zaizkio kontu ikuskatzeak Osasunari, eta, nik dakidala, ez da ezer ezohikorik azaldu izan». Hau ere gehitu zuen: «Osasunari laguntzeko legea onartzeko bidean, klubeko kudeaketa batzordeak ez zigun ezer esan ustezko irregulartasun hauetaz».

Jokalari ohiak ere hasi dira hizketan. Javier Acuña paraguaitarrak haserre hitz egin du: «Guri ordaintzeko ez zegoela dirurik esaten ziguten zuzendaritzakoek, baina bazegoen dirua, orain azaldu denez».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna