Albistea entzun

Barandaz haragoko Donostia

Katxola baserria, Martuteneko baratze ingurua, Ametzagañako parkea eta begiralekua eta Platako itsasargia dira Donostiako Itzulian aurki daitezkeen perla batzuk: 54 kilometroko ibilbidea osatu du udalak Club Vasco de Camping elkartearekin batera. Igandean estreinatuko dute.
Platako itsasargia laugarren etaparen hasieran aurkituko du ibiltariak: haren magalean egiten dute bat itsasoak eta mendi inguruak.
Platako itsasargia laugarren etaparen hasieran aurkituko du ibiltariak: haren magalean egiten dute bat itsasoak eta mendi inguruak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Maialen Unanue Irureta -

2014ko abenduak 2 - Donostia

Leku enblematikoetatik harago badago bizitza. Badago hiria. Erdigunetik harago, badago periferia, erdigunea bezain ederra izan daitekeena. Eta, ezbairik gabe, hiriaren parte dena, postaletan agertu ez arren. Gertuen dituztenek, herritarrek baizik ez dituzte ezagutzen txoko horiek; eta turistek, oro har, erdiguneko kaleak egiten dituzte beren.

Donostiako Itzulia: gune ezezagunetan barrena ibilbidea osatu du Donostiako Udalak, hain zuzen ere, bazter ezezagun horiek lehen mailara ekartzeko. 54 kilometrokoa da, orotara, udalak CVC Club Vasco de Camping elkartearekin osatutako ibilbide zirkularra. Lau etapatan banatuta, ibilbideak Donostiaren ondare naturala, kulturala eta historikoa bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen du, eta, bide batez, kirola egitekoa. Abenduaren 7an, datorren igandean, estreinatuko dute ofizialki ibilbidea CVCko eta udaleko ordezkariek, 08:30ean: azken etapa egingo dute, Mirakruzetik hasita, eta udaletxera iritsiko dira eguerdi aldera. Gida bat ere kaleratu dute —2.000 ale—, herritarrek 1,50 euroan eskuratu ahal izango dutena kioskoetan, asteburura arte.

Ibilbidearen 54 kilometroak oinez nahiz mendiko bizikletaz egin daitezke: egun bakoitzean etapa bat, edo nork bere erritmora. Axier Jaka Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotziaren arabera, txoko guztietara irits daiteke Dbus zerbitzuaren bidez. Etapa bakoitzaren hasieran informazio ohola dago; bidean marra zuri-urdinek gidatuko dute ibiltaria.

Lehenengo etapan —udaletxetik Añorgatxikira arte doanean— dago ibilbideko tokirik altuena: Igeldoko meteorologia behatoki, 270 metrotan. Hori atzean utzita, Usurbilekiko (Gipuzkoa) mugara iritsiko da ibiltaria, Oria ibaiaren erribera eta Donostialdea eskualdearen zati handi bat ikusteko talaiara. Lehenengo etapa da luzeena, 15 kilometrokoa.

Landa eremu zabala

Ezustekoren bat edo beste hartuko du ibiltariak bigarren etapan; Añorgatxikitik Martuteneko 27. poligonora doa —13,3 kilometro—. Aietek berak badu hiritar aberatsen auzo izateko fama, baina baserri eremua zen urte batzuk lehenago, eta horren lekuko da Katxola dolare-baserria, esaterako. Bigarren etaparen lehenengo geldiunea hantxe egingo dute: XVIII. mendeko baserriaren jabetza udalarena da, baina Lantxabe auzo elkarteak kudeatzen du. Txema Garai CVCko lehendakariaren arabera, Katxola da garai bateko Aieteren lekukotasun bakarretakoa: «Ez zuen egun duen itxura, baserriz beteta zegoen ingurua». Handik ikus daitezke ibilbidearen parte diren Ametzagaña, Ulia eta Miramongo basoa.

Etapa horren bidez iritsiko da ibiltaria Okendotegi bidera. Jakaren arabera, Donostia da Gipuzkoan nekazaritza ekoizpenean buru den udalerria, eta hor bertan baratze ugari daude, trenbidearen eta Urumea ibaiaren artean kokatuta. Erdigunetik urrun eta industriaz inguratuta, sendo dirau nekazaritzak Donostian.

27. poligonotik Mirakruz Gainera arte doa hirugarren etapa: 11,5 kilometro. Besteak beste, parke eder bat aurkituko du hor ibiltariak, Ametzagaña. Parke lasaia da, zuhaitzez betea, hiriaren arnasguneetako bat. Jende gutxi ibiltzen da han, baina badu xarma. Begiraleku bat ere badu, hain justu, karlisten gotorlekua zenaren magalean: ia Donostia osoa ikus daiteke handik. Garaik azaldu duenez, hiru lekutatik sar daiteke parkera, Garbera ingurutik, Intxaurrondotik eta Uba elizatxotik.

Behobia-Donostia lasterketa egiten dutenei hain gogorra egiten zaien Mirakruz Gainean du abiapuntu azken etapak. Hamalau kilometroko ibilbideak hainbat leku erakargarri ditu. Horietako bat da Platako itsasargia, Uliako gotorlekutik gora, mendia eta itsasoa elkartzen diren leku magikoa. Europak babestutako gunea da Ulia, itsaslabarren gainean egoteagatik. Garaik zein Jakak, esaterako, hori dute ibilbideko txokorik maiteena. Bidezidorretan behera, mendi bideak utzi, eta hirigunera itzuliko da ibiltaria. Amaierara, udaletxera iritsi aurretik, ordea, Ingelesen hilerritik doa ibilbidea, San Telmo museotik gora igota.

Urtebete baino gehiago hartu die Donostiako Udalari eta Club Vasco de Camping elkarteari ibilbidea osatzea. Udalean, gainera, hainbat sailek hartu dute parte, besteak beste, mugikortasun eta ingurumen sailek.

Ibilbidea osatzeaz gain, adituek gidatutako solasaldiak eta familientzako tailerrak antolatu dituzte horren inguruan. «Gustatuko litzaidake ibilbidea pasatzen den auzoetako elkarteek ekintzak egitea horren inguruan, ahanzturan gal ez dadin», dio Garaik.

Donostiaren lehenengo itzulia Kresala elkarteak egin zuen 1982an, eta 2007an Club Vasco de Campingek seinaleak berriztatu zituen, Kirol Patronatuarekin elkarlanean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Maskulinitate toxikoa jasan izan dut dantzan»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Ikerketa koreografiko bat osatu du Gilek: 'Hitzezko hitzak mugimenduan. Fuck you, Bertin!'. Maskulinitate toxikoa eta hegemonikoa ditu hizpide eta kritika: «Eta ez dago horren urrutira joan beharrik horretarako».
1 ©OSCAR BRAKO / EZEZAGUNA

Ezabatzen ari den irudia

Iker Tubia

Negozioen, zerbitzuen edo iragarkien errotuluak, kartelak eta azulejuak herri eta auzoetako kale paisaiaren parte dira; baita haien nortasunaren eta historiaren adierazgarri ere. Ez dutenez inolako babesik, Ondare Grafikoaren Babeserako Iberiar Sarea sortu dute. Tartean dira hiru euskal herritar.
Gaur egungo testuinguruan, Napar elkarteak uste du Nafarroarako plataforma bat garrantzitsua litzatekeela. ©BERRIA

Nafarroarako plataforma bat egin daitekeen beha hasi dira

Urtzi Urkizu

Napar elkarteak txosten bat egin du, foru gobernuak eskatuta. Ontzat jo du lehengo eta oraingo edukiak zabaltzeko plataforma bat

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.