Albistea entzun

Tamalez eta azkenekoz

Bi hamarkadez, 'Goenkale'-n lan egin duten aktore, gidoilari eta teknikariak Arralde fikziozko herriko dekoratuen artean bildu ziren atzo, saioari agur esateko. Beste telesail arrakastatsuak sortuko dituztela agindu zuen EITBko zuzendaritzak, baina profesionalek ez dute horren argi.
Aktoreak, gidoilariak, zuzendariak, errealizadoreak eta teknikariak elkartu ziren atzo Miramongo estudioetan, Donostia, 20 urteko telesailari agur esateko.
Aktoreak, gidoilariak, zuzendariak, errealizadoreak eta teknikariak elkartu ziren atzo Miramongo estudioetan, Donostia, 20 urteko telesailari agur esateko. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren -

2015eko otsailak 26

Zu zein denboralditan aritu zinen?», galdetu dio aktore batek beste bati. «Bosgarren denboraldian, uste dut», erantzun dio besteak barrez. «Memoria historikoa egin behar dugu gaur». Elkarretaratze berezia egin dute Goenkale telesailaren hogei urteko ibilbidean aritutako hainbat aktore, zuzendari, ekoizle eta teknikarik, Arralde herriko gezurrezko pareten artean. Tartean ziren, telesaila abiatu zuten Joxe Mari Otermin eta Iñaki Beobide, eta aktore asko: Itziar Aizpuru, Kandido Uranga, Martxelo Rubio, Miren Gojenola, Iñaki eta Xabier Perurena, Tessa Andonegi... Bildu dira «tamalez eta azkenekoz», Ainhoa Aierbe aktoreak esan duenez. Duela bi aste grabatu zuten azken eszena.

«Bildutako askok aspaldi egin zuten dolua Goenkale-rengatik», dio Aierbek, telesailean aspaldi aritutakoak direlako. Leonor kubatarrarena egin zuen aktore donostiarrak eta telesaileko aurpegi ezagunenetako bat izan zen urte luzez. «Ez da samurra. Denok pitin bat umezurtz sentitzen gara, besteak beste ez dakigulako zer etorriko den, eta badakigu Goenkale zela euskaraz eginiko fikziorik luzeena eta seguruena ETBn», dio. Abenduaren hasieran heldu zen ustekabea: 21. denboraldia hasi berria zuen Goenkale-k, eta hori azkena izango zela esan zien ETBko zuzendaritzak langileei. Grabaturiko atalak datorren abendura arte emango dituzte, astelehenetan bakarrik.

Erabakiak harritu egin zituen Goenkale-ko langileak eta ikusleak. Telesailak ez zuen unerik onena ikusle kopuruari begiratuta, baina, halere, ETB1eko batez bestekoaren oso gainetik jarraitzen zuen. EITBk iragarri duenez, 1950eko hamarkadan girotutako drama batekin eta umorezko telesail batekin ordezkatuko dute.

«Goenkale-ren maila dituzten gauzak egiten badakigu, edo hobeto, hutsak ere egin direlako eta horietatik ere asko ikasten delako», azaldu du Aierbek. Edonola ere, ikusleak bereganatzeko sekretua zein den ez dakiela gaineratu du. Goenkale-ren arrakasta hasierako urteetan egon zela uste du aktoreak, orduan lortu zuelako jendearen fideltasuna: «Jendea asko identifikatzen zen Goenkale-n gertatzen zenarekin, gertukoak zirelako. Pertsonaiak oso ondo marraztuak zeuden, eta istorioak ere bai».

Zazpi urte eman zituen Olatz Beobidek Goenkale zuzentzen. Hasieran dena ulertzen ez bazuen ere, urteak igaro ahala telesailaren «makineria osoa» martxan zegoela sentitzera heldu zen: «Alde gizatiarra eta artistikoa, dena lotuta genuen». Aktoreekin lan egiten zuen, gidoilariekin, postprodukzioan zein kanpoko grabaketetan. «Fruitua ematen duen bitartean, erabat harrapatzen zaitu lanak».

Telesaila bera ere urteekin asko aldatu dela dio, telebista egiteko moduak eta ikusleen beharrak asko aldatu direlako. «Edonola ere, aldaketok geure egiten saiatzen ginen, eta Goenkale horretan luxu bat zen, ia denak zuelako tokia han».

Erabakirik «mingarriena»

Maite Iturbe EITBko zuzendaria aktore, idazle eta teknikariei hitz egin Boga tabernaren armazoian. «Goenkale bukatzea izan da guretzat erabakirik larriena eta mingarriena», adierazi die. Telesaila ETBren ikurra eta euskarazko entretenimenduko erreferente nagusietako bat izan dela dio. «Goenkale ez da hemen hilko, hemen faktoria bat dago, eta hemendik beste marka bat sortuko da».

Zalantza du horren inguruan Beobidek. Goenkale-ren zuzendari izandakoak nabarmendu duenez, marka bat egitea oso zaila da. «Goenkale gustatu edo ez, baina lortu duenean telebista osoari ia nortasuna ematea horrela irristan joaten uztea...». Beobideren arabera, ETBk jakin beharko zuen telesailari eboluzionarazten, kendu beharrean. «Baina erabakiak beste batzuek hartzen dituzte». Antzerkira itzuli da Beobide, bere «leku naturalera».

Umore beltza ez zen falta atzo ETBko Miramongo estudioan, Donostian. Arralden langabezia bat-batean %100ekoa dela zioen batek. Pausokarentzat 70 langile inguru ari ziren lanean, eta horietatik %80 inguru lanik gabe daude Goenkale grabatzeari utzi diotenetik. ETBko beste 30 langile aritu dira telesailean, baina horiek telebistako beste zeregin batzuetan ari dira orain.

Arrakastaren erdian lanik gabe geratu direnetako bat Itziar Ituño da. Loreak filmarekin sariak pilatuz dabil. «Goenkale eskolan ikasitakoa praktikan modu profesionalean jartzeko lehenengo lekua izan da niretzat». Euskal Herriko aktoreen «lantegirik handiena» itxi dietela adierazi du, «berba politekin jantzi ahal da hori, zikloak hasi eta amaitzen direla esan... baina errealitatea da jende asko lanik gabe geratuko garela; neuk behintzat Lanbiden izena emanda daukat jada». Aktoreak ohituta daudela horrela bizitzera, baina ez lukeela horrela izan behar eta antzezleek ere lan eta bizitza duin bat izateko eskubidea dutela dio Ituñok. Frantzian eta Alemanian aktoreek babes publikoa dutela gogoratu du.

Historia trama

ETBk egin asmo duen hurrengo telesailak Euskal Herriko historian oinarrituko dela iragarri du Iturbek. Izan ere, agur ekitaldia egiten zuten bitartean, dekoratuak kentzen lanean ari ziren atzo. Estudio berean grabatuko du Pausoka ekoizpen etxeak 1950eko hamarkadan girotutako telesaila, 1936ko gerraren ostean desagertutako haurren ingurukoa, aurreratu dutenez. Uda amaitu baino lehen grabatu nahi dituzte lehen hamahiru atalak.

Horretan lanean dabil Jabi Elortegi. Urtez luzez, Goenkale zuzendu zuen: «Hemen ikasi nuen gauzak nola egin eta nola ez diren egin behar». Egunero ordu erdiko atal bat egiteko erlojuaren kontra nola ibili behar den, esaterako, eta, estutasunak behartuta, batzuetan azken eszenak azkarregi grabatzea. Elortegik dio orain hutsetik beste marka bat sortu behar izatea gogorra eta arriskutsua dela baina baita «zirraragarria» ere. Prestatzen ari den telesaila berak zuzentzea espero duela adierazi du. Istorioa eta trama lantzen ari dira orain.

Ainhoa Aierbek dio Goenkale-rekin ikasi duela jendeak ez duela etengabe negar egin nahi. Tentsio puntu bat egon behar duela, bai, baina gauean telebistaren aurrean esertzen denean, jendeak ez duela gehiago sufritu nahi.

Euskal Herriko historiaren pasarte beltz batean oinarrituriko istorio bat planteatzea orain Goenkale-ren irakaspen horren kontra ez ote doan galdetuta, gurasoekin eta beste lekukoekin gerraosteko garaiaz asko hitz egiten ari dela dio Elortegik. «Goseak bai, baina ez dute gogoratzen negarrez egon zirenik». Haatik, egoerari aurre egiteko familiak oso elkartuta egon zirela eta elkartasun handia zegoela gogoratzen dute. «Euskal Herriko historian oinarrituko gara, baina ez da negar egiteko telesaila izango».

Goenkale-ren amaierak ETBri aurrerapausoa egiteko aukera ematen badio ongietorria izan dadila, dio Olatz Beobidek. Baina gogoeta horretan dela nabarmentzen du: «Euskaldunok zer telebista nahi dugun ikusi eta zer telebista sentituko dugun geurea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Bastidako (Nafarroa Beherea) Maddi Leglisek irabazi du aurtengo Baionako xingarraren feriako azpi lehiaketa. ©BOB EDME

Xingar feriak aro berria

Ainize Madariaga

Pazkoz ireki beharrean atzo ireki ditu bortak Baionako 558. Xingar Feriak. Lau egunetik hirura laburtu dute, igandera arte, eta karpa erraldoi batean bildu. Ostatuak gauerdian hetsiko dira.
 ©EIDER EIBAR

Beste aldetik dator erantzuna

Iker Tubia

Adimen artifiziala erabilita hildako pertsona baten gisan erantzun dezakete txatbotek, edo izan daitezke konpainia egiten duen lagunaren ilusioa, Replika aplikazioa bezala. Galdera, zalantza eta arazo anitz sortu ditzake teknologia horrek filosofiaren eta psikologiaren ikuspegitik.

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna