Albistea entzun

Basoen erabileraren harian

Gatazka iturri izaten da batzuetan basoa, haren erabilera anitz elkarren aurkako izan baitaitezke. Gehienetan, errespetua eta zentzua aski izaten da orekari eutsi eta arazoak konpontzeko.
Txirrindulari bat Santiagomendi inguruetan bizikletan ibiltzen, aurrean ehizarako postu bat duela. Halako sei xehatu zituzten urriaren hasieran.
Txirrindulari bat Santiagomendi inguruetan bizikletan ibiltzen, aurrean ehizarako postu bat duela. Halako sei xehatu zituzten urriaren hasieran. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2015eko urriak 29

Ez da inorena, eta guziena da, era berean. Baina, guziena izateak, batzuetan, ekar dezake arazoren bat. Ez da ohikoena, baina gatazka iturri izan liteke basoa. Basoa baino gehiago, basoa erabiltzen dutenen jardunen arteko talkak. Onddo biltzaileak, ehiztariak, nekazariak, txirrindulariak... denak elkartzen dira han, eta beharrezkoa dute elkar ulertzea.

Joan den astean, perretxiko bila zebilen emakume batek liskarra izan zuen ehiztari batekin Uztaritzen (Lapurdi). Pascale Pernaud (Kanbo, Lapurdi) mendian zebilela, usategi baten ingurura ailegatu zen. Han izan zituen arazoak. Udal dekretu batek dio ezin dela usategietatik 300 metrora hurbildu. Berak dio ez zuela debekua ikusi. Dena dela, gertaturikoa ez dago zuritzerik, Pernauden ustez.

Izan ere, ehiztari batek jo eta iraindu egin zuela salatu du. Bi ehiztari omen zeuden usategian. Batek alde egiteko esan zion, eta segidan joan zen bigarrena oihuka eta irainak botatzen, betiere Pernauden arabera. Horrekin aski ez, eta makila batekin jo zuela salatu du perretxiko biltzaileak: buruan, ukondoan eta izterrean. Haren makilarekin, gainera. Medikuaren txostena erabiliko du froga gisa.

Penaudek esan du izutu egin zela, ehiztaria «amorru bizian» zegoelako. Makilarekin jotzen zuen bitartean «Burua xehatuko dizut! Burua xehatuko dizut!» oihu egiten ziola ere azaldu du. France 3 telebista katearen arabera, bada ehiztari talde beraren irainak jasan dituen beste mendizale bat.

Astigarragan (Gipuzkoa), alderantziz gertatu da hilabete honetan. Norbaitek ehiztarien sei postu xehatu zituen mozteko tresna bat erabiliz. Urriaren 11ren eta 12aren artean gertatu zen. Ez da lehenbiziko aldia, baina. Iaz ere gertatu zitzaien antzeko zerbait. Postu horiek Gure Izarra ehiztarien elkarteak banatzen ditu zozketa bidez, egunero.

Andoni Vallejo da elkarteko lehendakaria, eta arrastorik ere ez du nork apurtu dituen postuak. «Sasi ekologistaren bat» edo ehizaren aurka dagoen norbait izan daitekeen susmoa du. Izan ere, esan du inguruko nekazariekin ez dagoela arazorik normalean.

Eskopeten artean

Postuak xehatzearekin loturarik ez badu ere, batzuetan izaten dira tirabirak ehiztarien eta nekazarien artean. «Gorabeheraren bat izan daiteke, baina ez dago arazorik», dio Vallejok. Hala ere, onartu du badela ehizaz kexu den baserritarrik. «Baserri bateko bikote batek esan digu perdigoiak erortzen zaizkiela teilatuan. Basozaina etorri da, eta zozketatik bi postu kentzeko esan digu, 47a eta 48a, eta hala egin dugu». Lehentasuna «jendea gustura bizitzea eta elkarri trabarik ez egitea» dela gaineratu du.

Horrelakoetan, udaltzainek basozainarekin hitz egiten dute, eta hark, ehiztariekin. Distantziak begiratzen ibili ziren larunbatean postuetan. «Guk distantzia egokia mantentzen dugu; postuak legezkoak dira, baina, ez dugunez gatazkarik nahi, perdigoiak erortzen zaizkiela esaten badute, kentzen ditugu, eta listo», azaldu du elkarteko lehendakariak.

Orain, beste baserritar batek ere kexua azaldu du, bere eremuan ere perdigoiak erortzen direlakoan. «Arazoa ez da postuena. Arazoa da badela behar ez den tokian jartzen denik. Postutik 200 metrora dago etxea; ezinezkoa da ailegatzea», esan du. Postuak hartzen dituztenak ehiztari lizentziadunak dira, eta baldintza batzuk betetzeko eskatzen zaie: kartutxoak biltzeko, eta mendia zegoen bezala uzteko. Gainera, Vallejo bera ehizaren ondoren postu guzietatik igarotzen da, dena ahalik eta hobekien uzteko.

Bada mendian ehiztariekin arazoak izan dituen beste kolektibo bat: txirrindulariena. Bardean (Nafarroa), adibidez, ehiztariak basurde uxaldietan dabiltzan eremuan, txirrindulariak ere sar daitezke. Jose Antonio Perez-Nievas Nafarroako Oihanzainen Elkarteko lehendakariak esan duenez, batzuetan arazoak izaten dira. «Nik ehiztariei beti esaten diet haiek arma bat dutela. Ehiza legezkoa da, baina txirrindulari bat sartzen bada, ez eztabaidatu harekin, eskubidea baitu. Legez kanpokoa litzatekeena da zarata egitea animaliak uxatzeko. Horregatik, elkarbizitza beharrezkoa da». Dena den, berak dio tratua ona izaten dela normalean.

Txirrindulariek beste arazo bat ere badute, ehiztariekin loturik ez dagoena Durangoko kasuan (Bizkaia). Durango MTB elkarteak udan salatu zuen Sapubike martxa antolatzen duten guztietan mendiko ibilbidean tranpak aurkitzen dituztela. Afera, baina, ez da soilik martxari lotutakoa. Urte osoan aurkitzen dituzte nahita jarritako harri kozkorrak eta bide erdian botatako enborrak.

Atzo bertan, istripu bat izan zen Elorrion (Bizkaia). Santi Gerrikagoitia elkarteko zuzendaritzako partaideak kontatu duenez, mutiko batek altzairuzko kable batekin topo egin zuen. Zauriz josita dago, eta besoa uhalarekin loturik darama. Aste honetan ere, durangar batek mezu bat bidali zien elkartekoei, bideetan harriak jarri zituztela salatzeko.

Bide beretik, iaz norbaitek kable bat paratu zuen Urkiolan, pinu batetik bestera. «Kablearekin topo egin zuen, eta izugarrizko istripua izan zuen. Hori larria da; harriak ikusi daitezke, baina kable bat, ez». Hori dela eta, Ertzaintzarengana jo zuten salaketa jartzeko. Gerrikagoitiak gogorarazi du Euskal Herritik gertu pertsona bat hil eta beste bat elbarri geratu direla antzeko tranpen ondorioz.

Durangaldean kableekin izandako hiru istripu ezagutzen ditu Gerrikagoitiak. Horiez gainera, Bergaran ere agertu izan dira kableak. Perez-Nievasek esan duenez, Iruñerrian iltzeak zituzten xaflak agertu izan dira mendian, bizikleten gurpilak zulatzeko nahita jarritakoak. «Gertatu ahal den gauzarik okerrena da hori; harriak bide erdian jarri eta halakorik ez litzateke egin beharko», esan du, larriturik. Herritar batzuek egin izan dituzte halakoak, xaflak bide erdian jarrita. «Ezin da halakorik gertatu; norberak ezin du justizia bere kabuz egin. Horrelakoekin, hildakoak ere egon litezke».

Gerrikagoitia kezkaturik dago arazoarekin, eta horregatik jo dute hedabideengana. Iduri du geroz eta ohikoagoak direla gisa horretako tranpak. «Ez dakigu zelan egin daitekeen hau. Orain, batzuetan, beldurragaz pasatzen zara betiko tokietatik. Ez dakizu zer aurkituko duzun». Adi egoten dira, hori bai. Baina oso zaila da erruduna topatzea.

Bera bideak garbitzera ateratzen bada ere, harriak eta enborrak kendu ondoren berriro jartzen dituztela dio: «Aurten harri handi bat jarri zuten harririk ez dagoen tokian. Toki oso desberdinetan agertzen dira». Udaltzaingoak kartelak paratu zituen norbaitek zerbait jakinez gero ohartarazi zezan, eta horiek ere egun batetik bestera kendu zituzten. «Norbaiti molestatzen zitzaion».

Bi gurpileko ibilgailu motordunekin ere bada kalapitarik, baita quad-ekin ere. Nafarroako basozainen lehendakariak esan du arazo berria dela. «Debekaturik dago bi metro baino txikiagoak diren pistetan ibilgailu motordunekin ibiltzea, eta, hori gertatzen denean, ehiztariak asko haserretzen dira, arrazoiarekin. Ehizaldietan arazoak sortzen dira». Nafarroako erdialdean ohikoa da.

Hiria, geroz eta urrutiago

Dena den, gatazka handienetako bat, Perez-Nievasen aburuz, hiritarren eta herritarren artekoa da. Mendizale eta perretxiko biltzaileek ehiztariekin ez ezik, baserritarrekin ere izaten dituzte arazoak, batzuetan. «Abeltzainak haserretu egiten dira itxiturak irekita uzten dituztelako», azaldu du. Gaztaina, perretxiko edo bestelakoen gehiegizko bilketa ere izaten da gatazka iturri, bilketa horiek arauturik ez dauden eremuetan. Haren aburuz, hiria eta landa geroz eta banatuago daude.

Adibide bat jarri du: herri batean basurde uxaketa antolatu dute, eta Iruñetik bi autobus ailegatu dira txango bat egiteko. «Iruñeko jendea ez da konturatzen bata aisialdi jarduera dela, eta bestean beren lurrak babesten ari direla». Basozainaren arabera, hiritarrak naturaren sena galtzen ari dira. «Landaren eta hiriaren arteko elkarbizitza oso garrantzitsua da, eta geroz eta banatuago dago. Elkar ulertzera kondenaturik daude».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuko dute 2022ko lehen saioa ETB1en: <em>Biba 2022!</em>. ©EITB

ETBren kanpaiak, Gasteiztik

Urtzi Urkizu

ETB1en Ainhoa Etxebarriak, Aitziber Garmendiak eta Yerai Diezek aurkeztuko dituzte kanpaiak

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Ekialdean berariaz zaindu dute xakea»

Gorka Erostarbe Leunda

Jolasa eta jokoa. Lehia eta estrategia, baina baita zientzia, artea, poesia eta bizitza ere. Guztiak islatzen ditu xakeak. Alderdi horiek bildu ditu Berasaluzek '64 begirada. Xake taularen zuri-beltzean' lanean.
Daliren maskara biral egin da. ©NETFLIX

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.