Diskoari buelta ematen hasiak

'Female:pressure' elkarteak salatu du emakume gutxiri ematen diotela tokia nazioarteko musika elektronikoari buruzko ekitaldiek eta diskoetxe espezializatuek. Euskal Herrian geroz eta gehiago dira DJ lanetan aritzen diren emakumeak, nahiz eta oraindik genero arrakala handia izan.
<b>Giroa berotzen.</b> Las Tea Party DJ taldea, dantza areto batean kontzertua ematen.
Giroa berotzen. Las Tea Party DJ taldea, dantza areto batean kontzertua ematen. BERRIA

Iker Tubia -

2016ko maiatzak 5

DJak zabaltzen ari dira Euskal Herrian. Ohiko tokietan ez ezik, hasi dira bestetan eta gaztetxeetan ere tokia hartzen. Are, dagoeneko gutxi dira DJrik gabeko bestak. Teknologia berriak eskuragarri egin diren heinean, musika elektronikoa ziztu bizian zabaldu da. Baina, musikaren beste alorretan gertatzen den bezala, genero arrakala nabarmena da. Gizonak dira nagusi DJen munduan, baina bertan dabiltzan hainbat emakumek uste dute egoera aldatzen hasia dela.

Hain zuzen ere, arrakala hori izan zen DJ Tarantistak diskoak jartzera bultzatu zituena. Duela bi urte Gasteizko gaztetxean DJ gaua antolatu zuten Urtezahar gauerako. «Mutilenak ziren proposamen denak. Gazte asanbladako lagun bati bururatu zitzaion Titxu eta biok joatea. Guk ez genekien ezer. Ez zitzaigun inoiz horrelakorik egitea burutik pasatu, baina dibertigarria izan zitekeen; beraz, animatu ginen», kontatu du Oihane Vianak. Ordutik, Estitxu Saez de Castillo Titxu-rekin batera aritzen da.

Emanaldi bat, beste bat... Azkenean, mahai propioa erosteko dirua ere irabazi zuten. Ikastaroren batean aritu ziren, baina, batez ere, beren kabuz eta lagun DJ batekin ikasi dute. «Emanaldi nahikotxo ditugu: ezezkoak eman behar izan ditugu. Gainera, oso gogotsu gaude, eta jendearen harrera oso ona izan da».

Las Marines DJak bestela hasi ziren disko artean mugitzen. Duela hiru urte abiatu zuten Maria Ugartetxeak eta Ines Garcia Azpiazuk diskoak jartzeko bidea. Ugartetxeari platerak oparitu zizkioten, eta biek binilo anitz zituzten etxean, batik bat gurasoenak. Zarauzko (Gipuzkoa) Garoa liburu dendan eman zuten lehenbiziko saioa, eta gutxika hasi ziren tabernetan diskoak jartzen. «Guk proposatu genien tabernei; jendea gu entzuten eta jarraitzen hasi zen, eta Donostian ere jo genuen», azaldu du Garciak. Orain eskaintza asko badituzte ere, ez dute dena hartzen, eta hilean saio bat egin ohi dute.

Egoera hobetzen ari da, baina oraindik ere gizonak dira jaun eta jabe. Horretaz aspaldi jabetuak dira Female:pressure elkarteko kideak. Musika elektronikoaren eta arte digitalen alorreko emakumeen nazioarteko sarea da, eta 1.350 artista biltzen ditu. Haiek emandako datuen arabera, 2015ean munduan antolatutako ekitaldien %11k programatu zituen emakumeak, eta alorrari dagozkion diskoetxeen %18k baizik ez zituzten emakumeen lanak kaleratu.

Female:pressure elkartearen aburuz, arazoa ez da alor horretan dabilen emakume kopurua, aitortza falta baizik. 1950eko hamarkadan, Delia Derbyshire ingelesa musika elektronikoaren sinboloetako bat izan zen. Doctor Who telesailaren soinu bandaren egileak musika elektronikoa zabaltzeko ekarpen handia egin zuen. Mende erdi luze geroago, oraindik emakumeen lana ez da aitortzen, Female:pressure-k salatu duenez.

Euskal Herrian antzeko helburuarekin sortu zen Emarock egitasmoa. Kasu horretan ez zegokion soilik musika elektronikoari loturik. Saioa Cabañas bertako kide eta bultzatzailea da, eta, azaldu duenez, emakume musikarien ikusgarritasuna da egitasmoaren helburua. «Hutsuneak ikusi genituen. Nire argazkiak ikusterakoan, konturatu ginen ez zegoela emakumez osaturiko talderik; gehienak abeslariak ziren, eta emakumeak badaudela erakutsi nahi izan genuen, eta egoera aldatu». Erreferenteak sortzea da haien lanaren gakoa.

Gainera, datu base bat egiteko asmoa ere bazuten, baina oraindik bukatu gabeko asmoa da. Horretan dabil Nesken Gaua plataforma ere: neskaz osaturiko edo mistoak diren taldeen kontzertuak antolatzen dituzte, eta datu base hori eratzen ari dira gutxika. «Emakumerik ez dagoela dioen aitzakia deuseztatu nahi dugu: emakumeak badaude, eta estilo anitzetan», dio Cabañasek.

Arrakala nabarmena

Arazoa ez da bakana, orokorra baizik. Musikaren munduan nabarmena izaten da arrakala. «Badirudi arrakala azken pausoan dagoela. Musikaren prozesu guztia ikusi behar da, eta musika eskoletan neskatila pila bat dago, ikasle finak gainera, baina, aurrera egin ahala, geroz eta gutxiago topatzen dituzu», azaldu du Lorea Argarate DJak. Eva Gutierrezekin batera aritzen da Las Tea Party taldean. Arrakasta handia lortu dute bi DJ horiek, eta ezagunak bihurtu dira Euskal Herrian.

Musikaren alorrean, gizarteko beste alor batzuetan bezala, oso agerikoa da arrakala. Dena den, batzuen aburuz, handiagoa da DJen munduan. Hori da Garciaren ustea: «Rockaren historian emakumeak izan du rol garrantzitsua, protestarekin lotura duelako, baina, elektronikoa aisialdiarekin lotzen denez, borrokatxo hori dugu». Zarauztarrak uste du klubaren mundua nahiko maskulinoa izan dela, eta horrek egoera baldintzatu du. «Emakumearen rola gogo izatea zen. Beraz, elektronikaren munduak bazuen kutsu matxista hasieran».

Desoreka konpontzeko, Garciak uste du oraindik beharrezkoa dela programatzeko orduan emakumeei bultzada ematea. Argaratek ere antzeman du gizonak gehiago direla plateren atzean, baina «uste baino neska gehiago» dagoela ere nabarmendu du. «Pena da taula handiagoetan gehiago ez ikustea; badirudi azken pauso horrek beldur handiagoa ematen duela». Haiek gogotsu daude DJ berriak ezagutu eta haiekin oholtzan aritzeko.

Dena den, egoera aldatzen ari da. Hala uste du Cabañasek. «Euskal Herrian DJekin aldaketa handia izan da plazetan: gehien entzuten den taldea bi neska dira [Las Tea Party]», azaldu du. Haren aburuz, DJen munduan beren tokia egiten ari dira emakumeak, eta oraingoek bidea irekitzen diete etorkizunekoei. «Erreferenteak haiek dira, eta bi neska dira. Oso garrantzitsua da erreferenteak izatea. Hurrengo urteetako neskek ikusiko dute beraiek ere egin dezaketela».

Bestalde, toki batzuetan nahiko ohikoa da emakumeak ere DJ lanetan ikustea. Vianak azaldu du haiek mugitzen diren tokietan ohikoa dela beste emakume batzuk ikustea. Baina aitortu du ez direla DJen munduan asko mugitu. Gaztetxeetan eta ekitaldi feministetan bai, eta hor ez dira arrotzak. «Gizarte mugimenduetan aritzen diren kolektiboak berdintasuna lortzeko bidea lantzen ari dira», azaldu du.

Badira DJ emakumeak bakarrik programatzen dituzten ekitaldiak, edota genero bereizkeria gainditzeko ahaleginak egiten dituztenak. Hala ere, hortik kanpo nekez ikus daiteke esfortzurik. «Mugimendu feministatik kanpo antolatzen diren ekitaldietan ez dira hainbeste jarduera antolatzen; adibidez, emakume DJentzakoak», esan du Garciak.

Sareak zabaldurik

Programazioan eta ekoizpenean egoten diren genero desorekak gainditzeko egitasmoak badira nazioartean. Adibidez, New Yorken (AEB) Discwoman plataforma sortu zuten Christine Tranek, Emma Olsonek eta Frankie Hutchinsonek. House, techno eta clubbing arloetako emakumeen ordezkari izateko jaio ziren, baina, batez ere, gizonen erabakien menpe ez ibiltzeko.

Euskal Herrian oraindik ez dago horrelako sarerik. Aitzitik, DJ emakumeek uste dute hori onuragarria izanen litzatekeela. «Ea gutxika elkar ezagutzen dugun eta denen artean plazak hankaz gora jartzen ditugun», dio Argaratek. Baina diskoari buelta ematen hasiak dira, eta horrek ez du atzera bueltarik. Cabañasek argi du etorkizuna: «Duela urte batzuetatik hona boom bat gertatu da musikan, eta urte batzuk barru neskatila pila bat animatuko dira taldeak sortzera. Naturaltasunez hartu behar da».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Zarauzko (Gipuzkoa) hondartz, ekainean. ©Juan Carlos Ruiz / FOKU

Zarauzko Talai Mendi kanpinean PCR probak egiten dabiltza, bezero ohi batek positibo eman ostean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Langileei PCR probak egin dizkiete, eta etxera bidali dituzte. Bezero batzuei ere egin dizkiete probak. Emaitzak jaso bitartean, kanpinera ezin da inor sartu eta bertatik irten.

Hainbat herritar, Iruñean, maskara jantzita. / ©Iñigo Uriz, Foku

Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da Hego Euskal Herrian

Joxerra Senar

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bihartik aurrera kalean ere jantzi beharko da maskara; Nafarroan, etzitik aurrera. Igerilekuetan eta hondartzan, maskara jantzi beharkoa da, bainua hartzeko izan ezik. Kirola egiteko orduan edo naturguneetan ken daiteke. Jaurlaritzak botila festa debekatu egin du.

Herritarrak PCR proba egiteko zain. ©Jon Urbe / Foku

80 kasu gehiago Hegoaldean, eta lehen hildakoa Nafarroan ekainaren 11tik

Edu Lartzanguren

Gipuzkoan indarrez ari da izurria: 41 kasu baieztatu dituzte. Iruñean beste agerraldi bat atzeman dute, eta gutxienez hiru lagun kutsatu dira.

Banksy grafitigileak maskarak janzteko eskatu du ekintza batez

Banksy grafitigileak maskarak janzteko eskatu du ekintza baten bidez

Edu Lartzanguren

Londresko metroan sartu da, garbitzaile jantzita, eta koronabirusaren inguruko irudiak margotu ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna