Sagarrondoa bezala...

Jose Migel Barandiarani omenaldi instituzionala egingo diote bere heriotzaren 25. urtemugan. Haren figura oroitu dute azken asteetan, hainbat egitasmoren bidez
Jose Migel Barandiaran arkeologo, etnologo eta apaiza (1889-1991).
Jose Migel Barandiaran arkeologo, etnologo eta apaiza (1889-1991). BERRIA

Gorka Erostarbe -

2016ko abenduak 21
...bizi-jakintzaz betea eta nortasunez apala.

Hamalau urteak beteak zituela joan zen Gasteizko seminariora azterketa egitera. Ez zuen azterketa gainditzerik espero, berak kontatzen zuenez, baina bi ikasturte urte bakarrean gainditu zituen bakarra izan zen. Bere bizitzako «une pozgarrienetakoa» zela gogoratzen zuen. «Harrotuta eta etxafuegoak boteaz» itzuli omen zen etxera. Amak, semea hain pozik ikusirik, hauxe esan zion, atarira aterata sagarren zamarekin lurreraino okertuta zeuden sagarrondoak erakutsiz: «Sagarrondo honek lezio ederra ematen digu. Zenbat eta sagar gehiago eman, orduan eta apalagoak dira». Amaren esaldi hori gogoan eraman zuen bizitza osoan.

Gaur bete dira 25 urte Jose Migel Barandiaran hil zela (Ataun, Gipuzkoa, 1889ko abenduaren 31 - 1991ko abenduaren 21a). Sagarrondoak bezala, jakintzaz betea eta izaeraz apala gogoratzen dute gehienek arkeologo, etnografo eta apaiza. Haren jaioterrian kokaturik dago Barandiaran Museoa. Urtemuga dela-eta «omenaldi txiki» bat egin nahi izan diote azken asteetan. «Ondo dakigu, bere apaltasunean, ez lukeela nahiko omenaldi handirik». Ainhoa Diez de Salazar da museoko arduraduna, eta oroitzapen ekimen garrantzitsuena amak Barandiarani emandako irakaspenetik atera dutela dio: «Azaroan sagarrondo bat sartu genuen Museoan, eta eskoletatik zetozen haurrei eskatzen genien paperez egindako sagar batean jar zezatela Barandiaranekin lotutako esaldi bat; halaxe bete zuten sagarrondoa». 2010ean zabaldu zituen ateak Barandiaran Museoak. «Urtetik urtera jende gehiago hurbiltzen da», Diez de Salazarrek nabarmendu duenez. «Saiatzen gara Barandiaranen figura bizirik mantendu eta errebindikatzen. Gurera datozen haurrek pare bat ideia izaten dituzte bere inguruan. Gure asmoa da, hemendik irtetean zerbait gehiago jakin dezatela hari buruz».

Barandiaranen figura errebindikatzeko eta haren ondareari gaurkotasuna eransteko hainbat hitzaldi antolatu ditu urriaz geroztik Barandiaran Fundazioak. Euskal Herriko bost hiriburutan eman dituzte hitzaldiok beste horrenbeste adituk, eta gaur, urtemugaren data zehatzean itxiko dituzte omenaldi ekitaldiak, Ataungo Sara Etxean (1936ko gerratik ihesi Lapurdiko Sara herrian babestu zen, eta handik itzultzean izen horixe jarri zion bere jaiotetxe eta bizitokiari). 13:00etan emango diote hasiera ekitaldiari, eta besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak, Asier Rodriguez Ataungo alkateak eta Josemari Velez de Mendizabal Barandiaran Fundazioko presidenteak hartuko dute hitza.

Europarra eta modernoa

Hizlarien artean izango da Argitxu Camus historialari eta Euskararen Erakunde Publikoko kidea ere. 25. urteurrenaren harira eginiko mahai-inguruetako hizlarietako bat izan zen, hain zuzen ere, eta hitzaldietan esanikoak «laburbiltzen» saiatuko da. «Bere balioak nabarmenduko ditut; pertsona biziki langilea eta nekaezina izan zela. Hil artean lanean jarraitu zuen. Kobazuloetara joaten zen, ikertu egiten zuen, idatzi egiten zuen. Oztopo asko izan zituen, 17 urteko erbesteratzea, adibidez. Baina erbestean ere ekimen kultural eta zientifikoetan segitu zuen lanean». Eta ez hori bakarrik, erbestetik itzultzean albora lagatako lanei ekin zien berriro, «batere haririk galdu gabe».

Lan hari horrek lotura handia zuen Europarekiko harremanarekin eta ikuspegi moderno batekin, Camusen iritzian: «Europar konbentzitua zen. Bere kabuz ikasi zituen ingelesa eta alemanera, adibidez. Euskal gizartea hobeto ulertzeko Europara bidaiatu behar zuela bazekien. Europako espezialistengana jotzen zuen, behar zituen tresnak biltzera, gero ikerketa metodo bat garatzeko. Bera ireki zen Europako zientziara, baina azkenean berak ere ekarpena egin zion. Txalotu egin zuten orduko adituek ere».

«Obra ikaragarria» utzi zuen Barandiaranek: «horri esker euskal gizarte tradizionalaren ezagutza izugarri on bat dugu». Ekarpen bat nabarmentzen hasita, arrazaren kontzeptuari emandako itzuria nabarmenduko luke Camusek: «XX. mende hasieran Europatik bazetozen arrazaren inguruko teoriak, eta berak desplazatu egin zuen auzia euskal arrazatik euskal etniara. Odolaren ezaugarrietan zentratu beharrean, talde etnikoaren ezaugarriak bilatzen zituen, kolektibitate horren alde kulturala, alegia».

Sagarrondoa bezala, betez eta apaldu joan zen zendu artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna