Antzerkiaren hamaika aurpegi

Gaur hasiko da BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Jaialdia, eta azaroaren 2ra arte iraungo du.

Metrokoadroka konpainiak bertan estreinatuko du 'Salto' pieza, bihar
Javi Barandiaran aktorea, Metrokoadroka konpainiarekin sortu duen <em>Salto</em> izeneko emanaldian, maniki buruekin hizketan.
Javi Barandiaran aktorea, Metrokoadroka konpainiarekin sortu duen Salto izeneko emanaldian, maniki buruekin hizketan. METROKOADROKA

Iñigo Astiz -

2014ko urriak 22

Gela itxi batean sei maniki bururekin mintzo da Salto antzezlaneko protagonista. Obsesio bat darabil buruan: salto egitea. «Salto egiteak ezberdintzen nau hildakoetatik». Hori da Metrokoadroka konpainiaren lan berriaren abiapuntua. «Erabat harrapatuta dagoen pertsonaia bat da antzezlanaren ageriko hari nagusia», azaldu du Oier Guillan idazleak, «baina bada ezkutuago doan beste hari bat ere, pertsonaiaren azpian testuarekin borrokan igarri dezakegun aktorearena». Javi Barandiaran da aktore hori. Harentzat sortu du testua Guillanek, eta hura bakarrik izango da oholtzan ordubetez. Gaur hasi eta azaroaren 2an amaituko den BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Jaialdian estreinatuko dute pieza; bihar zehazki, La Merced ikastetxean, 21:00etan. Pippo Delbono antzerkigile italiarra eta Jerome Bel koreografoa ere izango dira, besteak beste, jaialdian.

«Estetikoki eta bisualki piezak badu poesiarik; ez da antzerki naturalista klasiko bat». Metrokoadroka-k sortu du Salto pieza, baina Paco Revueltas aritu da zuzendari lanetan, eta Idoia Beratarbidek sortu ditu atrezzoa eta jantziak. «Guk erabiltzen ditugun testuak ez dira izaten inoiz narratiboegiak; nahiko hautsiak eta poetikoak izaten dira». Oraingoa erronka handia izan dela onartu du Guillanek. «Aurrez ere eginak zituen bakarrizketak Javik JB Pedradas ezizenarekin, erdaraz, baina proba egin nahi zuen beste era bateko obra bat bakarrik eta euskaraz egiteko, horretarako esfortzu berezia eginda». Baten umore absurdoa eta bestearen poetika uztartuz osatu dute pieza, azkenean. Haiena izango da BADen egitarauan emango den euskaraz sortutako pieza bakarra.

Kanpo eta barru: biak hartu nahi izan dituzte kontuan. Racconti di Giugno bakarkako saioa aurkezten arituko da, esaterako, Pippo Delbono antzerkigile italiarra Bilboko Guggenheim atarian hurrengo asteko asteartean, eta Bel koreografoak Merce Cunningham dantzariaren konpainiako kide izan zen Cedric Adrieux dantzariarentzat sortutako pieza aurkeztuko du La Merceden larunbatean. Jaialdiko bi erreferentzia nagusiak izango dira Delbono eta Bel, baina Lagartijas Tiradas al Sol Mexikoko konpainia ere nabarmendu dute antolatzaileek. Montserrat lana aurkeztuko dute La Fundicionen. Horiez gain, Xavier Bobes antzerkigilearen konpainiaren eta Macarena Recuerdaren lanak ere izango dira egitarauan.

Wolofera eta euskara

Euskal Herriko konpainiek ere pisua izango dute jaialdian. Kasik erdi eta erdi egin dute maparekin antolatzaileek, eta hemengo bederatzi talde izango dira: tartean, Metrokoadroka, Olatz de Andres, Ruemaniak konpainia, Horman Poster eta Khea Ziater. Gazteleraz izango dira saio gehienak, halere. Horman Posterrek euskara, gaztelera, frantsesa, ingelesa eta wolofera nahasiko ditu Magia sinpatikoa emanaldian. «Gaiak aukera ematen zigun hizkuntza jolas hori proposatzeko», dio Matxalen de Pedro taldeko kideak. Etzi estreinatuko dute lana, La Merceden.

Kultur arteko elkarrizketa bat dago lanaren abiapuntuan, eta horregatik hizkuntza jolasa. Mbaye Sene dantzari senegaldarrarekin batera sortu dute Horman Poster konpainiakoek antzezlana, eta postkolonialismoa, migrazioa, antzekotasuna eta ezberdintasuna ditu ardatz. Hiru pertsonaia taula gainean: gorila maskara duen neska bat, xaman bat eta komedia italiarreko pertsonaia klasiko bat, Pierrot bat. «Dramaturgia ez da oso konbentzionala».

Kaletik antzokira egingo du lehen urratsa jaialdiak. Zirku emanaldi batekin hasiko da dena, gaur, Arriaga plazan, eta estreinaldia dator gero antzokian: Cuarteto del alba pieza. Jaialdiak ekoitzi du lana Laurentzi ekoizpen etxearekin, Carlos Gilen testuarekin eta Lander Iglesiasen zuzendaritzapean. Ez da jaialdiak ekoitzitako lan bakarra: beste lau pieza ere ekoitzi dituzte. Jaialdiak bultzatu ditu Olatz de Andres dantzariak beste hamahiru dantzarirekin batera sortutako El cielo ahora pieza, Claudia Dias artista portugaldarraren Algo valioso se agota eta Seleepwalk Collective taldearen Domestica eta Marco Canale antzerkigile italiarraren El futuro empezó ayer lana ere. Lan horrek itxiko du egitaraua.

Emanaldiez gain, tailerrak eta mahai inguruak ere izango dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

«Hau deserosotasun baten kronika da»

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Barruan sentitzen zuen ekaitza aztertzeari ekin, eta 'Galerna'-z erditu da artista. Bere identitateari eta gizarteari buruz galdezka hasi, eta hamaika galdera berri sortu zaizkio. Tabakaleran ditu ikusgai; liburuan ere eman ditu. Erantzun bila segitzen du.
Mary Shelley idazlea, John Opie artistak ondutako erretratuan. ©BERRIA

Azken gizakia gizakiaren azkenean

Joannes Jauregi

Otsailean 170 urte izango dira Mary Shelley hil zela. 'Frankenstein' du lanik ezagunena, baina, 2021 honetan, merezi du haren beste lan bati ere erreparatzea, lotura garbia baitu 2020tik mundua hartua daukan pandemiarekin.
Weezer izan zen Bilbao BBK Live jaialdiko kartelburua 2019an. Irudian, kontzertu hartako une bat. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

Teknologia zaharren rocka

Itziar Ugarte Irizar

Maiatzerako iragarria zuen 'Van Weezer' lanaz gain, Weezer-ek beste disko bat iragarri du asteon: 'Ok Human', pianoan oinarritutako eta tonu orkestralez ondutako hamabi kantukoa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.