Albistea entzun

Umeei ebatsitako jolas eremua

Kalea izan da umeen jolas gune handiena eta naturalena. Pixkanaka, ordea, kendu egin zaie jolastoki hori. Egun, kasu askotan, parkeetara mugatzen da, eta horiek ere ez daude haien beharren eta nahien arabera eraikita.
Egun, parkeak dira kalean umeek dituzten gune bakanetakoak.
Egun, parkeak dira kalean umeek dituzten gune bakanetakoak. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ainara Arratibel Gascon -

2015eko azaroak 28

Garai batean ohikoa zen herri eta hirietako kaleak jolasean ari ziren neska-mutikoz beteta ikustea. Irudi hori, ordea, gutxiago ikusten da gaur egun. Autoek hartu dute haien lekua, eta umeek aspalditik zuten jolastoki erraldoi, bizi eta naturala galduz joan dira. Gurasoen artean eragin nabaria izan du hirien inguruan zabaldu den segurtasunik ezaren usteak, eta gutxiago uzten diete umeei beren kabuz kalean jolasean. Parkeetara mugatu da kasu askotan umean kaleko jolasa, eta horiek ere ez dira haien ikuspegitik egin. Hori ikusirik, kaleko jolas libreak umeen garapenean eta heziketan duen garrantziaz ohartarazi, eta kaleak umeentzako berreskuratzeko beharra aldarrikatu dute aditu askok.

Umeentzako hiriak «erabat» galdu direla azaldu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle Alfredo Hoyuelosek, eta batez ere hiriak antolatzeko eta eraikitzeko eredu berriei egotzi die errua. «Autoentzako eta gizonezko langileentzat daude antolatuta». Bat dator horrekin Koldo Telleria arkitektoa, eta ideia horretan sakondu du. «Hiriak produkzio ikuspegi batekin pentsatu dira, eta ez zaintza ikuspegi batetik. Erabaki horrekin badira bereziki kaltetuak izan diren kolektiboak, tartean, haurrak. Eta bitxia da, kolektibo horiek baitira kaleko espazio publikoak gehien erabiltzen dituztenak. Pertsonak erabakien erdigunean jarri izan balituzte, ziur beste hiri eta herri batzuk aterako liratekeela». Gainera, nabarmendu du hirietako eredu hori herrietara zabaldu dela. Beste kritika bat ere egin du Oier Nafarrate Txatxilipurdi elkarteko kideak. «Urte askotan umeen jolastoki izandako hainbat gunetan, adibidez, plazetan, jolasa debekatzen ari dira».

Hiriak eta herriak ziurrak ez diren irudia zabalduz joan da, eta gurasoek ideia hori barneratu dute. Hori dela eta, erreparo gehiago dituzte umeei kalean bakarrik eta libre jolasten eta ibiltzen uzteko. «Kontraesanezkoa da, hainbat herri eta hiritan egin diren ikerketek erakutsi baitute umeak kalean egonda, hiriak ziurragoak direla, eta justu kontrakoa egiten ari gara, umeak kaleetatik kentzen», esan du Hoyuelosek. Umeak hirietan gutxiago ikusteko beste arrazoi bat ere aipatu du Iñaki Larrea Huheziko irakasleak. «Garai batean, gurasoak joaten ziren eskolara umeen bila, eta gero kalean geratzen ziren jolasten. Gaur egun, eskolaz kanpoko jardueratara apuntatzen dituzte, adibidez».

Hala, gero eta ume gutxiago dabil kalean jolasten, eta dituzten eremuak ia parkeetara mugatu dituzte. «Umeak ulertu dira kasik zuhaitzak balira bezala. Espazio txiki bat uzten zaie, eta, gainera, mugatua, errealitatetik oso urrun. Ez da ulertzen umea herrian edo hirian libre ibil daitekeenik», esan du Telleriak.

Parkeekin, gainera, kritiko dira laurak, eta Nafarratek eta Hoyuelosek Francesco Tonnucci psikopedagogoak parkeak deskribatzeko erabiltzen zuen konparazio bat ekarri dute gogora. «Parkeak hamsterren kaiolen parekoak direla esaten du Tonuccik». Hala, espazio mugatuak direla berretsi du Nafarratek. «Parkeak egiteko modua bat dator umeenganako kontrol eta gehiegizko babes horrekin. Adibide garbiena, gurasoek umeak beha ditzaten jartzen dituzten besaulkiak dira». Beste adibide bat jarri du Larreak. «Lurra gomazkoa jartzen dute, kolperik ez hartzeko. Errealitate babestu bat da hori. Umeak erortzen ikasi behar du, eta horretarako arriskua dagoela jabetu». Bat dator horrekin Hoyuelos. «Garai batean gu erori egiten ginen, belaunak zauriz beteak genituen, eta ez zen ezer pasatzen». Bestalde, parkeetan dauden altzarien zurruntasuna salatu du Larreak. «Umeei ez diete beren irudimena lantzen uzten».

Egin diren parkeen tamainari erreparatu dio Telleriak: «Egitura handiak dira. Baina beharko lirateke parke txiki gehiago. Aditu askok esan izan dute etxe guztietatik gehienez 300 metrora parke batek egon behar duela. Eremu jolasgarri txiki asko behar dira, sarean ulertuta». Sare kontzeptuarekin ados dago Nafarrate, eta, gainontzekoek bezala, parkeetan elementu naturalen falta ikusten du: «Harea, harriak, hostoak... Umeak bizipenak izan behar ditu, zikindu». Laurek argi dute parkeak egiteko orduan ez direla umeen iritziak kontuan hartu.

Indarra hartzen ari diren jolas guneak, gainera, ez daude kalean. Ludotekak eta txiki parkeak dira horiek. «Leku itxiak dira, kalearekin harremanik ez dutenak. Gainera, indarrean dagoen eredu kapitalistaren isla dira. Bultzatzen dituzten gizarte harremanak kapitalean oinarrituta daude. Izan ere, txiki parkeak edo espazio horietara joateko dirua behar da», esan du Telleriak. Alde horretatik, espazio publiko eta pribatuen arteko muturreko banaketa gainditu, eta erdibidekoak diren espazioak berreskuratzea galdegin du. «Adibidez, etxeetako atariak, edo kalera irekita dauden garajeak».

Kalea berreskuratzea gako

Baina erdibideko espazioetatik harago, lehentasuna kalea berreskuratzea izan behar duela berretsi dute. Izan ere, asko dira kalean jolasteak dituen onurak. «Jolasteko eta ikasteko eremua izan da beti kalea. Testuinguru errealean, ikasitako gauza praktikan jartzeko aukera ematen du, modu natural eta ludikoan. Kalean daude matematikak, hizkuntzak... Ikuspegi akademikotik oinarrizkoak diren gauza asko eta asko», esan du Larreak. Harreman eta bizipen aldetik, kalean jolasteak umeari «onura asko» ekartzen dizkiola gogorarazi du. «Espazio irekietan jolastea oso lagungarri da, adibidez, arretarako. Onurak erabatekoak dira, eta pertsona moduan hazteko bide horretan funtsezkoa da».

Iritzi berekoa da Hoyuelos. Horri lotuta, jolasa zer den gogorarazi du, eta, horretarako, Françoise Dolto piskoanalistak emandako definizioa izan du hizpide. «Jolasa askatasunez arriskatzeko plazera zela esaten zuen. Badira onargarriak diren arrisku batzuk, eta horiek beharrezkoak dira umeek ikasi eta beren burua hobeto ezagut dezaten. Hiriek modu naturalean ematen diete horretarako aukera: salto eginez, lekuetara igoz... Azken batean, kaleak badu sentsorialtasun eta oreografia bat, horretarako aukera ematen duenak. Kalean ibiltzeak eta jolasteak umeari «autonomia, askatasuna eta iniziatiba» emango dizkio azken batean. «Umearen ongizaterako funtsezkoa diren hiru gaitasun dira», esan du Hoyuelosek. Kaleko jolasak libreagoak, ez horren lehiakorrak eta irudimentsuagoak direla gogorarazi dute, horiek berreskuratzeren alde egin dute.

Jolasaren garrantzia goraipatu du Nafarratek ere. «Umeak mundua ulertzeko duen tresna da: autonomia garatzeko, komunikatzeko, sentimenduen kudeaketarako, psikomotrizitatea lantzeko... Azken batean, autoestimuan laguntzen du, sozializazioan, umearen garapen osoan. Haurraren ongizaterako funtsezkoa da. Gainera, kaleko jolasa konplexuagoa, irudimentsuagoa, ludikoagoa da. Izan ere, mugatuta ez egonda, umeak bere jolasak sor ditzake, edo eskura dituenak askeagoak dira».

Egoera aldatzeko pixkanaka urratsak egin direla azaldu du Telleriak. «Adibidez, bidegorri gehiago ezartzeak, autoen abiadura hiriguneetan orduko 30 kilometrora mugatzea, eta abarrek, kalea berreskuratzen lagundu dezakete».

Baina hortik harago joan behar dela uste dute. Batetik, funtsezkoa ikusten dute gurasoek dituzten beldurrak gainditzea. «Horiek gainditzeko, pedagogia handia egin behar da. Izan ere, beldur horiek geure buruak sortutakoak dira. Behar baino garrantzi handiagoa ematen diegu beldur horiei, eta mediatikoki indartu egin dira», esan du Nafarratek.

Horiek bazterrean utzi, eta gurasoei umeengan konfiantza izateko eskatu diete, eta, batez ere, kalean ibiltzen irakasteko. «Ez zaizkie erakusten hiriaren arazoak, mugak eta arriskuak ulertarazten, baizik eta gehiegizko babesa ematen zaie. Eta babes hori errealitatetik urrun dago. Hori ikaragarrizko muga da umeen heziketan, garapenean, heldutasunean, ezetzaz betetako mundu batean hezten ditugu. Dena da arriskua, segurtasunik eza. Dena egin behar dute eskutik helduta, eta, askatzen ditugunean, nahi dutena egiten uzten diegu. Mutur batetik bestera goaz», esan du Telleriak. Hori lehen ez zela horrela gogorarazi du Larreak. «Pixkanaka erakusten ziguten kalean aske ibiltzen. Gogoan dut nola uzten ziguten bakarrik ogiaren bila joaten, edo enkarguak egitera. Bakarrik mugitzeko aukera ematen ziguten. Gaur egun, ez zaizkie halako ardurak ematen, eta gehiegizko babeserako joera dute gurasoek».

Larreak ez du uste, gainera, kalean horrenbesteko arriskurik dagoenik. «Albistegiak ikusita, kontrakoa dirudi, baina niri ez zait hainbesterako iruditzen. Neurri jakin gutxi batzuk hartuta, haurrak autonomiaz eta segurtasunez ibil daitezke kalean. Babes horretan, oreka batek egon behar du. Iritsiko baita eguna umeak babesik gabe ibili beharko duena, eta hori ez da ikasten egun batetik bestera ikasten». Gainera, umeari horretan irakasten bazaio, horretarako interesa bere kabuz sortuko zaiola argitu dio Larreak. «Haurraren joera naturala izango da hori, ingurua jolastuz eta bizipenez deskubritzekoa».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gizon bat arrain kontserbei begira, Bermeoko arrain azokako postuetako batean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Itsasoa berriro erakusmahaietan

Amaia Igartua Aristondo

Bermeoko arrain azoka aurrez aurre antolatu dute ostera ere, bi urtez online egin ondoren. Jende andana batu da Lamara inguruan, eta, erosketak ez ezik, ilusioa ere izan da nabarmen.
Mantangorri, sortzaileekin solasean

Pinporten atzeko ezkutuko lana

Ane Insausti Barandiaran

1000. zenbakia argitaratuko du gaur zortzi 'Mantangorri'-k, BERRIAren haurrentzako gehigarriak, eta festa batekin ospatuko dute, Txillida Lekun. Bertako langile izandakoek eta gaur egun bertan dabiltzanek, atzera begira jarrita, maitasunez hitz egiten dute egunkariko «kuttunaz».
 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...