Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Makilek berritzen jarraitzen dute

Publizitatea

Bizigiro

Makilek berritzen jarraitzen dute

Txalapartak aspaldi erakutsi zuen garaietara eta estiloetara egokitzeko gaitasuna. Oraindik ere proiektu berriak sortzen ari dira: haietako asko, teknologia berriekin lotutakoak. Iruñean aurkeztuko dituzte batzuk.
Nando Talo katalanak beirazko txalaparta aurkeztuko du Iruñean.
Nando Talo katalanak beirazko txalaparta aurkeztuko du Iruñean. BERRIA

2015-03-10 / Iker Tubia

Baserrian sortu eta mundura begiratu zion txalapartak, aspaldi. Bide luzea egin du 1960ko hamarkadan egurrezko oholei hautsa kendu eta musika tresna hura gainerakoen pare jartzeko ahalegina egin zutenetik. Artze anaiak, Juan Mari Beltran eta haien gisako gazteek ia galdurik zegoen tresnarekiko interesa zuten, euskal kulturaren gosea. Zuaznabar eta Goikoetxea anaiek bizirik mantendu zuten tresna garatu, eta orduan hasitako bideak eraman du txalaparta gaur egungo egoerara. Baina oraindik ere badira proiektuak eta berrikuntzak. Ostiralean Iruñean eginen den txalaparta kongresuan aurkeztuko dituzte ideia horiek.

Artze anaiek lotura izan zuten abangoardia mugimenduekin. 1972ko Iruñeko arte topaketetan ere han izan ziren, John Cage, Juan Hidalgo, Walter Marchetti eta Steve Reichen aurrean egurrezko oholak garaienera eramateko gogoz. Luis de Pablo musikagileak ere izan zuen zerikusirik horretan, Bonneko (Alemania) Beethovenhalle kontzertu aretoan Zurezko olerkia obra aurkeztu baitzuen Artze anaien erritmoekin. «Oso bitxia da baserritik datorren zerbait abangoardian jarri izana», esan du Enrike Hurtadok. Txalaparta jotzen ikasi zuen duela hogei urte, eta orain txalaparta eta musika garaikidearen eta esperimentalaren arteko lotura aztertzen dabil bere tesian.

Horren ondoren, txalapartaren bilakaera oso handia eta azkarra izan da. Aspaldi txertatu zen txalaparta musika taldeetan, Oreka TX eta Kepa Junkerarekin kasurako. Azkenengo urteetan, beste material eta soinu batzuk bilatu dira. Adibidez, badira txalapartarekin musika elektronikoa egiten duten taldeak. Materialei dagokienez, ohiko zurezko oholez gainera, tobera deitutako tresna dago. Burdinazko hodiak dira, eta txalapartarekin batera heldu da gaur arte, bestelako erabilera bazuen ere jotzeko modua oso antzekoa delako. Harrizko txalapartak ez dira berriak, arbel eta marmolezkoak —azken hura gogorragoa da, eta hausteko zailagoa—. Plastikozko ontziekin ere egin liteke musika tresna hori, baita beirarekin ere. Hain zuzen ere, larunbatean material horrekin egindako txalaparta aurkeztuko du Nando Talo txalaparta jotzaile katalanak Iruñean.

«Hoztu daitekeen material oro afina daiteke». Hori da beirazko txalapartaren sortzaileak atera duen ondorioa. Gogora ekarri du, adibidez, Oreka TX taldeko Harkaitz Martinez eta Igor Otxoak izotzezko txalaparta ere jo zutela. «Musika tresna honen ezaugarririk harrigarriena zera da: ezin da erosi, zuk zeuk egin behar duzu», dio. Horregatik hasi zen materialekin frogak egiten. Txalaparta tropikala ere egin zuen, egur tropikalak erabiliz. Azken hiru urteetan, baina, beirazkoa prestatzen aritu da. Inbertsio ekonomikoa handia izan bada ere, emaitzarekin txunditurik dago Talo. Esan duenez, kalean ez da berdin aditzen, eta, harrizkoa bezala, ezin da azkar jo. «Beste tinbre batzuen bila genbiltzan, eta, hala izan zitekeela pentsatzen bagenuen ere, ez du deus ikustekorik harriaren tinbrearekin».

Txalaparta informatikoa

Garaiei ongi egokitutako musika tresna da txalaparta, eta XXI. mendean informatikarekin lotura egitea ezinbestekoa da. Hurtadok txalaparta digitalarekin egindako esperimentuak aurkeztuko ditu Iruñean, Beñat Iturriotz txalaparta jotzailearekin batera. «Txalaparta prozesu bat da, eta, musika garaikidean ere, konposizio asko prozesuetan oinarritzen dira. Pentsatu genuen interesgarria zela txalapartan egiten den prozesua zein den ulertzen saiatzea, zein arau dauden, eta gero ordenagailu batean itzulpena egitea», azaldu du Hurtadok. Bi programa dituzte nagusiki: bat txalaparta automatikoa da, erritmoak egiten dituen programa. Besteak, txalapartariak jotzen duena aditu, eta erantzun egiten dio. «Zuk jotzen duzunean ere ikasten du; egiten duzuna aztertzen du». Hurtadok esan duenez, txalaparta etxean jotzeko aukera eman dezake esperimentuak, baina, oraingoz, ikertzea da helburua.

Aitor Beltran Hernaniko txalaparta irakasleak ere informatikari lotutako proiektu bat aurkeztuko du, Soinuenea fundazioak eta Hernaniko txalaparta eskolak egina: Ttakun 3.0. Txalaparta partiturak irakurri eta idazteko programa da, eta aurretik sortu dituztenen aldean hainbat abantaila ditu: artxiboak erraz partekatu daitezke; partitura osorik ez ezik txalapartari bakar baten zatia ere aditzeko aukera ematen du, eta hainbat ohol sartu daitezke, besteak beste. Proiektua Juan Mari Beltranek, Julio Abaskal EHUko irakasleak eta Gorka Montero informatikariak sortu dute.

Programa hori egokia da konposiziorako, eta, batik bat, irakaskuntzarako. Hain zuzen, irakaskuntzan aritzen da Beltran. Esan duenez, txalaparta ikasteko gogo handia dago, eta Hernaniko eskolaren egoera azaldu du: haur asko dago, baita itxaron zerrenda ere. Iruñean Hutsun taldeak duen eskola, Sestaon Eneko Abadek zuzendutakoa eta Donostiako Zure Artean eskola ere aipatu ditu. «Oso osasuntsu ikusten dut egoera; jendeak gogo handia du, eta asko maite du txalaparta».

Akademiaren munduan, baina, ez da askorik ikertu txalaparta. Hala uste du Hurtadok. «Ikerketa gehienak ikuspuntu etnografikotik egin dira, edo, bestela, Juan Mari Beltranek, Goirik-eta egindakoak dira, txalapartariek egindako azterketak». Dena dela, bereaz gain, orain badira musika tresna horri buruzko tesiak egiten dabiltzanak. Argibel Euba txalapartari buruz egiten ari da doktoretza ikasketak, eta Maria Escribano madrildarrak txalapartak politikan duen eragina aztertu zuen antropologia sinbolikoaren ikuspuntutik. «Oso interesgarria da; txalapartari buruzko milaka doktoretza tesi egin daitezke: politika, antropologia, musika eta halako ikuspegietatik. Gai zirraragarria da, oso aberatsa, eta asko dago ikertzeko», dio Hurtadok.

Txalapartariak, osasuntsu

Aipatutakoez gainera, proiektu gehiago daude. «Esperimentatzeko gogo handia dago; nahiz eta tradizionala izan, beti urrutirago joateko gogoa izan da», esan du Hurtadok. Hala ere, txalaparta normalizatzeko saioa egon dela ere esan du, musika normalagoa izan zedin. Berritu ez ezik, toki berrietara ere ailegatu da. Katalunian bada eskolarik, eta txalaparta jotzen da Bartzelonako, Londresko eta Argentinako euskal etxeetan. Talok arrazoia zein den azaldu du: «Katalunian ere mundu guzia abduzitzen du, eta jendea aditzera gelditzen da».

Publizitatea

Sortu kontua
Iker Tubia Iker Tubia

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak