Albistea entzun

Zientzia gosea herrietan

Hiriburuetan bakarrik ez, herrietan ere badago zientziarekiko jakin-mina, eta horren lekuko da azken urteetan sortu diren zientzia taldeak. Zarautzen, Ondarroan eta Goierrin zientziari buruz hitz egin eta dibulgazio lana egiteko taldeak sortu dira, aurretik zegoen gabezia betetzeko.
1
1 GOIERRIKO HITZA / EZEZAGUNA Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2016ko irailak 23

Dena ez da futbola. Hori pentsatu zuten aldi berean Beasainen eta Zarautzen (Gipuzkoa) hainbat herritar taldek. Dena ez dela futbola eta beste ezinegon batzuk bazeudela herri horietan inork gogobetetzen ez zituenak. Zientzia eta teknologia zeukaten buruan, gai horiek behar beste lantzen ez zirela iruditu zitzaielako herritar horiei. Horrela sortu zuten 2012an Goierriko Lemniskata zientzia sare herrikoia, eta 2014an Zarautz On elkartea.

«Goierrin teknologia asko dago, eta bertako enpresetan puntako gauzak egiten dituzte; ikaragarria da bertakook oso gutxi ezagutzea hori guztia», azaldu du Goyo Lekuona Lemniskata zientzia sare herrikoiko kideak. «Ematen du zientzia mantal zuridun ero batzuek egiten dutela, baina ibarreko edozein tailerretara joanez gero ikus daiteke zientzia asko egiten dela». Haren ustez, hori ez da transmititu. Asmo horrekin hasi ziren zientzia taldea sortzeko ideia garatzen. Are gehiago, Natalia Vahl Zarautz On elkarteko zuzendariordearen ustez, «zientzia ez bada gizartera hurbiltzen, ametsak mugatu egiten dira. Gazteei erakutsi egin behar zaie berrikuntzaren arloan zertan egiten den lan, etorkizunean eurek ere hor egin dezaketelako lan». Alegia, teknologia eta zientziaren inguruko ikuspegia zabaldu beharraz hitz egin du. Eta helburu horiekin sortu ziren paraleloki Goierriko eta Zarauzko taldeak.

Bi adibide horiek ez dira bakarrak, ordea. «Gure herrian ezagutzen diren ondarroarrak bakarrik futbolariak eta arraunlariak dira, baina kongresuetan parte hartzen duten herritarrak ere badaude, eta horiek ez ditugu ezagutu ere egiten». Mario Feijoo Ondarroako (Bizkaia) Zientziaren Giltzak elkarteko kidea da, eta Jose Mari Argoitia elkartearen sortzaileak izan zuen asmo hori ekarri du gogora: herriko zientzialariak ezagutzera ematea. Hori, eta baita ezagutza zientifikoa herritarrei gerturatzea ere. «[Argoitia] Bilbora eta beste hirietara maiz joaten zen hitzaldietara, eta horren falta sumatzen zuen Ondarroan, hutsune bat zegoela zientziaren inguruan eta pentsamendu kritiko bat sortzeko garaian». Hutsune hori betetze aldera, 2014az geroztik martxan dago elkartea, eta hilabetero hainbat gairen inguruko hitzaldiak antolatzen dituzte.

Azken urteetan, beraz, hainbat zientzia talde sortu dira hirietatik kanpo, baina lehenagotik ere badaude bestelako taldeak. Zarauzko kasua berezia da. Izan ere, Zarautz On elkarteaz gain, naturari buruz aritzen den Arkamurka taldea ere badagoelako 1979. urteaz geroztik. «Mikologiarekiko interesetik sortu zen hasiera batean, naturarekiko zaletasuna jendarteratzeko», azaldu du Kati Olaizola elkarteko kideak. Ingurua behatzeko jarduerak egiten dituzte, «Zarautzek izugarrizko hirigintza hazkundea izan duelako azken urteetan, balio handiko hainbat habitat aurretik eramanda». Beraz, herritarrak eta udala bera ere horretaz jabetu daitezen egiten dute lan batez ere. Elkarte horrek ere herritarren artean dibulgazio lanak egiten ditu, hori delako, azken batean, zientzia talde horien guztien helburua.

Azken urteetan sortuak izan, ala zaharragoak izan, denek nahi bati erantzuten diotela uste du Lekuonak. Juan Mari Iraola Zarautz On elkarteko zuzendariak ere hala uste du: «Euskal Herriko herri gehienak antzekoak dira, eta ezinegon antzekoak dauzkate, beraz, leku ezberdinetan halako taldeak sortu baldin badira, inguru berean bizi garelako izango da». Azken finean, zientzia hirietatik kanpo egitea posible dela uste dute denek, eta bertako zientzialariek dibulgazio lana herrietan egin dezaketela ere berretsi dute. «Gizartean badago jakin-mina, hitzaldiak antolatzen ditugunean jende ugari etortzen zaigulako», esan du Lekuonak. Haren arabera, Lemniskatak antolatzen dituen jardueretan normalean 80 pertsonak parte hartzen dute, eta 200ek ere parte hartu izan dute «goi mailako hizlariak» aritu izan direnean. Ondarroan ere, antzera: urtean, batez beste 50 pertsona etortzen dira hitzaldietara, baina duela bi aste Francisco Etxeberria auzi medikuak emandako hitzaldira 200 inguru etorri ziren. Eta Zarautzen, «ekitaldi xumeenean 70 pertsona izaten ditugu», esan du Vahlenek. Baina gazteengana iristea kosta egiten zaie. Edozein modutan, herri horietan zientziarekiko gosea bazegoela esan daiteke.

Elkarlanerako bidean

Baliabide gutxirekin egiten dute lan elkarte horiek guztiek. Feijook azaldu duenez, Zientziaren Giltza elkarteak ez dauka baliabide ekonomikorik. Ez du Ondarroako Udalaren laguntzarik jasotzen, eta enpresa pribaturen batek ematen dien laguntzari esker egiten dute lan. Horregatik, taldea martxan jarri zutenean beldur bat zeukaten: zientzialariei hitzaldi bat emateko deitzeko eskatu eta doan egingo ote zuten galdetzean, ezetz erantzutea. Alderantziz, puntako ikerlari eta zientzialariek baiezkoa eman diete, Pedro Migel Etxenike tartean, eta trukean herriko produktu batzuk ematen dizkiete. «Gure etikaren kontra doa hori, guk ordaindu egin nahi diegulako hizlariei, baina ez daukagu baliabiderik». Hala ere, lortu dutenarekin gustura dago.

Baina gehiago nahiko luke. Gainerako herrietako zientzia taldeekin batu eta koordinakunde bat sortu nahi du, sinergiak aprobetxatu eta elkarlana sustatzeko. «Proposamen horrekin joan naiz EHUra, baina esan didate lehenbizi gure artean jarri behar dugula ados». Oraindik ez dira elkarrekin harremanetan jarri, baina ideia hori buruan du. «Hiriburu batean egiten baldin bada jardunaldi garrantzitsuren bat, bertan egongo den hizlari bat joan daiteke herrietara, edo elkar laguntzea izango genuke», dio. Iraolak, ordea, onartu du Lemniskata elkartearekin harremanak izan dituztela, eta balizko koordinakunde horretarako prest egongo liratekeela. «Gure leloa Asmoak saretzen da; beraz, sinergiak bilatzea bada asmoa, halako egitasmoak beti babestuko ditugu», esan du.

Halako koordinakunderik ez, baina zientzia taldeek bakoitzak bere herriko beste elkarteekin harremanak dituzte. Hain zuzen, Zarautz On sortu zenean, kontuan hartu zuten herrian zein eskaintza zegoen, halako besterik ez zapaltzeko. Gainera, jarduerak antolatzeko garaian, herrian dauden elkarteak aintzat hartzen dituzte. Arkamurka elkartekoek, esaterako, Pagoeta mendizale elkartearekin hitzaldiak antolatu izan dituztela esan du Olaizolak, eta Lemniskatak urtero antolatzen duen matematika jardunaldietan ibarrean dauden elkarteak aintzat hartzen ditu. «Esaterako, aurten matematikari eta zinemari buruzko jardunaldiak antolatu ditugu, eta hori Goierriko zineklubarekin elkarlanean egin dugu». Batera lan egiten ohituta daudenez, herrietako zientzia taldez osatutako koordinakunde bat sortzea denbora kontua izan daiteke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Juan Mari Arzak, BCCren ohorezko oroigarria hartuta, eta sukaldariz eta ikaslez inguratuta, atzo. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Arzak patroia, Arzak maisua

Enekoitz Telleria Sarriegi

BCC Basque Culinary Centerreko ohorezko patronatukide izendatu dute Juan Mari Arzak. Haren ekarpena eskertu dute, eta bere ezagutza partekatzeko izan duen eskuzabaltasuna goratu.
 ©BERRIA

Ohiko albisteetatik ihesi

Iker Tubia

Reuters institutuaren arabera, geroz eta jende gehiagok erabakitzen du gaurkotasuna albo batera uztea. Eragin psikologikoa, nekea, konfiantza falta eta ezintasun sentsazioa aipatu dituzte albisteetatik deskonektatu direnek.
Jaurlaritzako, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko eta EHUko ordezkariak, Ikusgelaren aurkezpenean, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

Martxan da Ikusgela, euskarazko bideo pedagogikoen ataria

Amaia Jimenez Larrea

Euskal Wikilarien Elkarteak filosofiako, ekonomiako eta euskal literaturako bideoak egingo ditu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...