Albistea entzun

Oraindik ere, eskuak airean

Aiko taldeak 'Jotamentala' izenburuko dokumentala egin du. Jota dantzari buruzko ikerketa lan sakona egin dute. Haien esanetan, jota «dantza totala» da, eta, oraindik ere, garaikidea. Hainbat adituren lekukotasunak bildu dituzte, sasoi batean erromerietako bizigarri zen dantza honi buruz.
1
1 AIKO / EZEZAGUNA Tamaina handiagoan ikusi

Pello A. Zuazo -

2016ko otsailak 4 - Bilbo

Gaur, bailarin on ugari dago, baina dantzari gutxi». Jon Pertikak (1937, Bilbo) badaki zertaz ari den: «Dantzariak keinua, grazia eta espresio berezia dauzka; bailarin batek, ordea, teknika bai, baina graziarik ez». Pertikak, beste lagun batzuekin batera, Basurtuko (Bilbo) Beti Jai Alai dantza taldea sortu zuen 1968an. Eta ordutik, haren lehendakaria ere bada. Ibilbide luzean, dantza mota ugari ikertu ditu, eta aholkulari moduan ere aritu izan da: «Inguruan egin diren jota lehiaketa eta erakustaldi guztiak irentsi ditut», esan du. Halere, ez da inoiz epaile moduan aritu: «Jota txapelketetan ezinezkoa da jakitea ondoen nork dantzatzen duen. Esan duenez, ez ditu ulertzen Euskadiko Dantza Txapelketan dantzarien jardunbidea ebaluatzeko erabiltzen diren irizpideak. «Nor da garaile eta nor galtzaile, eta zergatik. Zein da irizpidea? Zein da erreferentzia?». Anekdota moduan kontatu du, behin, herri batean, epaile lanak egitea tokatu zitzaiola halabeharrez. Hura zen lehiaketako epaile bakarra, eta lehen saria 50 urteko bikote bati ematea erabaki zuen; zahartxoak, aukeran, dantza lehiaketa bat irabazteko. «Herri hartatik ezkutuan ihes egin behar izan nuen. Ez zitzaien nire erabakia gustatu. Ordutik, ez naiz gehiago epaile izan», arretaz mintzo da.

Aiko taldeak Jotamentala izeneko dokumentala aurkeztu berri du, eta Pertika da horretan ageri den adituetako bat. «Dantza herrikoi ezagunenetakoa eta klasikoenetakoa» omentzea nahi izan dute horrela. Taldekideek eurek, jotarekiko duten debozioa onartu, eta «dantza totala» gisa definitu dute. Gainera, haien esanetan, gaur egun erabat bizirik dagoen kultur adierazpen garaikidea da. Motibo horiek guztiek pilatuta eta ikerketarako grinak bultzatuta, jotaren inguruko ibilbide zehatza egin dute ikus-entzunezko lan estreinatu berrian. Irudi eta musika «zahar, ez hain zahar, berriak eta oso berriak» uztartu, eta hainbat adituren lekukotasun interesgarriak bildu dituzte.

Bizi oso bat dantzan

Pertikarekin batera, Iñaki Irigoien (1935, Bilbo) agertzen da. «Guk bizimodu osoa ibili gara honetan, jadanik ez daukagu dantzarako gorputzik, baina gure pasioa da». Irigoienek 60 urte daramatza euskal dantzak aztertzen, baina, horren aurretik, dantzari eta dantza irakasle ibilitakoa ere bada. Berak azaldu duenez, Aikoren lana merituzkoa izan da: «Dantza eta erromeria landu, eta herriari berriz zabaldu dizkio, plazara ekarri ditu». Aurten, hamar urte bete ditu Aikok lan horretan. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Irigoienek eta Pertikak argi eta garbi bereizten dute herriaren dantza eta lehiarakoa. Euskalduna beti izan da lehiazale, eta dantza munduan ere laster etorri ziren espezializazioa eta akademizazioa, eta, horiekin batera, txapelketak. Gogor kritikatzen du dantza ulertzeko modu hau Irigoienek: «Jotak ez du zertan zaila izan. Eta lehiaketa horien bidez zailtasuna transmititzen da, eta hori da, hain zuzen, egin behar ez dena». Jotaren hizkuntza erraztu egin behar dela eta herriari zabaldu behar zaiola aldarrikatzen du. Irigoienen ustetan, Aikok ederki ulertu du zein den erromeriaren funtsa: «Denok dantzan egitea, beldur gabe, sasoi batean egiten zen bezala».

Irigoien gaztea zenean, fandangoa, arin-arina eta biribilketa edozein herritako plazan dantzatzen zirela nabarmendu du. Eta horiek guztiak hartzen ditu jotak. Dantza asko biltzen direlako izen horren atzean. «Neska-mutilen artean egiten da jota. Horregatik, plazetan eta erromerietan oso arrakastatsua zen». Bi pertsonen arteko hizkuntza da, eta bi pertsona horiek aukeratzen dituzte pausoak eta mugimenduak. «Ligatzeko dantza da jota, jolas bat». Hain zen horrela, frankismo garaian, abadeek debekatu egin zutela, «bekatua» zela argudiatuz. Hori dela eta, binaka dantzatu beharrean, taldean biribilean jarrita dantzatzen zen, «apur bat disimulatzeko».

Euskal Herrian, 200 urte inguruko historia duten dantzak dira fandangoa, arin-arina eta biribilketa. Izan ere, kanpotik datozen aldaerak dira. Irigoienen esanetan, fandangoa Andaluziatik (Espainia) dator. Eta beste batzuek diotenez, Valentzian (Herrialde Katalanak) izan dezake jatorria. Gauza jakina da Ebro ibaiaren jarioa izan dela kultur joera askoren Euskal Herrirako sarrera, eta irteera. Baina horiek guztiak atzerritik etorritako dantza aldaerak izan arren, oso errotuak eta oso hedatuak gelditu ziren Euskal Herrian. «Herriak berak bereganatu egin zituen. Ez zegoen dantza talderik, plazan eta erromeriatan ikasten zen, musika banda, trikitilari, albokari edo txistulariekin».

Pertikak argitu nahi izan du, jota ez zela baserrietan baserritarrek dantzatzen zuten dantza mota bat. «Horixe saldu digute, baina ez da egia». Horrela, bada, Bilbo aldea oso dantzazalea zela aipatu du: «Abandon, Casillan, Basaurin... jota zaletasun itzela zegoen eta kanpoan egiten ziren erromerietara jende piloa joaten zen hemendik».

Orduko oroitzapenak berpiztuz, hainbat konturen berri eman du. «Arratiako ibarretik Bilbora dantzara zetorren jendea oso abila zen: Silvestre Elezkano Txilibrin igorretarra (Bizkaia), Bartolo Lasa zeberiotarra (Bizkaia)... izarrak ziren. Bilboko lantegietan lan egiten zuten, eta, han amaitzen zutenean, dantzan edo alboka eta panderoa jotzen ibiltzen ziren». Azaldu duenez, Casillako giro hura amaitu zenean, Txilibrin Basurtuko (Bilbo) Beti Jai Alai taldean aritu zen irakasle. «Niri hark irakatsi zidan dantzan!». Eta oraindik ere, taldean hark erakutsitako jota klasea dantzatzen dutela aipatu du. «Txilibrinek mirariak egiten zituen, sortzailea zen, artista bat, pauso mordoa asmatzen zituen. Gaur egun denek nahiko berdin dantzatzen dute baina garai hartan, bakoitzak bere erara, libre, gozatuz!». Pertikak ohartarazi du, gaurko egunez, Arratiako jota bolo-bolo dabilela dantza munduan, baina izatez, Arratiako jota Bizkaiko jota dela, eta, aldi berean, Euskal Herrikoa. «Arratiako jota sor-marka sarri erabili da hango dantzari ugari trebeak zirelako eta hainbat pauso asmatu zituztelako».

Horiek eta antzeko kontuak ezagutzeko aukera ematen du Jotamentala dokumentalak. Hilaren 12an aurkeztuko dute Bilboko Bizkaia aretoan eta dantzazale guztiei bertara biltzeko gonbitea luzatu die Aikok.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Bastidako (Nafarroa Beherea) Maddi Leglisek irabazi du aurtengo Baionako xingarraren feriako azpi lehiaketa. ©BOB EDME

Xingar feriak aro berria

Ainize Madariaga

Pazkoz ireki beharrean atzo ireki ditu bortak Baionako 558. Xingar Feriak. Lau egunetik hirura laburtu dute, igandera arte, eta karpa erraldoi batean bildu. Ostatuak gauerdian hetsiko dira.
 ©EIDER EIBAR

Beste aldetik dator erantzuna

Iker Tubia

Adimen artifiziala erabilita hildako pertsona baten gisan erantzun dezakete txatbotek, edo izan daitezke konpainia egiten duen lagunaren ilusioa, Replika aplikazioa bezala. Galdera, zalantza eta arazo anitz sortu ditzake teknologia horrek filosofiaren eta psikologiaren ikuspegitik.

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna