Albistea entzun

Ezberdin, baina berdinak

Izan gorra, gurpil aulkian egon, edo itxuraz arazorik ez izan, ez dute inor baztertu 'Jendartean bidaide' antzezlana osatzerakoan. Kilometroen eskariz zuzendu du Alex Tellok inklusibotasuna lantzen duen obra. Gaur taularatuko dute estreinakoz Usurbilgo Sutegi aretoan, 19:30ean.
'Jendartean bidaide' antzezlaneko partaideak, entsegu batean. Gaur estreinatuko dute inklusibotasuna lantzen duen obra.
'Jendartean bidaide' antzezlaneko partaideak, entsegu batean. Gaur estreinatuko dute inklusibotasuna lantzen duen obra. KILOMETROAK 2015

Ihintza Elustondo -

2015eko irailak 18

Ilun dago Usurbilgo Sutegi aretoan (Gipuzkoa). Ez da ezertxo ere ikusten. Baina entzun daiteke. Bi ahots ari dira berriketan. «Ikusterik ez bagenu?», dio batek. «Itsuak ere ikusten du bere modura; itsua denak ez denak baino gehiago irudikatzen du», erantzun dio besteak. Batek daki ahots horren atzean zer dagoen. Hala ari direla, Ana Elordi aktorea sartu da aretora, eta argiak pizteko agindu dio teknikariari. Xanti Agirrezabala eta Telmo Irureta aktoreak daude agertokian, biak gurpil aulki banatan eserita. Iruretak gurpil aulkitik jaiki gabe egiten du bizimodua. Agirrezabalak, ordea, ez. Iruretaren altuera berean egoteko eseri da hura ere aulkian. Halaxe emango zaio hasiera Jendartean bidaide antzezlanari.

Alex Tello antzerkigile andoaindarrak sortu eta zuzendu du obra. Aurten, Usurbilen ospatuko da Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak jaia, eta egitasmoko Guztiok Gattunk batzordeak hala eskatuta jarri du martxan proiektua. Azken egunak entsegu artean pasatu ostean, gaur estreinatuko dute emanaldia jendearen aurrean, Usurbilgo 7. Topa Eszenikan. Antzerki talde bat da antzezlaneko protagonista; urtearen hondarra iritsi da, eta konturatu dira ez dutela ikasturtea agurtzeko lanik prestatu. Bizi diren gizartea islatuko duen obra bat prestatu nahi dute, baina nolakoa da gizarte hori? Galdera horri erantzuten saiatuko dira lantaldeko kideak: Ana Elordi, Anabel Arraiza, Bouchra Bagdadi, Enrike Amilibia, Eugeni Alzibar, Satxa Soriazu, Telmo Irureta eta Xanti Agirrezabala.

Guztiok Gattunk batzordeak lau ardatz nagusi landu ditu urte osoan: euskara eta ikastola, parekidetasuna, jasangarritasuna eta inklusibotasuna. Horren haritik, inklusibotasuna izan da antzerki lanaren zutabe nagusia. Batzordeak gaia proposatu zuen, eta hortik tiraka osatu du Tellok obra: «Denok gara gizarte honen parte. Gaitasun maila handia izan dezakegu gauza batzuetan, baina beste batzuetan ez. Guztiok dugu desgaitasun maila bat, eta ondorioz, mendekotasun maila bat. Gaitasun ezberdineko pertsonek osatzen dugu jendartea, eta denak dira beharrezkoak».

Dantza, musika eta umorea. Denetarik du obrak. «Irribarre batekin ikustekoa da», zuzendariaren iritziz. Anabel Arraizak zuzenean abestuko du, eta Satxa Soriazuk piano jo. Gainera, Jugatx Agirrek eta Ainhoa Moiuak keinu bidezko itzulpena egingo dute unean bertan. Denekin pentsatu dute obra sortzerakoan, eta bestearen lekuan jartzearen garrantzia zenbaterainokoa den ohartu dira. «Ezberdin berdinak garelako», dute lelo.

Antzerkia antzerkian

Antzerkia antzerkiaren barnean. Hori du muinean obrak. Tello bada ere obra nagusiaren zuzendaria, Ana Elordi (Ondarroa, Bizkaia, 1962) aktorea da barneko obra gidatuko duena. Pertsonaia nagusirik ez dagoen arren, bera arduratuko da taldea koordinatzeaz. Proiektuaren parte izatea proposatu ziotenean, berehala esan zuen baietz. «Bizitza normala egin dezakegunok ez gara konturatzen beste batzuentzat zein zaila den hori. Haien lekuan jarriko bagina, beste era batera antolatuko genituzke gauzak. Gu baino arazo gehiago dituztenen ilusioa ikusten dut, eta konturatzen naiz oztopoak baino garrantzitsuagoa dela barneko indarra».

Enrike Amilibiari (Orereta, Gipuzkoa, 1986) txikitatik gustatzen zaio antzerkia egitea, eta oso pozik dabil obra prestatzen: «Oso giro ona dago, eta jende berria ezagutu dut. Gehien gustatu zaidana da inklusibotasuna lantzen dela, eta normaltasunez hartzen dituztela ezberdintasunak. Ezberdinak gara, baina gauza asko egiteko gai gara elkarrekin». Downen sindromea du, eta haren ametsa honako hau da: «Inklusibotasuna errespetuz lantzea eta denok elkar maitatzea».

Kalean norbaiten zain dagoela, galdetu izan diote Amilibiari ea galduta ote dagoen. «Nik ez daukat azalpenik eman beharrik. Galduta banengo, eskatuko nuke laguntza». Administrazio laguntzaile ikasketak egin zituen, eta egun, lanean dabil Donostiako Goienetxe fundazioan, Gureak-en. Egunero, autobusez joaten da Oreretatik Donostiara, bakarrik. Ping-pongean jolastea gustatzen zaio, eta asteburuetan lagunekin egotea. «Gure ezintasunak gehiago ezagutzen dira gure gaitasunak baino. Aniztasuna polita da, eta ez dugu baloratzen».

Telmo Iruretak (Zumaia, Gipuzkoa, 1989) ez daki etorkizunean zer egingo duen oraindik, eta unean-unean bizi da. Irakasle ikasketak eta Pedagogiakoak egin zituen unibertsitatean, eta, gero, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean antzerkian trebatu zen. «Nik oraindik ez dakit zein den nire bokazioa, eta horregatik nabil denetarik pixka bat egiten. Denetarik probatu behar da». Antzerki ikasketak amaituta, handik kanpo egingo duen lehen antzezlana da hau. «Ideia polita da; mezu etikoa du. Hemendik aterata, zer? Ez da hobetuko gizartea horrelako lan batengatik, baina obrak irauten duen denborak pentsatzeko balio du. Eta, pentsatzen ez duenak, barre egingo du».

Elordi hunkitu egiten da esperientziaz hitz egitean. Obrak transmititzen duen mezua eraginkorra delakoan dago. «Zenbat pertsona daude gizartean besteen premia dutenak? Oso galdera interesgarria da». Antzezlanak erakusten duenez, denok gaude modu batera edo bestera ingurukoen menpe. Elordik ez dio hain konponbide zaila ikusten kontuari. «Oztopo asko gainditu daitezke. Gurpil aulkian dagoen bat ezin da mugitu. Zuk mugitu behar duzu. Baina antzezten duzunean, beste gauza bat gehiago da. Gizartean ere izan daiteke horrela».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Diego Martin mekanikaria bizikleta baten balaztak estutzen, atzo, Iruñean- ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Beharrezko mantentzea

Ainhoa Larretxea Agirre

Mugikortasunaren Nazioarteko Astea kari, bizikletak moldatu dituzte Iruñeko Gazteluko plazan. Hainbat herritar joan dira bertara, eta bizikletak nola konpondu ere ikasi dute.
 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Organoa jotzen, zorion betean sentitu izan naiz»

Iker Tubia

Bere kasa ikasi zuen organoa jotzen, eta elizkizunak «edertzen» laguntzen du Mezkiritzen, duela 60 urtetik. Burua ongi duen bitartean jarraitzeko gogoz dela dio, nahiz eta lekukoa pasatzeko prest dagoen.
Jared Isaacman, Chris Sembroski, Hayley Arceneaux (goian) eta Sian Proctor, 'Inspiration4' batean. ©Inspiration 4

Soilik turistak eraman dituen lehenengo espaziontzia Lurrera itzuli da

Edu Lartzanguren

Atlantikoan jaso dituzte 'Inspiration 4' misioko lau bidaiariak. Astronauta profesionalik gabeko lehenengo saioa izan da.

Klaudio Landa saioko aurkezlea eta Unai Iparragirre ETBko zuzendaria saioaren aurkezpenean. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

'Baserria' 'reality show'-aren bigarren denboraldiak eztabaida saioa izango du

Ainhoa Larretxea Agirre

24 lehiakidek parte hartuko dute, bi taldetan banatuta. Lau proba baserritik kanpo egin dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna