Albistea entzun

Komunikazioa. Irlen sarea

Azpiegituren ordua

Gorka Julio -

2014ko apirilak 17

Internet eta komunikazioari buruz hitz egitean askotan agertzen da azpiegituren kontua, baina bada garaia nazio ikuspuntutik ere horiek pentsatzen hasteko. Hori diot, bakoitzak bere begiradatik egin beharko baitu irakurketa. Autonomia, askatasuna, independentzia. Ikuspuntua edozein dela ere, azpiegitura propioen beharra hor dago.

Arlo batean, behintzat, lortu dugu jada Interneteko gure txokoa. Puntueus elkartearen bultzada eta denon laguntzarekin .eus domeinuak errealitate izango dira sarean. Orain, lortu den hori erabiltzeko ordua iritsi da. Horrek zera esan nahi du, domeinuak erosi eta erabili beharko ditugula hemendik aurrera. Pauso garrantzitsua, baina adi! Errealitate egin behar dugu oraindik.

Izenei baino gehiago azpiegitura fisikoari ere erreparatzeko ordua iritsi da. Enpresa ikuspuntu batetik, Euskaltelen gisako saiakerak egon izan dira. Ikuspegi horrek fruituak eman ditu, baina baita bere muga argiak erakutsi ere. Azpiegitura propio (eta publikoa?) baten oinarria izan zitekeela pentsatu zutenek ere, «putre funtsa» batzuen eskuetan amets hori nola usteltzen den ikusten ari dira orain. Langileak lana defendatzeaz gain, azpiegitura estrategiko baten lehen lerroan borrokan ere badabiltza.

Beste bide batzuk ere badaude, Guifi.net sare libre eta neutrala osatzeko proiektu ezaguna bezala. Norbanakoek batzuetan enpresen eta erakundeen laguntzaz sortutako sare neutrala osatzeko proiektu oso interesgarria. Hedapen zabala lortzeko zailtasunak zailtasun, hedatzen ari da, espero baino mantsoago bada ere.

Guifi ereduak, sare propio bat izateko proiektua izaki, muga batzuk ere baditu. Horiek saihesteko edo, badira komunikazioa zentzu zabalago batean ulertuta proiektu hau beste era batera barneratzen dutenak ere. Energian Goiener bezala, Eticom.coop-Som Connexio bezalako egitasmoek potentzial handia daukate Guifi.net eta beste proiektuak errealitate bihurtzeko.

Arlo zabalago batean, Internet eta komunikazio azpiegiturak, oro har, subiranotasun ikuspuntutik ere egin beharko lirateke, arlo akademikoan bada ere. Ez dut ezagutzen azterketarik Euskal Herria osoa komunikazio azpiegitura sare globalean zein egituraketa behar lukeen ikertu duenik. Beharbada egongo da, bestela, egin beharko dugu. Orain oporrak datozela, Stakhanovistak bezala lan egin beharko dugu horretarako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.