Hamarkada bat milioika ordutan

Hamar urte dira Youtube bideo ataria sortu eta lehen bideoa jarri zenetik. Ordutik, hazi baino ez da egin webgunearen erabiltzaile kopurua, mundu osoan gehien bisitatzen den hirugarrena izateraino. Adituen arabera musika da atarian gehien kontsumitzen dena.
4
4 BERRIA / EZEZAGUNA

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2015eko otsailak 19
Bi mila urte. Denbora tarte hori hartu behar da momentu honetan Youtube web orrian dauden bideo guztiak ikusi ahal izateko. Hamar urte bete dira webgunea sortu eta lehen bideoa igo zenetik. Ez da izan Internet bidezko lehen bideo plataforma. Bai, ordea, arrakastatsuena. Gaur egun mundu osoan gehien erabiltzen diren webguneen rankingean hirugarren postua du. Milaka ordu bideo jartzen ari da Youtuben egunero; hain zuzen ere, minuturo 100 ordu gehiago daude. Eta segundoro, hamar bideo berri baino gehiago. Bideogintzan, apenas duen konpetentziarik. Musika da atariaren erabiltzaileek gehien kontsumitzen dutena, Jabi Asurmendi informatikariaren arabera. Eta horren lekukoa da Gabi de la Maza gorliztarrak (Bizkaia) euskal musikarekin egiten dituen karaoke bideoek dituzten ikustaldi kopurua. Gai bateko ala besteko, bideoak hedatzeko tresna da Youtube. Eta gero eta gehiago dira kanal propioa sortu eta sarean zabaltzeko hautua egiten dutenak. Batez beste, egunero 15 minutu ematen ditu erabiltzaile bakoitzak atarian.

Paypal sareko ordainketa sistema enpresan ezagutu zuten elkar Steve Chen, Chad Hurley eta Jawad Karimek. Hirurak dira Youtuberen sortzaileak. Baina sorreraren arrazoia zein izan zen ez dago argi. Batzuen arabera, San Frantzisko hiriko (Kalifornia, AEB) festa batean egindako grabazio bat partekatzeko izan zuten arazoa izan zen bideo ataria eratzeko arrazoia. Beste batzuen iritziz, bideo bidezko sare soziala egitea zen hasierako asmoa. Edonola ere, 2005eko otsailaren 15ean Youtube domeinua sortu, eta apirilaren 23an jarri zuten lehen lana han: Me at the zoo (Ni zooan) izena duen hemezortzi segundoko bideoa, hain zuzen. Sortzaileetako bat agertzen da bertan, Karim, zoo batean dauden bi elefanteren aurrean. Proba bat zen. Sortutako atari berriaren lehen alea. Ez zuten espero, hamarkada baten ondoren, sorrerako bideo horrek milioika ikustaldi izango zituenik.

Etengabeko hedapena

Bi izan dira Youtuberen hedapenean mugarriak, Asurmendiren arabera. 2006an, sortu eta urtebetera, Google enpresak erosi zuen bideo ataria. Bultzada eman zion horrek. Eta duela gutxi plataformak emandako aldaketa bat ere azpimarratu du: Adobe Flash erreproduzigailua erabiltzen zuen lehen, eta HTML5 erabiltzen du orain. «Adobe Flash aplikazioa ez da bateragarria gailu guztietan. HTML estandarragoa da. Erabiltzaileek akaso ez dugu aldaketa nabaritu, baina bateragarritasunaren eta irismenaren aldetik, aurrerapauso handia ekarri du horrek». Gaur-gaurkoz, 100 milioi baino erabiltzaile gehiago ditu hilabetean Youtubek. Eta 2.200 milioi bisita ditu gehien ikusi den bideoak, PSY bakarlariaren Gangnam style kantak, hain zuzen ere.

Googlek erosi ondoren, publizitate merkatura egin zuen jauzi Youtubek, eta horrek ahalbidetu zuen kanalen kudeaketa hainbat herritarrentzat ogibide bihurtzea. Ordutik, milaka dira hainbat esparrutan beren kanalak elikatzen aritzen diren youtuber-ak. Eta bisita kopuruaren araberako diru sarrera izan ohi dute. Enpresa zein politikariak ere jabetu dira bideo atariak mezuak zabaltzeko ematen duen aukeraz. Eta asko dira bideo biralak egiten saiatzen direnak: «Komunikaziorako aukera ematen du, eta, alde horretatik, oso eraginkorra ere izan daiteke».

Banda zabalarekin lotu du Asurmendik Youtuberen hedapena. «Interneteko abiadura handitzearekin batera zabaldu da bideogintza ataria». Gaur-gaurkoz ohiko tresna da Internet. Etxean edota lantokian, ordenagailuan zein sakelako telefonoan ezinbesteko tresna bihurtu da. Baina hogei urte baino gutxiago dira enpresa txikietan eta etxeetan jarri zela: «Hasieran oso abiadura gutxi zuen, ez zen mega batera iristen. Oso motela zen musika entzutea, eta pentsaezina zen gaur egun bideoak kontsumitzen ditugun bezala kontsumitzea». Abiadura handitze horrek ahalbidetu du, besteak beste, Youtuberen arrakasta, Asurmendiren arabera. Erabilerraza izatea da gakoa Gorka Palazio EHUko Ikus-entzunezko Teknologian katedradunaren arabera: «Funtzionaltasun asko eduki beharrean, jendeari bere bideoak argitaratzen, editatzen eta partekatzen erakutsi dio. Youtubek erakutsi digu zein garrantzitsua den erabilerrazak diren sistemak erabiltzea».

Atariaren erabilerak izan duen bilakaerarekin harrituta agertu da Palazio: «Arlo guztietan ari da jendea Youtube erabiltzen». Hezkuntza ekarri du gogora. Izan ere, gero eta gehiago erabiltzen da bideotegia irakaskuntzan. «Youtuberen efektua izugarria izan da irakasleentzat. Kanalak sortu eta etengabe elikatzen ari dira». Ezbaian jartzen du irakasleen etorkizuna horrek: «Youtubek dirua eskaintzen die irakasleei bideoen truke. Zenbat eta ikustaldi gehiago izan, orduan eta ospe eta diru gehiago irabaziko dute. Matematikako ikus-entzunezko material onak baldin badaude webgunean, zein izango da etorkizunean irakasleek izango duten egitekoa?». Pribatutasunean ere arriskua ikusten du Palaziok: «Google enpresaren esku uzten ditugu gure datuak, eta datu horiek guztiak botere iturri bilakatzen dira maiz. Dena den, erabiltzaileak du azken hitza Youtuben sartu ala ez erabakitzeko». Bat dator Asurmendi ere: «Tresna indartsua da Internet, onerako zein txarrerako. Ondo erabilita, oso aukera onak ematen ditu, baina pribatutasunari dagokionez, arazoak sor daitezke».

Musika entzuteko erabiltzen da gehien Youtube, Asurmendiren arabera, eta sakelako telefonoetatik batez ere. «Konturatu da horretaz Youtube». Orain arte sakelakoaren pantaila amatatu edo pantaila aldatzean, eten egiten zen musika. «Beste aukera bat jarri du, pantailaz aldatuta ere, musika etenik gabe entzun ahal izateko». Aukera horregatik, ordea, ordaindu egin behar da.

Euskal karaokea Youtuben

Euskalgintzari lotuta doa Gabi de la Mazak Youtube webgunearekin duen harremana. Euskal Girotze Barnetegiko irakaslea da duela 25 urtetik, eta betikoa du euskal musikaren zaletasuna. «Euskararen erabileran gazteak motibatzeko, euskal kanten karaokeak egiten hasi ginen barnetegian». 2008ko uztailean ikasle batek jarri zuen bideo atariarekin harremanetan: «Egiten nituen bideoak Youtuben jartzeko eskatu zidan, barnetegian landutakoak etxetik ikusteko». Eta horrela sortu zuen De la Mazak Youtubeko kanala. Gaur-gaurkoz 1.400 bideo baino gehiago ditu bere bi kanaletan banatuta: G2 eta Txantxangorria-Euskal Karaokea. Duela bi urte sortu zuen azken kanala, eta bideogintzan hobetzeko probak egiten aritu da horretan. Bi milioi bisita izan ditu kanal berriak sorreratik hona. Eta 2008an sortutako G2 kanalak, berriz, 36 milioi. «Euskal musika entzun egiten da». Guztira 40.000 bisita inguru izaten ditu egunero kanal bien artean.

Zazpi urte dira plataforman lehen abestia jarri zuenetik: Sorotan Bele taldearen Arratsalde honetan. Gogoan du jarri eta bi egunera Herbehereetatik esker mezu bat idatzi ziotela. Eta ordutik, kanala elikatzen ari da. «Mundu osoan ikusten dituzte jartzen ditudan bideoak». Youtubek ez du Euskal Herria bereizten, eta horren lekuko da atarian jasotzen dituzten bisiten %80 Espainiatik datozela. Baina Frantzian eta Hego Amerikan ere bisitariak dituela dio. Entzunenen zerrenda ere badu. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen Pintto Pintto da ikustaldi gehien duena —1,5 milioi bisita ditu—. Eta Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen Ongi etorri Pupu eta Lore abestiak du bigarren postua —1,2 milioi ikustaldirekin—. «Irakaskuntzan eta eskoletan erabiltzen da gehien nire kanala, eta horregatik dira haurren kantak gehien ikusten direnak».

Udan jaitsi egiten da bisiten kopurua. Baina adierazi du eguraldi txarra egiten duenean ikustaldiek gora egiten dutela. Euskararen Egunean eta Gabon egunean ere ikustaldiek gora egiten dutela nabaritu du De la Mazak. «60.000 bisita izan nituen iazko abenduaren 24an». Bitxikeriak ere azaldu ditu: 2008ko abenduaren 1ean Mikel Laboa hil zen egunean, haren kantekin eginak zituen karaokeak 6.000 bisitatik 25.000 bisitetara igo ziren. Eta gauza bera gertatu zitzaion Xabier Leterekin.

Bideoklipa duten abestiekin, batez beste hiru ordu pasatzen ditu gorliztarrak hitzak sinkronizatzen eta bideoa Youtuben jartzen. Baina bideoklipa ez dutenekin lana korapilatzen dela aitortu du. Zazpi ordu eman ditzaket karaoke bideo bat prestatzen. Abestiei irudiak jartzea zaila dela dio: «Hitz batzuk oso subjektiboak dira, eta jarri behar den irudiaren bila denbora asko ematen dut». Irriz dio, lan hori egitean konturatu dela duela 30 urte abesten zituen abestien esanguraz. Arkeologia musikala egiten du De la Mazak: «Batzuetan oso zaila da abestien hitzak aurkitzea, eta, holakoetan, kantaren abiadura moteldu eta transkripzioak egiten hasi behar dut». Kanalean jarri duen azken bideoarekin gertatu zaio hori. Kontrapuntoak taldearen La, la, la abestiaren bertsioa.

Euskal musikariekin harreman zuzena du De la Mazak. Askotan, taldeek ematen dizkiote hitzak, eta karaoke forma emateko eskariak ere egiten dizkiote: «Euskal musika zabaltzen da egiten dudanarekin, eta sustapenerako ere oso bide polita da». Musikari dagokionez, boladan egotea ezinbestekoa du gorliztarrak: «Badok musika atariaren edo Musikaz blai webgunearen bitartez izaten ditut kaleratzen diren musika berrien nondik norakoak. Baita sare sozialen bitartez ere».

Jende asko ezagutu du atariari esker. Izan du pasarte berezirik ere: barnetegian izandako Cadizko (Espainia) haur batek harekin egon eta 15 urtera idatzi zion, haren bideo bat ikusi ondoren. Gauza bera gertatu zitzaion gazte denboran Euskal Herrian bizi izan zen Marokoko haur batekin. «Galdetu zidaten ea ni nintzen barnetegiko irakasle hura. Euskaraz idatzi zidaten biek».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna