Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Pantailako kirolariak

Publizitatea

Bizigiro

Pantailako kirolariak

Gero eta indar gehiago hartzen ari dira ordenagailuaren edo kontsolaren bidez jokatzen diren kirol jokoak. Goi mailako jokalarientzat, zaletasun batetik harago doan jarduna da.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ez dira Xabi Prieto, Adam Hanga edo Juan Dominguez bezain ezagunak. Baina Isidro Serranok, Jorge Casanovasek eta Alvaro Senperrek haien elastiko berdinak daramatzate, eta astero Reala, Baskonia eta Real Union ordezkatzen dituzte. Ez dute zelai edo pabiloi batean egiten, baizik eta etxean, ordenagailuko edo kontsolako pantailan. Kirol elektronikoen —ordenagailu edo kontsola bidez jokatzen direnen— goi mailako jokalariak dira hirurak. Jokalari birtual horiek errealak bezala entrenatzen dira, eta haiek bezala jokatzen dituzte partidak. «Fisikoki, agian, ez gara kirolari profesionalak, baina, psikologikoki, haiek adina prestakuntza behar dugu. Izan ere, mentalki eta arreta aldetik ahalegin handia egin behar dugu», esan du Baskoniako jokalari Casanovasek. Haien jardunak gero eta jarraitzaile gehiago ditu.

Nazioartean, Galatasarayk, Fenerbahcek, Paris Saint Germainek, Manchester Cityk, Lisboako Sportingek eta Shalke 04k egin moduan, Euskal Herrian badira kirol elektronikoen taldeak sortzea erabaki duten klubak. Futbolean, Reala eta Real Union dira horren adibide; saskibaloian, berriz, Baskoniak egin du urratsa. 2015ean egin zuen. Arrazoia azaldu du Carlos Perez taldeko zuzendariak: «Indarra hartzen ari den merkatua da, eta garatzeko bidean dagoena erabat. Hala izanda, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun merkatu horretan ondo kokatuak egotea». Sektorearen hazkundea agerikoa da. 2015ean 699,7 milioi euro mugitu zituen, eta datorren urteari begira aurreikuspena 1.805 milioi euro da. Gainera, 2015ean 188 milioi lagunek ikusi zituzten txapelketak, zuzenean edo Internetez.

Real Unionen kasuan, taldeari «berrikuntza» kutsu bat emateagatik ere egin du. Senperrek proposatu zien taldea sortzea. Hark txikitatik zuen zaletasuna, aitarekin jokatzen baitzuen. «Berehala, baietz esan zidaten, eta kapitaina izatea proposatu». Orain ari dira taldea osatzen. «Hamalau jokalari behar ditugu, eta zazpi ditugu». Realak iaz eman zuen pausoa, Bartzelonako bideo jokoen azoka batean. Han egin zioten Serranori taldeko kapitain izateko proposamena.

Guztiek uste dute garrantzitsua dela kirol talde profesionalek elektronikarako urratsa egitea. «Ziur nago etorkizunean egingo dutela: Bartzelonak, Real Madrilek, Athleticek... Kontua da hainbat plataforma daudela, eta talde bakoitzak bere hitzarmenak dituela», esan du Serranok.

Plataformak kontuan hartuta, Realak Xbox-en jokatzen du, Real Unionek Play Station-en eta Baskoniak PCn. Reala zazpigarren dago Ligan, eta kopan final zortzirenetan. Baskonia lider dago bere ligan, eta hilabete amaieran saio garrantzitsua du, Europan jokatzea lortzeko txapelketa izango baitute. Real Unionek, berriz, txapelketa txikietan hartzen du parte. Reala eta Real Union futboleko FIFA bideo jokoan aritzen dira, Baskonia, berriz, League of legends estrategia jokoan.

Neurketak aste osoan jokatzen dituzte, astelehenetik ostegunera, eta zuzenean ikus daitezke sarean. FIFA-ko norgehiagokek 10-20 bat minutuko bi zati ditu, League of legends-ekoek zati bakarra dute, 30 bat minutukoa.

Baina, nola prestatzen dira halako taldeak? Hiru jokalarien egunerokoa oso desberdina da. Casanovasen kasuan, profesionalki horretara dedikatzen da. Alemanian aritu zen jokatzen, eta iazko udan iritsi zen Gasteizera. Gainerako taldekideekin bizi da, Gasteiz erdialdeko etxe batean. «Horrek gure arteko komunikazioa eta harremana askoz estuagoa izatea dakar, eta hori oso inportantea da jokorako. Talde izaera sendotzen laguntzen digu. Gainera, entrenamenduen eta partiden prestaketa errazago egiten dugu horri esker. Gure arteko elkarbizitza primerakoa da, helburu eta ilusio berdina dugulako». Bideo jokalari profesionalek iluntze-gauetan izaten dituzte entrenamenduak eta partidak. Hala, berandu oheratzen dira, eta 10:00ak eta 12:00ak artean jaikitzen dira. Ondoren, Casanovas gimnasiora joaten da. Baskoniaren jatetxean bazkaldu, eta 15:00 aldera hasten dituzte entrenamenduak. Gutxi gorabehera sei-zazpi ordu jokatzen dute, entrenamenduen eta partiden artean. «Hortik kanpo, bakoitzak nahi adina joka edo entrena dezake». Egun bakarra libratzen dute: larunbata. «Baina egun horretan ere jokatzen dugu zerbait».

Senperren kasuan, oraindik ikasten ari da, DBHko laugarren mailan dago. Hala, haren egunerokoa oso desberdina da. Izan ere, goizetan ikastera joaten da, eta iluntzetik aurrera jokatzen du eta entrenatzen da: normalean, 20:00etatik 00:30era. Hurrengo egunean 07:30 aldera jaiki behar izaten du eskolara joateko, baina gogoko bidean ez da nagirik izaten: «Bost bat ordu lo eginda nahikoa dut. Hori gure jardunean zorte handia da. Izan ere, gure mundua erabat gauekoa da».

Serranori ere egunaren zati handi bat hartzen diote bideo jokoek. Izan ere, taldeko kapitaina izanik, beti du zereginen bat: entrenamenduak prestatu, arerioak aztertu, bakarrik entrenatu... «Egia esan, zorte handia dut, gainerako taldekideek ere asko laguntzen didatelako arerioak aztertzen. Pena da egunero elkarrekin ez egotea. Iragan asteburuan egon ginen estreinakoz denak elkarrekin Donostian, eta oso berezia izan zen, entrenatzeko eta hobeto elkar ezagutzeko». Horrekin batera, Serranok Youtube kanal bat du, eta han jartzen ditu jokatutako partidak.

Entrenamenduak areriorekin egiten dituzte. «Zure mailako taldeak izan behar dira», azaldu du Casanovasek. Skype edo bestelako komunikazio plataformen bidez adosten dituzte entrenamendu horiek, eta partiden aurretik izaten dira. Bakarkako entrenamenduak ere badaude. «Bakoitzak ranking bat daukagu, eta horren araberako arerioak dira».

Entrenamendu horietan, taldearen batasuna eta estrategiak lantzen dituzte. Futbolaren kasuan, jokalari bakoitzak aukera du, adibidez, partidaren arabera bere jokalariaren ezaugarriak aldatzeko: altuera, abiadura, energia, erremateak egiteko gaitasuna... «Nire kasuan, erdilari gisa jokatzen dut, ezker hegalean. Taldeko Mikel Oiartzabal naiz, eta horregatik nahiago ditut abiadura eta energia. Baina arerioak dituen jokalarien arabera, tarteka ezaugarri horiek aldatzen ditut».

Horrekin batera, eta bakarka, zehaztasuna, erreflexuak, arreta eta eskumuturren nahiz behatzen azkartasuna lantzen dituzte. Baina hirurak ados daude: entrenatzen hobetu daiteke, baina berezko dohain batzuk izatea ere beharrezkoa da. «Horiek laguntzen dizute botoiari noiz eman behar diozun asmatzen, psikologikoki indartsua izaten...», esan du Senperrek.

Entrenamenduak eta partidak grabatu egiten dituzte, ondoren ikusi eta aztertzeko. «Hor argi eta garbi ikusten da zertan asmatu dugun, eta zertan ez. Gainera, arerioen lana ere aztertzen da, hurrengo partidetan haien aurka nola jokatu erabakitzeko». Horiek ikusten eta aztertzen ere orduak ematen dituzte egunero.

Prestakuntza fisikoa garrantzi gabekoa dela uste dute askok, eserita jokatzen dutelako. Baina errealitatea bestelakoa dela gogorarazi du Casanovasek. «Nik, adibidez, denbora bat eman nuen Alemanian lehiatzen. Hasieran dardarka, buruko minarekin eta izerdi patsetan amaitzen nituen partidak, intentsitate eta arreta handia eskatzen dutelako. Gimnasiora joanda, fisikoki hobeto nago, eta horrek laguntzen dit partidei hobeto heltzen». Senper ere joaten da gimnasiora.

Kirol elektronikoa, olinpiar

Psikologikoki ere lan handia egin behar dute. «Hainbeste ordu pantailaren aurrean egotea nekagarria da, eta, gainera, mentalki oso adi egon behar duzu», azaldu du Casanovasek. Badira yoga egiten duten jokalariak, baita lasaitzeko sesioak egiten dituztenak ere. Baina Casanovasek badu bestelako botika bat: «Ni SPAra joanda lasaitzen naiz, edo eta lagunekin zerbait hartzera aterata edo afaltzera joanda. Azken batean, gakoa pantailatik aldentzea da. Nik izan ditut garaiak pantaila bakarrik nuela buruan». Senperrek ere gustuko du pantailatik aldentzea.

Asko hitz egiten da kirol elektronikoak Olinpiar Jokoetan egoteko aukeraz. Nazioarteko Olinpiar Batzordeari maiz galdetuko zaio horren inguruan, eta Kirol Elektronikoen Nazioarteko Elkartea ere aukera hori aztertzen ari da. Gaiaz hitz egiten azkenetarikoa Los Angeles 2024 hautagaitzako buru Casey Wasserman izan da. «Badakigu garrantzi handia hartzen ari direla joko horiek, baita Olinpiar Jokoetara jende asko erakarriko lukeela ere». Hiru jokalariek onartu dute polita litzatekeela. Baina uzkur mintzatu dira. «Oraindik urrats gehiago egin behar dira sektorearen profesionalizazioan», esan du Serranok. Senperren aburuz, egokiagoa litzateke propio kirol elektronikoen Olinpiar Joko batzuk antolatzea.

Oraingoz, profesional izatearekin egingo du amets: «Gustatuko litzaidake honetaz bizitzea, edo behintzat bideo jokoen sektoretik. Izan ere, aukera asko ematen ditu, eta asko gozatzen dut». Baina hankak lurrean ditu. «Ezin duzu burua galdu bideo jokoengatik, horrekin itsutu, gora iristeko lan handia egin behar baita. Ikasketei ere gogor heltzen diet». Gainera, balioa eman nahi izan die bideo jokoetan aritzeak ekarri dizkion aukerei eta gaitasunei: adibidez, arreta, diziplina, esfortzua... Lagun asko egiteko ere balio izan dio.

Bat datoz horrekin Serrano eta Casanovas, eta gogorarazi dute goi mailako jokalari baten ibilbidea laburra dela. «Arreta eta presio mentala handiak dira, eta ezin diozu urte askotan horri eutsi», esan du Casanovasek. Etorkizunean ere mundu horretan jarraitu nahi dute entrenatzaile edo zuzendari gisa. Ogibide bihurtu den zaletasunarekin jarraitu nahi dute, azken batean.

Publizitatea

Sortu kontua
Ainara Arratibel Gascon Ainara Arratibel Gascon

Publizitatea