Futbola. Espainiako Kopako finala

Lehoiak eta tximaluzeak

Athleticen zaleek eta ACDCren kontzertura joan direnek giro onean egin dute bat finalaren bezperan. Zale uholde handiena gaurko espero dute, 60.000 guztira, eta, besteak beste, Gabarra eta kalejira erraldoi bat daude antolatuta.
Athleticen zaleak, giro onean, atzo arratsaldean, Athletic Hiria gunean; arratsaldeak aurrera egin ahala, berotuz joan zen giroa.
Athleticen zaleak, giro onean, atzo arratsaldean, Athletic Hiria gunean; arratsaldeak aurrera egin ahala, berotuz joan zen giroa. IMANOL MAGRO

Imanol Magro Eizmendi, Berriemaile berezia -

2015eko maiatzak 30

Garrasirik ez zen falta izan atzo Bartzelonan. Batetik, Bilbotik joaniko lehoien orroak; eta, bestetik, ACDC talde mitikoaren kontzertura joaniko tximaluzeenak. Tira, beteranoren batek edo bestek tximen garaia joana zuen jada, baina umorea ez, eta atzo giro bikainean egin zuten bat Athletic Hirian. Kontzertua, izan ere, Lluis Companys estadioan izan zen, Athleticen zale gunetik oso metro gutxira. Giro dotorean elkartu ziren batekoak eta bestekoak.

Kontzertura joan zirenen multzo horretan bazeuden pribilegiatuak. Kontzertura eta partidara joango direnak, Txerra Gomez, Oihane Zelaia eta Danel Gomezen familia, esaterako. «Asko dira Bilbotik kontzertura datozenak. Danelen olentzero oparia izan zen sarrera, eta gero etorri zen finala. Asteburu borobila, eta astelehenean ospakizuna», aurreratu zuen Gomezek. Emaitza, aldiz, semeari utzi zion: «1-0». Plan bera du Gorkak, Iker anaia eta Asier iloba gaztearekin etorrita. Bilboko Alde Zaharrean erroak dituen familia da eurena. «Finala Bartzelonan joka zedin desiatzen geunden. Hori bai, Bartzelonan jokatu izan ez balitz, kontzertuko sarrerak salduko genituen. Lehenbizi, Athletic». Bere pronostikoa ausarta da: «3-1, 31 urte daramazkigulako titulurik gabe». Gorka 1984ko finalean egon zen, baina azken bietako mikatza ere dastatu zuen.

Garratz hori probatu zuen Iñigo Merino Abusuko zaleak ere. Hamabost laguneko kuadrilla etorri dira, kartoizko Kopa erraldoi eta guzti. «Igandean gara itzultzekoak; hori, galtzen badu. Baina irabaziko dugunez, ez gaitzatela itxaron etxean». Kuadrilla primeran murgildu zen heavy metal giroan. Izan ere arratsaldeak aurrera egin ahala, gero eta jende gehiago elkartu zen. Athletic Hiriako egitarauko lehen kontzertua The Bon Scott Band zen, ACDCren abestien bertsioak egiten dituen taldea, eta bi jende multzoak elkartzeko itsasgarririk onena izan zen kontzertua. Haiek kontratatzea erabaki zuenak bete-betean asmatu zuen. Dena den, ez zen Athletic Hirian jotzen zuten lehen kontzertua.

«Ez zait futbola gustatzen, baina zer demontre, hemendik aurrera athelticzalea naiz». Cesar Perezena da esana, heavy metal zale madrildar zailduarena. Txaleko beltz eta tatuajez josita makina bat argazki atera zuen Athleticeko zalez inguratuta. Hori bai, argazki kontuetan, alde handiz irabazi zion Marijaia trofeoa eskuetan zuela jantzitako zaleak. Gaur sarrera bat lortzen saiatuko omen da Perez. Aukera izango du, birsalmenta egotea espero baita. Bartzelonako Athleticeko zale taldeek Bartzelonako bazkideen email asko jaso dituzte eskaintzekin. «300-400 euro eskatzen dituzte. Argi dago Txapeldunen Ligako finala sarrera horiek salduz ordaindu nahi dutela». Ikusi egin beharko da baten batek dirutza hori xahutzen duen edo ez.

Athletic Hiriaz gain, Bartzelonako hiria ere zuri-gorriz janzten joan zen. Goizean pinporta zuri-gorri zirenak, arratsaldean ohiko bilakatu ziren, eta gaua gerturatu ahala Montjuicera hurreratu ziren. Gatiburen kontzertuak apalena ere piztuko zuen. Ordurako ACDCren zaleak goraka joanak ziren, eta Alex Sardui abeslariak egin zituen gidari lanak. Egunak ere izan zuen bere une solemnea, Josu Urrutia Athleticeko presidenteak, gau partean, taldearen bandera zuri-gorria altxa zuenean. Afalosterako Bartzelonako Ranbla goitik behera zuri-gorria zen. Euforia dasta zitekeen bertako giroan. Baikortasuna bazen, behintzat.

100 metroko bandera

Athleticzaleen olaturik handiena gaur iristea espero da. 60.000 zaletik gorako exodoa izango da. Hori da Kataluniako Gobernuko barne sailak darabilen kopurua, baina baliteke gehiago izatea. Horietatik 15.000 sarrerarik gabe doaz, partida pantaila erraldoietan ikusteko asmoz. Asko trenez iritsiko dira, baina gehienak errepidez. 8.000 auto inguru espero dituzte eta 500 bat autobus. Atzokoan errepidez Bartzelonara joaniko zale asko kexu ziren Guardia Zibilak Zaragoza inguruan, autobidean, jarritako kontrolarekin. Sare sozialetan zabaldurikoaren arabera, isun dezente jarri zituzten.

Finalaren aurreko orduak berotzeko egitarau oparoa dago antolatuta, gune ezberdinetan. Euskal Etxean, esaterako, Arc de Sant Vincenç kalean, gonbita egin diete Athleticen zaleen taldeei 13:30ean bertan elkar daitezen. «Euskal kulturak Bartzelonan duen txokoa garela esaten dugu, eta finala aukera egokia iruditu zaigu gure etxea erakusteko», azaldu du Laia Alsina euskal etxeko kideak. Arratsaldean partida klasikoak emango dituzte bertan, eta finalaren ostean, festa. Eguna Bartzelona erdialdeko kaleetan galduz igaro nahi dutenentzat aukera ona izan daiteke.

Ekitaldi ikusgarriena, dena den, portuan izango da, 13:00etan. Vilanovako (Katalunia) Gure Txoko jarraitzaile taldeak martxan jarritako ekimena da, eta Mediterraneoko zale taldeen babesa jaso du. «Teknikoki ez da gabarra bat. Ontzi bat da, ehun metroko bandera batekin inguratu dutena. Bozgorailu handi batzuk jarri dizkiote, 4.000 watt, eta portua gurutzatuko du. Gabarra astelehenean Bilbon irtengo denez, aurretik hona ekarri nahi izan dugu», azaldu du, baikor, Dani Yohneknek, Bartzelonako Lehoi Beltza zale taldeko kideak. Gabarraren gainean 150 lagun joango dira, eta toki guztiak astebete baino gutxiagoan banatu zituzten. «Harrituta gaude», onartu du Yohnek. «Zerbait ikusgarria egin nahi genuen, baina harrituta gaude sortu duen ikusminarekin, makina bat hedabidetatik deitu baikaituzte».

Gabarrak lur hartzen duenean hasiko da kalejira. Colon kalean barrena joanda, Athletic Hiriaraino iritsiko da. Bertan 100 metro luze eta sei metro zabal izango den bandera zuri-gorri erraldoia zabalduko dute. Gallartako Gaizka Toquero jarraitzaile taldeak gaurko finalerako espresuki eginikoa da artelana. Kalejira amaitzean hasiko da Zea Maysen kontzertua, eta arratsaldez Doctor Deseok joko du. Kontzertua bukatu eta zale guztiak estadiora oinez joatea da asmoa. Bi kilometro pasa daude, animoak hartzen joan eta Athletic gogor animatzeko. Harmailetan nagusi zein izango den argi dago.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

PCR probak, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Gutxitu egin dira egun bakarrean atzemandako kasuak

Uxue Rey Gorraiz

Beste 519 positibo detektatu dituzte Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. 36 gaixo ospitaleratu dituzte azken egunean, bezperan baino 13 gutxiago.

Bainako Oihana ikastolako eta Estitxu Robles kolegioko ikasleak ©Gillaume Fauveau

Ziburuko eskolan agerraldi bat atzeman dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak agerralditzat jo du Aristide Briand eskolako kasuen agertzea. Zazpi haur kutsatu dira, gutxienez.

Mekanikari bat lanean, iragan apirileko irudi batean. ©Jon Urbe / FOKU

Ekonomia %19,5 jaitsi da bigarren hiruhilekoan, aurreikusi baino pixka bat gutxiago

Imanol Magro Eizmendi

Langabezia datuetan ere arindu egin dira uztailean eginiko aurreikuspenak: %17,2 izan zen tasa

 ©Raul Bogajo / Foku

Ziurtasunik ez ikasle pisuetan

Maria Ortega Zubiate

Ikasle pisuen egoerari buruzko kanpaina bat jarri du abian Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. Ziurgabetasunaren aurrean, klausulak eta halakoak jartzen hasi dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna